Erabakitzeko eskubidearen aldeko 60 sinadura bilketa egin dituzte

Gure Esku-k sustatuta, askotariko jarduerak izan dira tokian-tokian, erreferendumaren alde

Hainbat lagun manifestua sinatzen, atzo, Bilbon. Hiriko hamahiru auzotan antolatu zituzten ekintzak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ane Eslava.
2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gure Esku-k, hainbat eragile biltzen dituen Hamaika Gara mugimenduaren bitartez, estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen aldeko 60 deialdi antolatu zituen, atzoko, Euskal Herriko hainbat hiri, herri eta auzotan, Indarrak batzeko garaia da, Elkar zainduz, ekin lelopean. Sinadura bilketak egin zituzten, eta, horrekin batera, baita askotariko ekintzak ere, hala nola Hamaika Gara abestiaren dantza kolektiboak edota Altxa! ekitaldiaren emanaldiak. Antolatzaileen arabera, baliagarria izan da erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua kalera ateratzeko berriz, eta horren inguruko parte hartzea sustatzeko.

Bilbon, esaterako, hamahiru auzotan egin zituzten deialdiak, eguerdi aldera, eta balorazioa «oso positiboa» izan da, Miriam Campos Bilboko Gure Esku-ko kideak azaldu duenez; besteak beste, mugimenduari ikusgarritasuna ematea lortu dutelako: «Berreskuratu ditugu giza katea egin zen garaiko sare batzuk, eta merezi izan du kalera ateratzeak, modu horretan jendeak gehiago ikusten gaituelako: hurbiltzen da, galdetzen du, sinatzen du». Dantzaren erronkarekin «asmatu» egin dutela ere nabarmendu du, eta modu egokia izan dela gazteengana iristeko: «Gazte askok beren erronka propio gisa hartu dute, eta dantza egin den auzo gehienetan gazteek antolatu dute».

Gasteizen ere hainbat taldetan jarri ziren hiriaren erdigunean, eta «espero baino sinadura gehiago» lortu zituzten, Gotzon Berganzo Gasteizko Gure Esku-ko kideak jakinarazi duenez; arratsaldean dantza egin zuten, eta 50 bat lagun batu ziren. Berganzok ere kalera ateratzeko beharra azpimarratu du: «Garrantzitsua da presentzia izatea; jendeak ikus gaitzala».

Manifestuaren sinaduren bitartez, Euskal Herriko hiru administrazio esparrutako erakundeak «interpelatu» nahi dituzte, Berganzok azaldu duen moduan: «Helburua da haiek bultza dezatela erreferenduma, haiek dituztelako tresna egokiak hori gauzatzeko; guk aldarrikatu egiten dugu, besterik ez». Euskal Herriko lurralde guztiek erritmo berberak ez dituztela ulertuta, sinadurak Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Euskal Hirigune Elkargoan aldi ezberdinetan aurkeztea aurreikusten dute.

Pandemiak bete-betean zipriztindu du Hamaika Gara egitasmoa; izan ere, manifestua eta sinadura bilketa iazko martxoaren 11n aurkeztu zituzten, eta handik hiru egunera ezarri zuten itxialdia Hego Euskal Herrian. Prozesua azaroan jarri zuten martxan berriro, eta gutxika berraktibatzea lortzen ari direla uste dute. «Kostatu zaigu kalera ateratzea, kristoren erronka izan da, baina pentsatzen dugu lortu dugula oinarria jartzea aurrera jarraitzeko, ekinbide gehiago antolatzeko, eta burujabetzaren eta erreferendumaren aldeko bidea egiteko», adierazi du Camposek.

Uztailaren 3an, Bilbon

Atzoko jarduerak Gure Esku-k abiatu duen mobilizazio ziklokoak dira, beraz. Sinadura bilketekin eta gainerako jarduerekin «indarrak pilatzen» ari dira, eta hurrengo helburua uztailaren 3koa izango da: Bilboko itsasadar inguruan mobilizazio bat egingo dute, «kale okupazio» bat. Egitasmo «masiboa» izatea dute xede, betiere izurritearen egoerak ahalbidetzen badu. Osasun neurriak bermatuko dituztela ziurtatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.