Erabakitzeko eskubidea lege egiteko eskatu du Gure Esku-k

Plataformak konpromisoak hartzeko exijitu dio Eusko Legebiltzarrari. Eztabaida politikoa hurrengo ikasturtean abiatzea nahi du

Bakartxo Tejeria, Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun

Gure Esku-k Eusko Legebiltzarrari eskatu dio Euskal Herriaren «etorkizun politikoa erabakitzeko prozesu bat abiarazteko» urratsak egiteko, «beranduenez» 2022-2023ko ikasturtean. Hala, plataformak «dagozkion adostasunak lantzeko» deia egin die alderdiei, «erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko». EAJk adierazi du eskaera aztertuko duela, eta EH Bilduk hari uda ostean erantzuteko konpromisoa azaldu du.

Ikusi gehiago:Bideoa: Pirinioek batutako aldarria

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaileek erabakitzeko eskubidea betetzeko «konpromisoak» eskatu dizkiete legebiltzarkideei; tartean, aferaren inguruko eztabaida bat abiatzeko, udazkenean. «Herritarren parte hartzean oinarritutako» prozesu bat zehaztea litzateke helburua, horretarako beharrezko mekanismoak ezarrita; «herritarron borondatea berresteko galdeketa bat barne».

Gure Esku-ko kideek Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin bildu ostean egin dituzte adierazpenak. Aurrez, Hamaika Gara kanpainan jasotako sinadurak aurkeztu dizkiote Tejeriari berari. Bildutako 21.389 sinadurekin eta atzoko adierazpenekin gauza bera nahi du plataformak: «Erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta erabakitzera goaz». Horretarako, baina, instituzioek herritarren borondatea arautzeko pausoak ematea nahi dute, «erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta gara dezaten».

Alvarezen eta Etxabururen esanetan, «burujabetza gabeziak» ondorio larriak izan ditu Euskal Herrian, eta COVID-19ak eragindako osasun egoeraren kudeaketa da horren adibide: «Gure erakundeei herritarrok zaintzeko tresnak falta zaizkie; beharrezko neurriak hartzeko gaitasuna falta zaie». Hala, «burujabetzan sakontzeko determinazioa» eskatu dute, besteak beste Ipar Euskal Herriko ikasle eta irakasleak brebeta euskaraz egitearen alde mobilizatu diren moduan. «Euskal Elkargoak aldarrikapen hori jaso eta bideratzeko konpromisoa bere gain hartzea lortu dute», gogoratu dute.

«Uste dugu gizartea nekatuta dagoela une egokia ez dela entzuteaz. Herri honek anbizio handiagoa merezi du», adierazi dute eledunek, eta nabarmendu ordezkari politikoak hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia dela. Izan ere, Gure Esku-ko kideek azaldu dutenez, 2018an lortutako akordio politikoak erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoari erantzun arren, ordutik alderdiak herritarrengandik «urrundu» dira. «Nola liteke parlamentu honek, legealdiz legealdi, gaia atzeratzen segitzea?», galdetu dute, eta gehitu ezin dela eskubide bat «ibilbide laburreko adierazpen eta titularretara» mugatu: «Erabakitzeko eskubideak herri eztabaida serio bat merezi du».

Hala, abisu bat ere eman die erakundeei, eta nabarmendu haiek interpelatzeak ez duela esan nahi erantzunaren zain geratzea: «Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gure konpromisoa sendoa da, atzeraezina, eta ez dugu onartuko ez blokeorik, ez gehiengoaren borondatearen betorik, ez delako demokratikoa». Kontrara, Gure Esku-ko eledunek azaldu dute parlamentuetatik kanpo ere bidea egin daitekeela.

Eledunek gogoratu dute uztailaren 2an Pirinioetako 400 tontor piztuko dituztela, «burujabetza nahiak» bultzatuta, eta egitasmoan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Hiru helburu ditu, antolatzaileen esanetan: nazioartearen arreta bereganatzea, euskal herritarren eta katalanen arteko elkartasuna islatzea, eta «herri gogoa berpiztea».

Aztertu eta sakondu

EAJk Gure Esku-ren egitasmoa «aztertzeko» konpromisoa adierazi du, eta mugimenduko ordezkariek Eusko Legebiltzarreko «mahaiak zehazten duen legebiltzarreko batzordean» agerraldi bat egitea eskatuko du, «dagokion balorazio politikoa egin ahal izateko eta sortu daitezkeen egitasmoak aztertzeko».

EH Bilduk, berriz, mahaiari eskatu dio «herritarren borondatea» kontuan hartzeko. Koalizioak irailetik aurrera eskakizunari erantzuteko «konpromisoa» ere hartu du: «Gure Esku-k egindako ahaleginari zor diogun erantzunagatik eta herritarren borondateari diogun errespetuaz arituko gara». Koalizio subiranistak uztailaren 2ko mobilizazioa ere babestu du, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei: «Herri honek duen erabakitzeko eskubide demokratikoaren aldeko aldarria ozen entzun dadin».

Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, adierazi du «herritarren egitasmo guztiak izapidetzearen alde» dagoela, «giza eskubideen errespetua muga bakarra izanik». Beraz, Gure Esku-ren egitasmoari bide emateko prest agertu da: «Elkarrekin Podemos-IUk jarrera berbera du oraindik ere, zuzenean eragiten dieten gai guztien inguruan jendearen erabakitzeko eskubidea babestearena, alegia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.