Erabakitzeko eskubidea «instituzionalizatzeko» eskatu du Mendozak Batzar Nagusietan

Gipuzkoako ahaldun nagusiak politika orokorrari buruzko eztabaidan aletu ditu gobernuaren proposamenak, eta esan du aurrekontuetan akordioa egin arte ez duela «deskantsurik hartuko».

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Batzar Nagusietan, gaur, politika orokorrari buruzko eztabaidan. GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Batzar Nagusietan, gaur, politika orokorrari buruzko eztabaidan. GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK
gurutze izagirre intxauspe
2024ko irailaren 18a
13:30
Entzun

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, «estatu egiturak eduki behar ditugu» eta erabakitzeko eskubidea «instituzionalizatu». Etorkizun hobe bat eraikitzeko «ezinbesteko tresna» gisa definitu du. «Demokrazian sinesten badugu, herritarrek erabakitzeko gaitasuna eduki behar dute». Gernikako Estatutua berritzeko abagunea horretarako baliatzeko eskatu du, «autogobernuan hazteak esan nahi duelako ongizatean haztea». Jose Inazio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak eta Jasangarritasun diputatuak erantzun du ez dela hori gobernu akordioan ageri, eta adierazpen horiek EAJko kide gisa esan dituela.

Mendozak politika orokorreko bere lehen agerraldia egin du Batzar Nagusietan, eta, azken urteak emandakoa aletzeaz gain, datozen erronkei aurre egiteko proposamen batzuen berri eman du. «Autogobernu handiagoa» eskatu du garapen ekonomiko, politiko, sozial eta kultural handiago baterako. Erakundeak eta gizarte zibila elkarlanera deitu ditu horretarako.

Gipuzkoako gobernuaren egitasmoei erreparatuta, berriz, esan du zerga erreforma eta aurrekontuak onartu arte ez duela «deskantsurik hartuko». Iazko aurrekontuak luzatu behar izan zituen, babes faltagatik, EAJren eta PSEren botoekin ez baitzen aski aurrekontuak ateratzeko. Udazkenean onartu nahi lituzke, eta «eskua luzatu» dio oposizioari.

Gainerakoan, Gipuzkoaren argazki jakin bat egin du. Gizarte gaiei lotuta, gizarte kohesioaren garrantzia azpimarratu du, «populismoetatik aldentzeko». Adierazi duenez, 42.200 pertsona pobre bizi dira, langabezia tasa %5,6koa den arren. Eta jakinarazi du enpresetan 8.500 lanpostu betetzeko zailtasunak izango dituztela.

Gipuzkoako herritarren ongizate integrala babesteko plan estrategiko baten berri eman du, 113 ekintzaz hornitua. Besteak beste, buru osasunarekin eta zaintzarekin lotuta egongo dira horietako batzuk, baina ez du zehaztapen gehiagorik eman. Ongizate integral hori horrela definitu du: «Kalitatezko lanpostu bat, etxebizitza duin bat, zaintza eta gizarte babesa, komunitate bateko kide sentitzea, berdintasunez bizitzea, ingurune berde eta jasangarriaz gozatzeko aukera izatea, elikadura osasuntsua, bizitza orekatu eta osasungarria, ongizate mentala eta emozionala». Datozen hamar-hamabost urteei begira, ongizate integral horren bidean, lau ardatzetan aletu du lan ildoa: ongizatea eta zaintza, ekonomia, jasangarritasuna eta demokrazia.

1.500 leku gehiago

Esan du 31.000 pertsona daudela gaur egun Gipuzkoako Diputazioaren gizarte politiken babespean, eta 784 haur tutoretzapean. Azaldu duenez, zaintza ereduari lotuta, arreta pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotuagoa eskaintzen hasiak dira. Eta aurrera begira, 2024-2030 aldirako beste 1.500 leku gehiago sortzea aurreikusten dute, «etorkizunean ere pertsona guztiak zaintzen jarraitzeko».

Honako datu hau ere eman du. Gipuzkoan bizi diren hamarretik bat atzerrian jaioa da, eta jaiotzen diren hiru umetatik batek ama atzerrian jaioa du. «Gure herria nola aldatzen ari den erakusten digute datuok». Gipuzkoa ongizate maila handia duen lurralde gisa definitu du, eta gizartearen eginbehartzat jo du atzerritarrak «babestea eta integratzea», korronte xenofoboetatik urrunduz.

Gogoan izan du Bilbon izan den azken hilketa matxista. Indarkeria matxista ere izan du hizpide. Segurtasun Sailaren arabera, Gipuzkoan, 2.100 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa. Zaintza departamentuan, 1.300 emakumeri eman zaie laguntza psikologikoa azken urtean Gipuzkoan. Kezkagarritzat jo du datua, eta jakinarazi du emakumeei 24 orduko arreta eskainiko dien hiru gune izango direla Gipuzkoan.

Datu ekonomikoei erreparatuta ere, balorazio ona egin du. Eta erronka gisa aipatu du kalitatezko enplegua sustatzea eta enpresa lehiakorrak indartzea nahiko luketela. Mubil proiektua nabarmendu du, mugikortasun eredu berriari lotuta Europan «parekorik ez duen» proiektu gisa. Mugikortasunari dagokionez, ezagutza aurreratua sustatu eta prototipoak testatuko dituzte, eta 600-700 lanpostu sortzea aurreikusten dute. Medikuntzaren ikerkuntzarekin eta zibersegurtasun industrialarekin lotutako enpresen sustapena ere agindu du atal honetan. Guztira, 3.000 lanpostu sortuko direla aurreikusi du.

AHTa Ezkiotik

AHTari buruz ere hitz egin du, lotura Ezkiotik defendatzeko. «Lotura hau 20 kilometro motzagoa da; lehiakorragoa da, hogei minutu gutxiago behar direlako iristeko; eta deskarbonizazioan lagunduko du, auto gehiago errepidetik ateraz. Ingurumenaren ikuspegitik, eragina txikiagoa da. Eraikitzen gastatuko den horri erreparatzen diote batzuek. Akats ikaragarria da. Tren horretara ez igotzeak gastu ekonomiko handiagoa ekarriko luke. Herri gisako apustu estrategikoa da hurrengo 150 urteetarako. Gakoa den azpiegitura da, Mediterraneoarekin azkar eta modu jasangarrian lotuko gaituelako, baita Europarekin eta ardatz atlantikoarekin ere». Espainiako Gobernua txosten teknikoak lantzen ari da lotura Gasteiztik edo Ezkiotik egin erabakitzeko, eta Frantziak ez du aurreikusia 2040 baino lehen lotzea falta duen hegoaldeko zatia.

Hitzaldi ia osoa euskaraz egin du Mendozak, eta esan du herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko lanean segituko dutela, «administrazioa eredu izanda». Arigunen, Badalaben eta euskararen gogoetagunean lanean segituko dutela gaineratu du.

Oposizioaren txanda

13:00etatik aurrera alderdien txanda izan da, txikienetik hasita. Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko batzarkideak begi onez hartu ditu kalitatezko lanpostuak sortzeko dauden egitasmoak, baina harrigarria egin zaio etxebizitzaren auzia aipatu ere ez egin izana. «Sortuko diren lanpostu horiek oso ondo, baino non biziko dira?». Auzitan jarri du, halaber, gobernu feminista denik.  24 orduko etengabeko arreta emateko gune bakarra dagoela esan du, eta, gainera, behin-behinean dagoela zabalik. AHTa jasangarria dela esatea ere «onartezina» egin zaio: «Ez du balio merkantzientzat, ez ditu kamioiak aterako errepidetik». Mendozak erantzun dio «errealitatea desitxuratzen» ari zela, eta indarkeria matxistako biktimei 24 orduko arreta emateko egoitza behin-behinekoa dela, baina zerbitzua behin betikoa. Horren harira, gehitu du Espainiako Gobernuak soilik egoitza batentzat emango diela laguntza, baina haiek beste bi ere eraikiko dituztela.

Mikel Lezama PPko batzarkideak ez du aukera galdu gogorarazteko PPk emandako babesari esker dela Mendoza bera ahaldun nagusi; izan ere, EAJren eta PSE-EEren babesarekin, soilik 24 boz zituzten, eta, hala, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin berdinduta zeuden. PPren boz batek jarri zuen Mendozaren alde balantza. Zerga erreforma egiteko babesa agertu dio Lezamak, eta elkarlana eskaini. Mendozak eta Lezamak elkarri egotzi diote alderdiek mugatu izana akordioa.

Alberto Albistegik hartu du hitza PSE-EEren izenean, defendatzeko EAJrekin egindako akordioak «egonkortasuna» ekarri duela Gipuzkoara. Mugil, Adinberri edo Naturklima moduko egitasmoak nabarmendu ditu, eta PSEri dagokion sailaren defentsa egin du. Gipuzkoan %60 birziklatzen dela esan du, eta zaborraren kudeaketan «eredu» dela.

Maria Eugenia Arrizabalagak EAJko eledunak «gustura» entzun du Mendozaren hitzaldia, eta gipuzkoar guztien ongizate integrala babestea helburu izatea nabarmendu du.

Jokin Perona Ogasun diputatu zena gogoan izan dute hitza hartu duten denek, eta haren gogoeta bat ekarri du gogora Arrizabalagak. Kolaborazioa eta herri ikuspegia eskatu zituen, horrek lagunduko lukeelako konfiantza sortzen eta indarra emango liokeelako erronkei aurre egiteko. Kolaborazioa, errespetu instituzionala eta konfiantzak eraikitzeko garaia dela gehitu du Arrizabalagak, eta EH Bilduri mintzatu zaio, esateko elkarren arteko konfiantza eskuratzen hasteko garaia dela. Egotzi zion Nafarroan EH Bilduk akordioak egin izana PSNrekin, eta Gipuzkoan akordioa ezin egin izana.

«Herri hau nekez iritsiko zen puntu honetara autogobernurik gabe»

EIDER MENDOZAGipuzkoako ahaldun nagusia

«Estatu izan gabe, baina estatu izateko bokazioarekin iritsi gara egungo mailara», gehitu du. Mendozak hitza berriz hartu duenean ideia horri heldu dio: «Herri hau nekez iritsiko zen puntu honetara autogobernurik gabe».

«Herri gisa»

Subjektu politiko izaera aitortzea jarri du ardatzean Maddalen Iriarte EH Bilduko oposizioburuak ere bere hitzaldian. «Gure herriari subjektu politiko izatea ukatzen diotenek herri hau ukatzen dute».

Iriartek adierazi duenez, indarkeria matxistaren inguruan aldunditik proposatutako neurri paliatibo guztiak babesteaz harago, egiturazko neurriak behar dira. «Emakumeok pairatzen dugun indarkeria matxistak egiturazko aldaketak eskatzen ditu». Gogora ekarri du herri mailako itun bat proposatu zuela, eragileekin elkarlanean eginikoa, eta zera gehitu du: «Alor honetan ere fiskalitatea ez da neutroa».

Zaintza publiko, doakoa eta komunitarioa izan dadin proposatu du, zaintzaileen baldintza duinak bermatuz, «zaintza negozioa izan ez dadin».

Pobreziaren inguruan ez da bat etorri Mendozak emandako datuekin. %40 era bateko edo besteko bazterketa egoeran dagoela ondorioztatu du, eta enplegu bat izatea ez da bazterturik ez egoteko bermea, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen baitute enplegua duten batzuek ere. Kalitatezko enpleguak defendatu ditu, «industria errotu batekin eta langileen atxikimenduarekin».

Euskara eta kultura lehenestea defendatu du. Herri gisa aurrera egin nahi badugu, hizkuntzak eta kulturak jauzi bat behar dute. «Ez al da diskriminatzailea euskaraz bizitzeko hautua egin dugunon eskubideak ez babestea. Euskara kohesiorako tresna da». Herri ikuspegiz jarduteko beharra azpimarratu du. Ruper Ordorikak Abadia saria jaso zuenean aipatutako pasarte bat ekarri du gogora: «Herri kulturak laguntza antolatua behar du, kultura hegemonikoetan gertatzen den bezala». Bat egin du adierazpen horrekin.

«Akordioak edukiak izan behar ditu, eta EH Bilduk ez du azkeneko gatz ukitua izan nahi, elkarrekin egin nahi dugu bide hau, eta gure eskua luzatua dago»

MADDALEN IRIARTEEH Bilduko eleduna Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Mendozak Iriarteri egotzi dio proposamenik ez egin izana eta entzuteko prest dagoela esatea. «Entzutea ez da nahikoa; ardurak partekatuak dira». Iriartek erantzun dio aldea dagoela esaten eta egiten duenaren artean. «Nik ere hitz egiten dut eragileekin, eta esaten didate komeni zaizuena hartzen duzuela». Eta eskatu dio proposamenak nola gauzatuko dituen zehazteko.

«Akordioak edukiak izan behar ditu, eta EH Bilduk ez du azkeneko gatz ukitua izan nahi, elkarrekin egin nahi dugu bide hau, eta gure eskua luzatua dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.