Erabakitzeko eskubidea «gauzatzeko modua» jaso nahi du Gure Esku-k

Uste du «akats larria» litzatekeela estatus politiko berriak erabaki eskubidea ez arautzea. Etxaburuk eta Alvarezek agindu dute lan egingo dutela hura ezartzeko «bide eraginkorrak lortu arte»

Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Gure Esku-k uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berriak erabaki eskubidea «gauzatzeko modua» jaso beharko lukeela. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoek izendatutako bost adituk hiru testu artikulatu aurkeztu eta gero, erabaki eskubidearen aldeko dinamikak balioa eman dio eskubide horri buruzko hiru formulazio mahai gainean egoteari, baina, aldi berean, salatu du «gaitasun falta» egon dela formulazio bakar bat adosteko eta, beraz, «gizarteak eskatzen duenari» erantzuteko: «Formula eraginkor bat gure etorkizun politikoaz erabakitzeko».

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileek agerraldi bat egin zuten atzo eguerdian Donostian, estatus berriari buruzko eztabaidak duen garaiari buruzko analisia egiteko. Egungoa garaia «garrantzitsutzat» dute, eta uste dute «bi zutabe» dituela. Batetik, beharrezkotzat jo dute «epe luzeko begirada». «Duela 40 urte onartu zen estatutua berritzeko aukera honek perspektiba luzea behar du. Gure iritziz, etorkizuneko estatus politikoa ezin da eraiki [Espainiako diktadore Francisco] Franco hil ondorengo abaguneak baldintzatutako oinarrien gainean». Alvarezen eta Etxabururen iritziz, estatus politiko berriak «zimendu berriak» behar ditu, eta «etorkizunari begirako proposamenak egin behar dira, iraganaren gatibu izan gabe».

Bestetik, bien arabera, indar politikoek ezin diete «bizkarra» eman «herritarren gehiengoaren nahiari, ezta beraien boto emaileei ere». Nabarmendu duteherritarren ordezkariek «gizarteari entzunda» jardun behar dutela, eta, beraz, «erabakitzeko eskubidearen alde dagoen adostasun zabala lege bihurtzea» dagokiela.

Horrez gain, Eskoziako eta Kataluniako egoerei ere erreparatu diete. Eskoziari dagokionez, gogorarazi dute autodeterminazio erreferendum bat egin zutela 2014ko irailean, eta, bost urte geroago, aurreikusten ari direla beste bat egitea: «Herri bat bere buruaren jabe izateko bide bat jorratzen ari dira». Kataluniara begira, berriz, salatu dute ehun urteko espetxe zigorrak ezarri dizkietela buruzagi politiko eta sozial independentistei, 2017ko urriaren 1ean autodeterminazio erreferendum bat egiteagatik: «Argi dago auzi politiko bat dagoela eta konponbide politikoa behar duela».

«Erreferendum bidez»

Hori horrela, adierazi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adostu beharreko proposamenak «gai guztiez era eraginkor batez erabakitzeko ahalmena» jaso beharko lukeela, eta, horren arabera, estatus juridiko-politikoa «erreferendum bidez erabakitzeko aukera». Erantsi dute erabakitzeko eskubidea «arautzeko aukera historiko hau galtzea akats larria» litzatekeela.

Iazko ekainaren 10ean, 175.000 herritar batu ziren giza kate batean, Gure Esku dinamikaren ekimenez, erabakitzeko eskubidearen alde Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuta. Garai horretan, estatus politiko berriaren oinarri eta printzipioak adosten ari ziren Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean, eta erabakitzeko eskubidea jasotzen zuten oinarri batzuk adostu zituzten EAJk eta EH Bilduk —Elkarrekin Podemos batu zitzaien eskubideen atalean—. Alvarezek eta Etxaburuk gogora ekarri dute mobilizazio hura: «Herritarron rola ezinbestekoa da bide honetan. Guk gure bidea egiten eta bide politikoan eta instituzionalean ere eragiten segitu behar dugu». Ildo horretan, hitzeman dute lanean jarraituko dutela «herritarren erabakitzeko gaitasuna modu librean gauzatzeko bide eraginkorrak izan arte».

Orain, erreferendumaren aldeko herri ekinaldi batean murgilduta dago dinamika: «Egitasmoak ardatz izango duen sinadura bilketarekin milaka atxikimendu jasoko ditugu euskal demokraziaren eta erabakitzeko gaitasunaren alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.