Erabakitzeko eskubidea defenda dezala eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek foru aldundiari, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozekin. Batzar Nagusien ordezkaritzaren hiru laurdenen babesarekin atera da aurrera bi alderdiek adostutako erdibideko mozioa. Arritxu Marañon PSE-EEko batzarkideak argi utzi du alderdi sozialistaren jarrera: «Gernikako Estatutua betetzea bai, estatutu berri bat ere bai, estatus berri bat ez», eta EAJri ohartarazi dio hau: «Ez du balio gehiengo bat eskatzea gobernatzeko eta beste bat bilatzea gai identitarioetarako». Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko batzarkideak esan duenez, «erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokrazia areagotzea da», eta eskumen gehiago edukitzearen alde mintzatu da.
Mozio horretan jasotzen da «Euskadi naziotzat aitortzea», «aniztasuna errespetatzea», «erabakitzeko eskubidea aitortzea», «Euskal Herriaren eta estatuaren arteko aldebiko harremana sustatzea, errespetu instituzionalean oinarritutako berme sistema batekin», eta bosgarren puntuan, «Euskadiri dagozkion eskumenetan» Europan ahots propioa izatea. Ianko Ganboa EAJko batzarkideak esan du «borondate kontua» dela: «Legeak borondate horretara egokitu behar dira». Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak nabarmendu du gipuzkoar gehienen borondatea jasotzen dela mozio horretan, «eta orain aldundiak irmo defendatu» behar duela.
«Erabakitzeko eskubidea onartzea borondate kontua da, eta legeak borondate horretara egokitu behar dira»IANKO GANBOA EAJko batzarkidea
Erabakitzeko eskubideaz harago, lurraldeari lotutako beste zenbat neurri zehazten dituzten mozioak onartu dituzte. Guztira jatorrizko 86 mozio eta erdibideko edo adostutako 44 aurkeztu dituzte. Jatorrizkoak, berriz, 69.
Onartu dituzten erdibideko 44 mozioetatik 33tan EH Bildu dagoela nabarmendu du Elduaienek. Azpimarratu nahi izan ditu kontsentsurako ahalegina eta lortutako akordioak, eta abisu bat gehitu du: «Aldundiak bete egin behar ditu adostutako mozioak». Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak ere ohartarazi zuen hori politika orokorrari buruzko eztabaidan, joan den astean, Eider Mendoza ahaldun nagusiari egotzi baitzion koska bat egon ohi dela esaten dutenaren eta egiten dutenaren artean. Horregatik, aldundiari bigarren aldiz eskatu diote betetzeko mozio bidez batzar nagusiek onartutakoa.
«Aldundiak bete egin behar ditu adostutako mozioak»ESTITXU ELDUAIENEH Bilduko batzarkidea
Elduaienek ez du aipatu gabe utzi nahi izan, ordea, aldundia sostengatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, aurkeztu duten mozio kopurua: 56. Gogoratu du EAJko Maria Eugenia Agirrezabalagak aurreko asteko eztabaidan esan zuela gustatzen zitzaiola «Mendozaren musika». «56 moldaketa egin dizkio Mendozaren musikari». Hala eta guztiz ere, Elduaienek nabarmendu du Gipuzkoako lehen indar gisa EH Bilduk zenbateko «ardura» erakutsi duen, eta zer akordio egin diren.
Ianko Ganboa EAJko batzarkideak eskertu egin du oposizioak izandako jarrera, eta erdibideko 44 mozio onartu izana azpimarratu du. EH Bildurekin adostutako mozioak aipatu ditu; besteak beste, euskararen normalizazioari eta erabakitzeko eskubideari lotutakoak. Adibidez, hizkuntza politikarekin lotutako neurri bat nabarmendu du. Katedra bat sortuko dute adituekin euskararen indarberritzeak behar dituen tresnak sustatzeko, hizkuntza politikari buruzko arauak euskaraz sortuak izan daitezen. Hitzaldi osoa euskaraz egin duten bakarrak izan dira Elduaien eta Ganboa. PPkoak eta PSE-EEkoak gaztelaniaz egin dute; Elkarrekin Podemosekoak lehen hitzaldi osoa gaztelaniaz egin du, eta gero euskaraz hartu du hitza.
Genero arrakalak ikertzeko behatoki bat sortzea ere adostu dute, ikusgai egin daitezen eta neurriak hartu ahal izan daitezen. Berdintasun alorrarekin lotuta, zaintzari lotutako hainbat mozio ere atera dituzte aurrera.
Aurrekontuak
Mozioez harago, ordea, aurrekontuak izan dituzte hizpide. EAJ-PSEren babesa ez dute aski. EAJko Ganboak Iñaki Lezama PPko batzarkideari egin dio keinua, bere hitzaldian hizpide izan dituelako aurrekontuak. Lezamak «zehaztasuna eta eraginkortasuna» eskatu dizkio aldundiari. Ganboak erantzun dio aurrekontuetarako proposamenetan egongo direla zehaztasunak. EH Bilduren eserlekuetara ere begiratu du, politika orokorreko eztabaidaren ostean mozioak adosteko izan den jarrerari erreferentzia eginda: «Jarrera horrekin segituz gero, aurrekontu batzuk atera beharko genituzke».
PSE-EEko Marañonek EH Bilduri egin dio keinua aurrekontuak aipatzean. Iragan asteko eztabaidan, Iriartek esan zuen aurrekontuen eztabaidan sukaldeko lanean egon nahi dutela, eta ez azken gatz puntua izan. Ganboak esan du lapiko bat kozinatu ostean «azkeneko gatz puntuak» asko hobetu dezakeela azken emaitza, edo erabat okertu. Elduaienek berretsi dio sukaldeko lanean egon nahi dutela. «Datozen erronka kolosalentzat politika publiko, integral eta koordinatuak behar ditugu, nor bere eskuduntzetatik abiatuta, erronka horiei erantzun lerrokatua eman diezaiegun. Gaurko adostasunek balio beharko lukete jauzi handiagoak egiteko».