«Erabakitzeko eskubidea» aitortzeko eskatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek

EAJk eta EH Bilduk babestu dute «Euskadi naziotzat aitortzea» . Onartu duten idatziak dio «Euskal Herriaren eskubide historikoak erabat gauzatu» behar direla, «demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidearen bidez».

EH Bilduko bozeramaile Iker Casanova, gaurko osoko bilkuran. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
EH Bilduko bozeramaile Iker Casanova, gaurko osoko bilkuran. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
xabier martin
2024ko urriaren 2a
11:20
Entzun

Joan den irailaren 24an, EAJk eta EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako erabakitzeko eskubidearen aldeko mozioak segida izan du gaur, Bizkaian. EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Gernikako Juntetxeko osoko bilkuran bozkatu dadin, eta jeltzaleek babestu egin dute bilkideen ekinbidea. Estatus berriaren eztabaida martxan dagoen honetan, Gipuzkoan egindako aldarrikapenaren bidetik doa Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur onartu dutena, haren paragrafo osoak errepikatuz. Batetik, «erabakitzeko eskubidean» sakontzen dute, eta, bestetik, Gernikako Estatutua «osorik» betetzeko eskea egiten dute.

Gehiengo handi batez onartu da mozioa. 51 batzarkideetatik 38k bozkatuko dute alde, EAJkoek eta EH Bildukoek; Elkarrekin Podemoseko biek abstentziora egin dute; eta PSEren zortziek eta PPren hirurek aurka bozkatu dute. Idatziaren hasierak jasotzen du «euskal autogobernua eguneratzeak barnean hartu» behar duela euskal herritarrei dagozkien «eskumenak berritzea» eta euskal gizartearen «egungo eskaera eta beharretara egokitzea». Finean, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskatu dute «euskal autogobernua mugatzen duten eskumen oinarriak birplanteatzea». Nola? Eskaera jakin batzuen bidez.

«Egungo Estatutua osorik egikaritu dadila» nahi dute, «esperientzia autonomikoan murriztutako autogobernua berreskuratzea» ere bai, eta «eskumenen quantum-a areagotzea, indarrean dagoen estatutuan aurreikusitako eskumen guztiei dagokionez, eta eskuduntzen katalogo propioan sartzea euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko beharrezko eskumen guztiak».

Eskubide historikoak gauzatu

Batzar Nagusiek uste dute «Euskadiren eta Espainiako estatuaren arteko harreman-estatus politiko berriak elementu berezi eta zentraltzat» hartu beharko dituztela zenbait aldagai garrantzitsu. Elementu horietako lehena da «Euskadi naziotzat aitortzea». Aitorpen horrek «euskal gizartean oso partekatua den nazio bateko kide izatearen zentzua» jaso behar duela dio idatziak. Halaber, aniztasuna errespetatzea eskatzen du: «lnstituzionalizazioak errespetatu eta aitortu egin behar ditu kidetze-sentimendu batzuk zein besteak». Eta «erabakitzeko eskubidean» sartzen da bete-betean: «Euskal Herriaren eskubide historikoak erabat gauzatzea» eskatzen du, «autogobernuaren adierazpen instituzional gisa, demokratikoki adierazitako herritartasun askea erabakitzeko eskubidearen bidez».

Horrez gain, «aldebikotasunaren» kontzeptua azpimarratzen du EH Bilduren mozioak: «Euskal Herriaren eta estatuaren arteko harremanek aldebikoak izan beharko dute. Elkarren arteko aitorpenean oinarrituko da, eta berezko gaien berezitasunak babesteko eskumen eta beharrezko tresnak izango ditu. Hori horrela izan dadin ziurtatzeko, errespetu instituzionalean oinarrituriko berme sistema egikaritzea funtsezkoa izango da».

Era berean, EAJk eta EH Bilduk babestutakoak ez du ahaztu «Euskadi-Estatua esparrua» aztertzea. Egungo autogobernuak esparru hori «gainditu» egin behar duela uste dute, «hala lortuko baita Euskadiren ahotsa bermatzea Europako erakundeetan, eskumen propiotzat aitortzen zaizkion gai guztietan». Hori guztia kontuan hartuta, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diote euren «borondatea entzun dezan».

(ID_14283707) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-04-25, Gernika. Bizkaiko Batzar Nagusietako Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, Elixa...
Osoko bilkura, Gernikako Juntetxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Iritzi pertsonaletik ebazpen ofizialera

Aurreko astean, politika orokorreko osoko bilkura egin zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek, eta EH Bilduko bozeramaile Iker Casanovak «erabakitzeko eskubidearen alde» ote zegoen galdetu zion Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanoberi. Gipuzkoan, EAJk eta EH Bilduk onartu berri zuten deklarazioaren harira egin zuen galdera Casanovak, eta Etxanoberen erantzuna izan zen «herri honen gehiengoak erabakitzea» nahi duela, baina hori «iritzi pertsonala» dela erantsita, eta gogora ekarrita foru gobernuan «bazkide bi» daudela.

Orain, berriz, Bizkaiko jeltzaleek erabaki dute egokia dela bilkideekin batera «erabakitzeko eskubidea» defendatzen dutela argi erakustea. EAJk abstentziora jo izan balu ere, EH Bilduren ebazpena onartuko litzateke, ganberaren aritmetika aintzat hartuz; ezetz bozkatzeak, berriz, ez lioke posizio politiko eroso bat ahalbidetuko. Edonola ere, Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleen bozeramaileak ohartarazi du beren baiezko botoak ez duela «inor harritu behar». «Eusko abertzaleak gara izenez eta izaeraz: ez dugu zalantzarik», erantsi du.

Gogoratu du EAJ beti egin duela Gernikako Estatutua osorik betezeko eskaera egiten, eta «ongietorria» egin dio EH Bilduri bere egin duelako erreibindikazio hori. «Lehenago hasi bazinate, hobeto geundeke», esan du Lekerikabeaskoak. Halaber, mozioak aldebikotasuna defendatzen duela gogoratu du, eta aldagai hori ere jeltzaleen eskaera historikoa dela esan du, eta erantsi du «pozten» dela bilkideek ere hori defendatzen dutelako «orain».

EH Bilduko eledun Casanovak, berriz, esan du «indartsua eta argia» dela Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu duten eskaera. Aitortu du ez zuela argi EAJk zer egingo zuen, «lurraldetik lurraldera zalantzak» ikusten dituelako jeltzaleen artean, erabakitzeko eskubidearen gaia mahairatzen denean. EAJri esan dio «ulertzen» duela haren «zuhurtzia», pentsa dezakeelako koalizioak hura «higatzea» nahi duela. «EH Bilduk ez du txikira jokatuko; ez dugu mozio hau ekartzen bozketa bat irabazteko bakarrik; guretzat, estrategikoa da, eta beste batzuekin batera defendatu behar dugu», ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.