Itsaso Bengoetxea. Eutanasiaren Berme eta Jarraipen Batzordeko burua

«Erabakitzeko aukera ekarri du Eutanasiaren Legeak»

Heriotza duina eskatzen duten pazienteen kasuak baimentzeaz arduratzen da Itsaso Bengoetxea buru duen lantaldea. Eutanasiaren Legea «aurrerapausoa» dela uste du.

EUSKO JAURLARITZAREN OSASUN SAILA.
Ion Orzaiz.
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Atzotik, legezkoa da Hego Euskal Herrian eutanasia eskatzea, eta osasun sistemek bermatu beharreko eskubidea da. Araua indarrean sartu eta berehala, zenbait eskari jaso ditu EAEko Eutanasiaren Alorreko Berme eta Jarraipen Batzordeak. Horien gaineko ebazpena eman beharko dutenetako bat izanen da Itsaso Bengoetxea medikua (Bilbo, 1976), batzordeko presidente izendatu baitzuen Eusko Jaurlaritzak ekainaren 8an.

Iragan ostegunetik indarrean da Eutanasiaren Legea. Nabaritu duzue aldaketa?

Bai. Mugimendu handiko eguna izan zen atzokoa. Osasun zentro batzuetan hasiak dira jada eskariak jasotzen, eskubide hori bermatze aldera.

Horrek adierazten du arau baten beharra zegoela, ezta?

Hala da, bai. Adierazten du jendea esperoan egon dela legea indarrean noiz jarriko. Finean, legea lege izatera iritsi da gizartean eskari hori zegoelako lehendik. Horri erantzunez hezurmamitu da araua.

Hala ere, aditu eta elkarte askok zalantzak agertu dituzte, legeak irizpide zorrotzegiak dituelakoan. Hala al da?

Hori da azkenaldian gehien zabaldu diren kritiketako bat. Nik esango nuke legea oso garantista dela. Eta hori ez da txarra, berez. Medikuen inguruan ardaztutako legea da: bi medikuk egin behar dute kasu bakoitzaren ebaluazioa, eta, horrez gain, erkidego bakoitzean egongo da berme batzorde bat, prozesua baimendu eta oniritzia emateko. Egia da zenbait elkartek kritika egin diotela prozesu horri, epeak gehiegi luzatuko direlakoan, baina nik entzunak ditut bestelako iritzi asko ere, medikuen ahotik: prozesu garantista den heinean, azken erabakiaren zama kenduko zaiela medikuei; alegia, erabakia ez duela hartuko profesional bakar batek, hiru edo lau profesionalen artean baizik.

Eta pazienteei dagokionez, berriz, zer onura ekarriko du Eutanasiaren Legeak?

Sufrimendu egoera baten aurrean pazienteek heriotza aurreratzeko nahia adierazten dutenean, eskari horren oinarrian dagoena ez da bizitzari uko egiteko nahi bat bakarrik. Adierazi nahi dutena ez da ez dut bizi nahi, baizik eta ez dut horrela bizi nahi. Moztu nahi dutena sufrimendua da, eta sistemak prest egon behar du, kasu horietan ere, kalitatezko arta eskaintzeko. Ildo horretan, argi dago eutanasiaren lege berria aurrerapausoa dela, norberak erabakitzeko aukera ekarriko duelako. Erabakitzeko tresna edo baliabide bat izango da, eta hori, berez, urrats handia izango da, sekulako lasaitasuna ekarriko dielako paziente askori.

Zein da, zehazki, Berme eta Jarraipen Batzordearen egitekoa?

Eutanasiaren aldeko aholkua egin duen medikuaren txostena jasotzean, nire egitekoa izango da ebaluatzaileak izendatzea: legelari bat eta mediku bat, kasu gehienetan. Eurek egin beharko dute ebaluazio propioa, zazpi eguneko epean. Ebaluazio horren emaitza izan daiteke aldekoa edo kontrakoa, eta nik hori jakinaraziko diot pazientearen medikuari. Ebaluazioa egin duten profesionalen artean adostasunik ez balego, batzorde osoa bilduko litzateke, kasu zehatz horren gainean erabaki bat hartzeko.

Kasu batzuek arreta berezia eskatuko dute. Pazientea kontzientzia galduta dagoenean, adibidez. Zer gertatuko da halakoetan?

Erabakiak beren kabuz hartzeko gai ez diren pazienteen kasuan, besteak beste, gaixotasun neurodegeneratibo bat dutelako, eutanasiaren eskaera bakarrik egin ahalko da aurretiazko borondateen agiri baten bitartez. Agiri horrek pisua izango du batzordearen erabakietan, zera adierazten duelako: pazientea kontziente zelarik eta erabakiak hartzeko gaitasuna zuelarik adierazitako nahia. Zalantzak ager litezke pazienteen gaitasunen inguruan ere: eutanasia eskatzen duen pertsona bat benetan gai den erabaki hori hartzeko. Baina hori egunero egiten dugu medikuok, ez soilik eutanasiaren auzian: edozein tratamenduren edo teknikaren arriskuak azaltzean ere, baloratu behar dugu ea aurrean dugun pertsonak ulertzen dituen bere erabakiaren ondorioak. Espainiako Osasun Ministerioak emanak ditu irizpideak gaitasun maila hori neurtzeko.

Martxoan onartu zen legea, eta orain sartu da indarrean. Prestakuntza epe nahikoa izan al da osasun profesionalentzat?

Hiru hilabeteko epea eskasa da, bai. Are gehiago, aintzat hartzen badugu zer-nolako urtea izan dugun, COVID-19aren izurriaren eraginpean. Udaren aurreko hilabeteak, gainera, ez dira aproposenak osasun sisteman edozein egitasmo martxan jartzeko, langileek oporrak behar dituztelako, eta horrek prozesua konplikatzen duelako. Horrez gain, azken astean jaso ditugu Espainiako Osasun Ministerioak ondutako zenbait protokolo: pazienteen gaitasuna neurtzeko protokoloa edo txosten farmakologikoa, kasurako. Eremu ezezagun batean ari gara lanean, eta ezjakintasun horrek beldurra ematen du beti. Izan ere, aldaketa ikaragarria ekarriko du lege berri honek, eta gure lan esparruan ezinbestekoa izango da prestakuntza jarraitua: arituz bihurtuko gara aditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.