Erabakimenaren aldeko «nazio hitzarmena» proposatu dute

Legelari talde batek erabakitzeko eskubidearen aldeko agiria aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean.125 atxikimendu inguru jaso dituzte

Legelariak, atzo, Gasteizko Legebiltzarrean, adierazpena erregistratzen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena aurkeztu du legelari talde batek Eusko Legebiltzarrean. Agirian, legelariek adierazi dute euskal gizarteari dagokiola bere etorkizun politikoaz erabakitzeko eskubidea, eta eskubide hori gauzatzeko prozesuan «era aktiboan parte hartzeko asmoa» agertu dute jendaurrean. Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Erabakizaleak deituriko legelari taldeak sustatu du adierazpena, eta 125 bat abokatu eta legelariren sostengua jaso dute.

Erabakizaleak taldeko Iñigo Santxo abokatuak esan duenez, agiria «abiapuntua» baino ez da «erabakitzeko eskubidearen aldeko nazio hitzarmena» lortzeko bidean. «Gizartean hitzarmena lortzea litzateke helburua, eta, horretarako, guk proposamen bat egiten dugu, sektore bakoitzak horren inguruan zer egin hausnar dezan».

Santxok esan duenez, denbora luzea eman dute testua prestatzen, legelari askok egindako ekarpenak uztartu nahi izan baitituzte. Pozik daude emaitzarekin: uste dute testua «zorrotza, landua eta oso juridikoa» dela, eta «balioa» ematen diola erabakitzeko eskubideari.

Agirian, sinatzaileek adierazten dute euskal erkidego politikoa osatzen duten lurralde historiko guztiek «hizkuntza, kultura, gizartea eta ekonomia» partekatzen dituztela, loturak sendotzeko eta gaurkotzeko joera dutela «elkarrekiko aintzatespena oinarri hartuta», eta horiek osatutako erkidegoak behin eta berriro adierazi duela «autogobernurako duen nahia».

Lurralde horien arteko harremanen nolakotasunaz eta Espainiako eta Frantziako estatuekin eduki beharko lituzketenez «proposamen desberdin eta askotarikoak» daudela aitortu dute legelariek. Proposamen horien aniztasunari buruzko eztabaida «parte-hartze printzipioan, erabaki demokratikoan eta gehiengoaren errespetuan» oinarritu behar da, eta, horretarako, erabakitzeko eskubidea «herritarren oinarrizko lanabes» bihurtzen da, legelarien aburuz.

Agerpen juridikoak

Agirian, erabakitzeko eskubideak izan dituen agerpen juridikoak aipatzen dira; besteak beste, Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduan onarturiko Euskadirako Estatutu Politikoaren proposamena, eta 1990ean eta 2014an onartutako autodeterminazio eskubidearen inguruko adierazpenak, bai eta Europako Batasuneko zenbait herrik oraindik orain norabide horretan emandako pausoak ere.

Bestalde, sinatzaileek adierazi dute erabakitzeko eskubidea «zilegitasun demokratikoan, gardentasunean, elkarrizketan, gizarte eta lurralde kohesioan eta giza eskubideen errespetuan» oinarritu nahi dutela.

Legelari ezagun ugarik izenpetu dute agiria. Hor daude, besteak beste, Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkide ohi eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea (EAJ), Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea (EAJ), Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea, Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko dekano ohia, Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko irakaslea, Izaskun Uriagereka Mungiako alkate ohia (EAJ), Jone Goirizelaia abokatua, Mario Zubiaga irakaslea eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.