EH Bizirik-eko kideak

Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Iraitz Elordi: «Erabakimena zentralizatuta dago; tokian tokiko herritarrek ez dute erabakimenik»

Kritiko azaldu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako onartzear den berriztagarrien luralde plan sektorialarekin, eta 2009an onartu ez zena baino «okerragoa» dela azaldu dute. Uste dute ez direla muga zurrunak jarriko bioaniztasun handiko eremuak babesteko.

EH BIZIRIK
Rebeka Gonzalez de Alaiza (ezk.) eta Iraitz Elordi (esk.), Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
inaut matauko rada
Gasteiz
2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Biharko mobilizazio nazionala antolatu du EH Bizirik-ek Gasteizen, eta azken prestaketa lanen artean harrapatu ditu BERRIAk Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Iraitz Elordi, plataformako kideak. Nabarmendu dutenez, bereziki Araban azken urtean areagotzen ari diren berriztagarrien proiektuen asmoa datu zentroen eta bestelakoen eskari gehigarria estaltzea da, eta ez herritarren interesak defendatzea.

Ia urtebete pasatu da Azpeitian mobilizazio nazionala egin zenutenetik. Zuen ustez, zergatik da beharrezkoa mobilizazio gehiago egitea?

IRAITZ ELORDI (I.E.): Oraintxe bertan urgentzia handiagoa dagoela uste dugu; izan ere, ikusten dugu, alde batetik, proiektu gehiago egiteko baimenak eskatzen ari direla enpresak, eta beste aldetik, lan asko egiteko zorian daudela. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu horren aurka gaudela erakustea.

Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari —LPS— behin betiko onarpena soilik falta zaio. Beraz, gure ustez, hori bertan behera laga dezaten saiatzeko garaia da, LPSak ekarriko duena ez baita inondik inora ere ona izango herritarrentzat.

Gasteiz hautatu duzue mobilizatzeko leku; Araban azken urtean atera diren proiektu guztiak direla-eta hartu duzue erabaki hori?

REBEKA GONZALEZ DE ALAIZA (R.G.): Araban urte osoa daramagu mobilizazio garrantzitsuak egiten: nekazariekin eta bestelako eragileekin aliantzak egin ditugu, tokiko plataforma berriak sortu dira proiektuei aurre egiteko... EAEn egiten dituzten proiektu eskaera gehienak gure herrialdeari dagozkio; Nafarroan ere badira beste batzuk. Eta zergatik gertatzen da? Lehenik eta behin, gure lurraldea herri txikiz osatua delako. Enpresek uste zuten hala errazagoa izango zela proiektuak martxan jartzea, erresistentzia gutxiago izango baitzuten; baina ikusi dute justu kontrakoa gertatu dela.

Horrez gain, Araban mendiak komunalak dira, jabetza ez da pribatua; beraz, enpresentzat errazagoa da denona den zerbait usurpatzea pribatua dena usurpatzea baino. Ohartu gara erakunde publikoek ez dutela oztoporik jartzen; are gehiago, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea duen Aixeindar enpresak ireki zuen bidea, gainontzekoei erakutsi baitzien lurraldearen antolamendurik gabe ere posible zela parke eoliko bat tramitatzen hastea edozein puntutan. Lehen proiektuak biodibertsitate handieneko lekuetan jarri nahi zituzten.

Bestalde, kontzeju gehienak proiektuen aurka daude, eta haien erabakiek lotesleak izan beharko lukete, baina erabakimena zentralizatuta dago; tokian tokiko herritarrek ez dute erabakimenik.

Zer diozue azken urtean tramitatutako proiektuen inguruan?

I.E.: Garrantzitsua da jakitea nondik datorren zabalpen hori, ez baita gertatu herritarren arazoak konpontzeko. Europako Batasunean pobrezia energetikoa dago, galdu egin baitu energia merkea lortzeko ahalmena, eta autonomia energetikoa lortzen saiatzen ari da, baina ikusten da zailtasunak dituela horretarako. Horrekin lotuta, EB digitalizaziorako bidean dago, eta horretarako datu zentro handiak behar ditu, baita argindar asko ere. Punta-puntako potentzia izan nahi du digitalizazioari dagokionez, eta horretarako ezinbestekoa du adimen artifiziala. Horrek, ordea, datu zentro handiak behar ditu. Beraz, horri erantzuna emateko datoz berriztagarrien proiektuak, baita industria militarraren elektrizitate eskaria asetzeko ere; izan ere, sektore hori garatzen ari da, eta elektrizitate asko behar du.

R.G.: Araban, datu zentro baten bigarren fasea eraikitzen ari dira, eta hirugarren bat aurreikusia dago; horrek Arabako argindar kontsumoa bikoiztuko du. Solariak ere datu zentro bat egin nahi du, eta argindarra jasotzeko konexioa eskatu du. Norentzat da energia berriztagarri hori? Beharrezkoak dira datu zentro horiek?

Zer iritzi duzue onartzear den LPSari buruz?

R.G.: Enpresak jada lurraldean egiten ari zirena legitimatzeko modu bat da, Eusko Jaurlaritzaren estrategia bat. Ikusi dute non dauden haize eta eguzki baliabideak, eta bidea ireki diote edozein enpresak edozein lekutan proiektu bat tramitatzeari. 2009an atera ez zen LPSa baino okerragoa da oraingoa, eta ez dira herriaren agindua betetzen ari: biodibertsitate handiko eremuak babestuko dituen eta herritarren beharrak aseko dituen LPS bat. Ez dute bietako bat ere bete. Energia merkantilizatu egingo dute, ez dute landa eremua babestuko, ez da herritarren beharrekin lerrokatuta egongo, eta ez dute natura babestuko, ez baitute argi mugatzen non egin daitezkeen proiektuak eta non ez. Arautze bat dela diote, baina egiatan desarautze bat da.

I.E.: Erakunde guztien babesarekin ari dira onartzen, eta hori oso adierazgarria da. Festa bat dirudi, denontzako egon daitekeen planik onena balitz bezala. Kontrara, plataformek, nekazarien sindikatuek eta herritarrek 4.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte horri aurka egiteko, eta esan: «Horrek ez ditu gure interesak defendatzen». Dikotomia hori oso garrantzitsua da niretzat. Gainera, alegazio horiei ez zaie erantzunik ematen, bere horretan lagatzen dira. Aldaketak egiten ari dira LPSan, eta konturatu gara aldaketa horiek ez direla berriro jakinarazi, jendeak ez dezan eztabaidatu eta ez ditzan alegazio gehiago aurkeztu.

Berriztagarrien errentagarritasuna ezbaian dago. Zer deritzozue?

R.G.: Gorago begiratu behar da: berrantolatze kapitalista bat gertatzen ari da, eta merkatu hobi berriak irekitzen. Berriztagarriak aprobetxatu dituzte horretarako, diru laguntza publiko handiak daudelako sektore horretarako, Next Generation funtsetatik abiatuta, eta gainbeheran zegoen kapitala suspertzeko balio izan dute. Proiektu horiek ez dira inoiz errentagarriak, baina enpresei aski zaie eraikitzea, laguntza publiko mordoa baitago; eta hori guretzat zorra da.

I.E.: Krisi kapitalista betean gaude. Hazkunderako zailtasun handiak daude, eta, beraz, ez daude gauza errentagarri asko kapital pribatua inbertitzeko; horregatik ari da sektore publikoa dirua sartzen, bultzada ekonomiko hori emateko. Herritarren ongizatean inbertitu beharrean kapitalaren hazkundean inbertitzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.