Erabakiek ez dutela bueltarik esan dio ETAk Egiaztatze Batzordeari

Zuzeneko hartu-emana eduki du NEBek talde armatuarekin, eta oraindik armak edukitzearen «arriskuaz» ohartarazi dioEuskal Herriko eragileekin izandako bileren berri eman dute nazioarteko adituek

ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri eta biharamuneko egunkariak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
ETAk duela urtebete iragarritako alde bakarreko su-eten iraunkor eta egiaztagarria eta iragan urrian adierazitako jarduera armatuaren behin betiko amaiera«prozesu itzulezin baten barruan daude», eta ETAk ez du «inongo asmorik etorkizunean ekintza terroristak antolatzeko edo bortizkeria erabiltzeko». Hala iritzi dio NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak, atzo ohar baten bidez jakitera eman zuenez.

Ohar horretan dio nazioarteko aditu taldeak «harreman zuzena» izan duela talde armatuarekin. Honela dio: «Harreman zuzenen bidez, ETAk NEBeri ziurtatu dio bi adierazpenekin konprometitua dagoela: 2011ko urtarrileko su-etenarekin eta urte bereko urriko ekintza armatuaren behin betiko amaieraren iragarpenarekin».

ETAk hartutako erabakiak ueltarik ez duela ziur egonik ere, NEBek ohartarazi du ETA oraindik «erakunde klandestino eta armatua» dela. «Hala izanik, legez kanpoko ekintzak egiten jarraitzen du, hala nola agirien faltsutzea edo armategiak mantentzea». Ekintza horiek «legez kanpokoak» direla onartu arren, Egiaztatze Batzordearen arabera, «ez daude nahitaez indarkeriazko ekintzak prestatzearekin lotuta».

Oharra ETAri

Hala ere, armen eta lehergailuen arriskuez ere mintzo da NEB, eta horri buruz dio ETA jakinaren gainean jarri duela: «Armen eta lehergailuen jabetza iraunkorrak (bereziki arma pertsonalak eramateak) arriskutsuak izan daitezkeen egoerak» sor ditzakeelaohartarazi dio.

ETArekin zuzenean bezala, Euskal Herriko eragileekin izandako bileren bitartez ere ziurtatu du NEBek ETAk su-etena deklaratu zuenetik eta indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik eten egin direla «atentatuak, erasoak, mehatxuak eta estortsioa».

Hain zuzen ere, egunotan Euskal Herrira egin duen bidaian «euskal gizarteko eragile politiko eta sozial aipagarriekin bildu da» Egiaztatze Batzordea: PSE-EE eta EAJrekin eta «ezker abertzaleko alderdiekin»; UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuekin; Confebask enpresa elkartearekin;Elizako ordezkariekin, «eta Euskal Herriko autoritateekin».

«Beste gai batzuk»

ETAren su-etena egiaztatzeari buruzko gaiez gain, batzordeak «su-etenarekin zuzenean lotuta ez daudela deritzon gaien inguruko informazioa» ere jaso du, oharrean zehazten duenez. «Adibidez, kale borroka eta halako istilu bakanak gertatu dira, Euskal Herriko alderdi politiko guztiek errefusatu dituztenak», dio NEBek.

Egiaztatze Batzordeak esan du «presoen senideen alde egindako diru eskaerak ere» aintzat hartzen dituela.

Egungo egoeran, «une delikatu honetan», dio NEBek, «guztiz garrantzizkoa da denek era neurtu eta arduratsuan jardutea».

NEB 2011ko irailaren 28an sortu zen. Batzordeak bere osotasunean egin du bere bigarren bilera Bilbon 2012ko urtarrilaren 25 eta 26an. Bi hitzordu horien artean iragandako denboran, batzordeko kideak Euskal Herrira etorri dira egoeraren inguruko informazioa jaso eta beronen jarraipena egiteko.

Batzordearen arabera, denbora horretan«lan harreman positiboak finkatu ditu Euskal Herrian, eta harremanak hedatzen jarraitu nahi du». Bide horretan, «erabakitasun eta inpartzialtasunez» jarraituko du lanean NEBek, oharrean dioenez, «Euskal Herrian bake iraunkorrerako aukera historiko honi laguntzeko helburuarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.