Zein dira ETAren jardun armatuaren bukaeraren atzean dauden zergatiak? Nola iritsi zen 2011ko urriaren 20ko adierazpena? Galdera nagusi horien inguruan osatu du Ekarri armak (Elkar-BERRIA, 2015) liburua Imanol Murua Uria kazetariak, eta horiei buruz aritu zen atzo Martin Ugalde foroan, Enekoitz EsnaolaBERRIAko kazetariari erantzunez. Faktore asko daude egilearen esanetan, ez bakarrik kontakizunak biltzen dituen lauzpabost urteetakoak, ez bakarrik ezker abertzalearen barnekoak. Baina 2006ko abenduan ETAk Barajasko (Madril) aireportuan egindako atentatua jarri du Murua Uriak liburuaren abiapuntuan, eta hala kontatu zuen atzo ere: «Barajaskoak shock bat sortu zuen ezker abertzalean, eta ondoren iritsi ziren Otegi-eta ondorio horretara: 'Hemendik zulora goaz'».
Arnaldo Otegik Argien aroa liburuan azaldu zuen hori, elkarrizketa luze batean. Ondorio horretatik abiatuta aletu zuen liburuaren mamia Murua Uriak atzo, ordu eta erditik gorako jardunean. Dozenaka lagun bildu ziren Martin Ugalde parkeko aretoan, beste hainbat lanen artean, Loiolako hegiak (Elkar, 2010) liburua egin zuen kazetaria aditzera. Lan hura atera zuenerako, ezker abertzalearen barruan hasia zen «saltsa».
Gogoan du, adibidez, nola eskatu zion Batasuneko orduko prentsa arduradunari Otegirekin elkarrizketa egin nahi zuela —2008ko abuztuan irten zen kartzelatik Otegi—: «'Uf!', erantzun zidan. 'Pasatuko diot enkargua, baina...'». Azkenean, baiezkoa eman zion Batasuneko buruzagiak, 2009ko otsailean. Gerora ulertu du nola zebiltzan orduan.
Gerora jakin baitu, besteak beste, 2007-2008ko batzarrean ETAk ziklo armatua luzatzeko erabakia hartu ondoren, bi gauza baieztatu zituztela aldaketa beharra ikusten zutenek: «Dena birplanteatzeko ezintasuna», eta «bi joera bateraezin bihurtu zirelako kontzientzia». 2008ko abenduan ETAk Inaxio Uria hil izanak ere hautsak harrotu zituen ezker abertzaleko sektore askotan. Murua Uria: «Orduan erabaki zuten koadro batzuen artean eztabaida bat hastea». Pixkanaka hasi ziren Otegi-eta «estrategia eraginkorraren» diskurtsoa zabaltzen, eta hala iritsi ziren ondorengo mugarri txikiak, eztabaida mahai gainean jartzeko saialdian.
Kanpo faktoreak ere izan dira ETAren erabakian, kazetariaren esanetan: nazioarteko egoeraren garapena, euskal gizartearena, legez kanporatzeak... Une batean, «lekuz eta unez kanpo» zeudela dio. Etxe barruan, «estrategia eraginkorraren» diskurtsoa izan zen argudio nagusia. «Otegi atera balitz 2008ko abuztuan 'borroka armatua bukatu behar da' esanez, agian Iñaki Esnaolak bezala bukatuko zuen, edo Patxi Zabaletak bezala, zatiketa batekin».
2009ko udan, ETAko eta Batasuneko zuzendaritzen artean talka izan zela dio Murua Uriak, ETAkoak ez zuelako nahi Batasunak eztabaida bere kabuz abiatzea. Kazetariak kontatu du ETAren batzarraren erabakiei aurre egin ziela Batasunak. Hala ere, prozesua «transbertsala» izan zela dio: «ETAn ere bazeuden bukatzearen aldekoak. Antolakunde zibiletan ere, batekoak eta bestekoak zeuden. Egia da ere, ETAn gehiengoa jarraitzearen alde zegoela, eta Batasunaren barruan, gehiengoa bukatzearen alde».
«Konpromisoak»
Eztabaida aurrera eraman eta 2010eko otsailean Zutik Euskal Herria ebazpenean ondorioak publiko egin ondoren azkartu zen guztia. Orduan erabaki zuen ETAk «geldialdi teknikoa» egitea —irailean eman zuen horren berri—. 2011 inguruan, gutun bat bidali zion Jose Luis Rodriguez Zapaterori, eta hor hasi zen «mezu trukea». Espainiako hauteskundeak lau hilabetez azarora aurreratu zituen Zapaterok —2012ko martxoan ziren egitekoak—, eta, Murua Uriaren esanetan, hor «azeleratu» ziren harremanak.
Zuzenean bildu gabe, bitartekarien bidez, «konpromiso» batzuk hitzartu zituzten, hamasei puntuko dokumentu batean—presoak hurbiltzea, gaixo zeudenak askatzea, Aiete eta negoziazio gunea sortzea, besteak beste—. Hitza hartu zioten elkarri, inork ez baitzuen ezer sinatu. «Espainiako ordezkariek paperak ukitu ere ez zituzten egiten, hatz markarik ez uzteko». Etorri zen Bilduren legeztatzea, baina etorri zen PPren gobernua ere.
ETArekin negoziatu ala ez, Rajoyren gobernuan «zalantza une» bat ere egon zela dio Murua Uriak. Bilduren emaitza onek, adibidez, eragin bat izan zutela uste du, oro har, prozesuarentzat faktore ona izan arren: «Alarma batzuk piztu zituzten [Madrilen], eta, agian, horren ondorioak ordaintzen ari gara oraindik».
Beste aldean, ordea, uste al zuten benetan konpromiso horiek beteko zirela, bozetarako hain denbora gutxi falta zela, Zapatero «ahul» zegoen une batean? Zergatik onartu zituzten? Murua Uria: «Funtsean, [borroka armatu uzteko] erabakia aldebakarrekoa zelako onartu zuten, ez zegoen baldintzatuta puntu horiekin. Oinarri sozialak hala erabaki zuelako hartu zuten erabakia».
Erabakiaren atzean zeudenak
ETAren jardunaren bukaeraren zergatiei buruz eta ezker abertzaleko eztabaidaz aritu da 'Ekarri armak' liburuaren egile Imanol Murua Uria Martin Ugalde foroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu