Espainiako Gobernuak eskatuta, pandemia egoeretarako auzi etikoei buruzko Osasun Ministerioaren txostena: COVID-19 aholku sorta koordinatu du Carlos Maria Romeo Casabona EHU Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak (Zaragoza, Espainia, 1952). Bioetikan aditua da, eta beste ikertzaile askorekin elkarlanean ondu du, izurriak ekarritako hainbat auzi etikori erreparatuta.
Zer helbururen inguruan ardaztu duzue txostena?
Izurriaren lehen fasean jaso genuen lana egiteko proposamena: baliabideen gabezia agerikoa zen, eta egoerak gainezka egiteko arriskua handia zen. Horren harira, tratamenduei eta azterketa diagnostikoei-eta begira, irizpideak zehazten hasiak ziren hainbat toki: osasun profesionalen arloko elkarteak, erietxeak... Nahasmena handia zen, eta helburu nagusietako bat izan zen ministerioak irizpideak bateratzea. Izan ere, halakoa zen egoera! Ikusten zenituen albiste batzuk kontatzen zutenak, esaterako, tratamenduetatik kanpo uztera zihoazela 80 urtetik gorako pazienteak... Ikaragarria zen!
ZIUetarako sarbiderako irizpideei begira, zer esan duzue?
Pazientearen larritasuna hartu behar dela aintzat: larritasuna. Ez beste ezer. Eta, gero, jakina, osasunez hobera egiteko dituen aukerak. Txostena ez da sartu irizpide teknikoetan: pazienteak zer oxigeno indize behar duen odolaren zirkulazioan... Hori ebaztea ez dagokio halako lantalde bati: medikuen esku utzi behar da. Baina gure lana da esatea eri bakoitzaren egoera hartu behar dela kontuan: modu automatizatu, errutinazko eta despertsonalizatuan ezin dira hartu erabakiak.
Adinaren irizpidea neurriz gain ez erabiltzea? Hori izan da zuen helburu nagusia?
Abiapuntuan denok izan behar ditugu aukera berberak. Sintomei begiratu beharko zaie adi-adi, baina ez da egin behar hasieratik inor baztertzera. Jakina, pertsona bat oso larri badago, ezingo da deus egin, eta zainketa aringarrien aldeko hautua egin beharko da orduan. Zorionez, hala ere, egoera hobera ari da: baliabideei begira-eta larrien zeuden erietxeak askoz ere hobeto daude orain. Eskerrak, egoera horiek erabaki gaitzetara eramaten dituzte medikuak, non eta estres egoera zail batean, gainera.
Test diagnostikoen gabezia agerikoa da. Zer irizpide eman dituzue horiek erabiltzeko?
Lehenik eta behin, arrisku handiena dutenei egin behar zaizkie: osasun arloko profesionalei, pazienteak ondoan dituzten beste hainbat profesionali, poliziei, armadako kideei... Arrisku taldeei begira ere jarri behar da: zahar etxeetara-eta, toki itxiak baitira horiek, eta arriskua handia. Gero, testak ugaritzen hasten diren heinean, gainerako herritarrengana egin behar da, zenbait irizpide aintzat hartuta. Bada, esaterako, irizpide bat izan daiteke jendaurrean lan egiten duten langileak lehenestea, edo kutsatuz gero gaixotasun kronikoak dituztela-etaarrisku handiagoa duten pertsonak... Kontua da testak ez egitea itsu-itsuan, baizik eta zenbait irizpiderekin. Osasun agintariek zehaztu behar dituzte horiek, medikuen laguntzarekin.
Asko nabarmendu da osasun krisi honetan hildako gehienak zaharrak zirela, eta osasun arazoak bazituztela lehendik ere...
Pertsona bat eri kronikoa dela esateak ez du esan nahi hil hurren dagoenik. Badira pertsona batzuk urteak eta urteak daramatzatenak gaixotasun kroniko batekin eta bizitza nahiko normala egiten dutenak horrekin ere. Jakina, osasun egoera horretan oinarrituta, egon daitezke irizpide objektiboak osasun arloko profesionalek erabil ditzaketenak beren erabakiak hartuz joateko.
Carlos Maria Romeo Casabona. Bioetikan aditua
«Erabakiak ezin dira hartu modu automatizatu eta errutinazkoan»
Espainiako Gobernuari aholku ematen dio Romeok, bioetikan aditu diren beste hainbat lagunekin batera. Izurriak eragindako auzi etikoak ebazteko argibideak taxutzen dituzte, ertz askokoak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu