Hizkuntzak, hezkuntzak, egiteko moduek, ohiturek eta beste hainbat elementuk ezaugarritzen dute herri baten kultura. Eta hura modu batekoa edo bestekoa den, dimentsio eta maila ugaritako erabaki indibidual eta kolektiboek definitzen. Aldagai horiek eskuan, erabakitzeko eskubideaz eta horrek kulturaren esparruan esan nahi duenaz gogoetatu zuten atzo Donostian, Gure Esku Dago dinamikak Zergatik erabaki izenburupean antolatutako mahai-inguru zikloaren barruan. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari ohia eta Josu Etxaburu BIHE Institutu Publikoen Zuzendari Elkarteko presidentea aritu ziren hizketan, Idurre Eskisabel Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea moderatzaile zutela.
Zergatik erabaki? «Galdera bat, baina hamaika erantzun», Eskisabelen hitzetan: «Nago erantzun guztietan badagoela arrasto edo sustrai komun bat, erantzuna nor izatearekin lotura duena».
Agirre izan zen erantzuten aurrenekoa: «Zergatik ez? Nor dago kontra? Noraino justifikatu behar dugu erabakitzeko eskubidea badugula?». Agirreren hitzetan, erabakitzeko eskubidea da «demokrazia bat demokraziago egiteko modua, erabakiak ahalik eta jende gehienak har ditzan». Hori kulturaren eta hizkuntzaren esparrura eramanda, uste du euskaldunek «goizero» aukeratu behar dituztela hizkuntza eta kultura, eta, beraz, ezinbestekotzat jo zuen erabaki ahal izatea: «Zergatik erabaki? Herri bat garelako, nazio kultural bat garelako, baina nazio kultural guztiek izaera politikoa dutelako. Kultura nagusi baten zati gara, azpiko gara. Ez gara burujabe. Hemen erabakitzeak aukera emango liguke kultura eta hizkuntza erdigunean jartzeko». Hori horrela, «ahalik eta erabaki gehienetan parte hartzera» dei egin zuen: «Erabakitzea ez da soilik lau urtez behin botoa ematea, zerbait gehiago izan behar da».
«Bizikidetza hobearen» isla
Irizar hizkuntzaz jardun zen nagusiki: erabakitzea «ekintza sozial» gisa deskribatu zuen, eta «bizikidetzaren kalitatearekin» lotu: «Asko erabakitzen duen giza talde batek bizikidetza hobea izan dezake». Irizarren esanetan, «estatu nagusien funtzioetako bat izan da hizkuntzak desagerraraztea», eta, horregatik, bereziki garrantzitsutzat jo zuen hizkuntza batekiko edo bestearekiko «hautu pertsonala».
Maila kolektibora joanda, uste du «prestigioak, indar sozialak aktibatu» behar direla: «Dauzkagun botereguneetatik egin behar da hori, jakinda hori mugatuta egongo dela». Harentzat, gakoa da «behetik gorako hautu pertsonalen metaketa nahikoa sortzea euskararen egungo egoerari buelta emateko».
Etxaburuk hezkuntza publikotik heldu zion gaiari: «Hezkuntza hain da garrantzitsua, bakarrik politikarien esku uztea akatsa izango litzateke. Herri batek ezin du orain arteko ordezkaritza moduekin jokatu, herritarrek zeresana izan behar dute zuzenean. Nahi dut gizartearekin lotuta dagoen hezkuntza bat, baina,aldi berean, gizartea eraldatuko duen hezkuntza sistema bat». «Denontzako izango den eskola publikoa sortzeko» nahi du Etxaburuk erabakitzeko ahalmena: «Ez dut nahi beste batzuek nigatik erabakitzea, ez hangoek, ez hemengoek. Eta ikasi nahidut gu baino hobeto egiten dutenengandik». Esaldi bateanborobildu zuen ideia: «Deslekututako erabakiak ezin dira onak izan, asmo onez eginak badira ere».
Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia ere joatekoa zen, baina ezin izan zen egon mahai inguruan. Hala ere, idatziz bidali zituen ekarpenak. Erabakitzeko eskubidearen defentsa «ezagutzaren euskal komunitate kultua» lortzearekin lotu zuen: «Gaur egungo markoarekin, lor daiteke hori 2030ean? Ez». «Beste unibertsitate eredu bat posible delako» erabaki nahi du Goirizelaiak, eta Espainiako legeriak ezarritako mugak zerrendatu zituen: akreditazio beharrak, soldatak, graduak eskaintzeko bete beharreko prozedurak... «Espainiako Gobernuak lege organiko, errege dekretu eta agindu ministerialen bidez baldintzatu du EHU eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren garapena. Espainiako Estatuak egindako unibertsitate ereduaren kopia bat da gurea». Goirizelaiak, ordea, «irizpide modernoekin» kudeatu nahiko luke unibertsitatea: «Gure esku egon behar dira soldatak, eskaintza akademikoa... Ezin gara egon Espainiako Gobernuaren ekoizpen legegilearen menpe. Horrek baldintzatzen du gure unibertsitatea».
Hilaren 14an izango da hitzaldi zikloaren hurrengo hitzordua. Hiritartasuna izango dute mintzagai, Iruñeko Baluarten, 19:00etan.
Estatus politikoa. Erabakitzeko eskubidea
Erabakiak, ereduak eta erroak
Erabakitzeko eskubideaz eztabaidatu dute kulturaren ikuspegitik Donostian. Hezkuntza eta hizkuntza politika propioak garatzeko, beharrezkotzat jo dute erabakitzeko gaitasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu