Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Deialdia

Erabakia «Madrilgo egoeraren arabera» hartu izana txarretsi du Otegik

Ahal Dugu-k, IUk eta PPk uste dute EAJren «alderdi interesak» daudela iragarpenaren atzean. Jeltzaleek «txalotu» egin dute Urkulluren neurria

gotzon hermosilla
2016ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen eguna zein izango den jakin bezain pronto, arrapaladan iritsi dira gainerako alderdien erreakzioak. EH Bilduren lehendakarigai Arnaldo Otegik agerraldia egin du Donostian Pello Urizar, Oihane Zabaleta eta Josu Estarronarekin batera, eta esan du «errespetatu» egiten duela Iñigo Urkulluren erabakia, baina ez datorrela bat egoeraren inguruan Jaurlaritzako lehendakariak egiten duen azterketarekin, erabakia «Madrilen egoeraren arabera» hartu duelako. Ondorioz, Otegiri «esanguratsua» begitantzen zaio erabakia Madrilen gertatzen denak baldintzatzea. «Herri honetarako irtenbideak Madrilen gertatzen dena kontuan hartzetik datozela pentsatzen den artean, herri honek ez du irtenbiderik izango».

Edozein modutan, bozen aurrerapenak ez ditu EH Bilduko ordezkariak «ezustean» hartu, Otegik esan duenez, eta iragarpenak «lanean» harrapatu ditu.

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Nagua Albak beste asmo bat ikusi du hauteskundeen egunaaurreratzean, Espainiako Estatuaren egoera politikoaz gain: «EAJ adi dago Madrilen egin litezkeen akordioei», esan du Albak, Donostian, eta gogoratu du jeltzaleak EAEn «galtzaile» izan direla Gorteetarako azkeneko bi hauteskundeetan —iazko abenduan eta aurtengo ekainean—. Horregatik, iragarpenaren atzean «EAJren interesak» daudela uste du. «Beldurra eta aurrekanpainarik ez egoteko nahia» sumatu ditu Ahal Dugu-ko arduradunak: «Kanpaina azkarra eta hotza izan dadin nahi dute, agintaldia izan den bezalaxe».

Oso bestela ikusten ditu gauzak EAJk. Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak «txalotu» egin du Urkulluk hartutako erabakia, eta «aukerarik egokiena» dela esan du. Lehendakariak egin bezala, Iturratek gogor kritikatu du Espainian dagoen egoera politikoa: «Euskal politikak herritarren arazoei irtenbide bat eman nahi die, eta Espainiakoak, berriz, bere interesei baino ez die begiratzen», esan du, Bilbon. Haren ustez, euskal politikak «zarata horretatik kanpo» egon behar du, «euskal gizarteari egoera zentzuduna eskaintzeko». Berretsi du irailaren 25ean ez dutela Alderdi Eguna antolatuko; iragarri du EBBk bilera egingo duela bihareta han erabakiko duela zer egin ospakizun horren inguruan.

PSE-EE, «bide onean»

PSE-EEren idazkari nagusi Idoia Mendiak adierazi du EAEko datozen hauteskundeek baieztatuko dutela «bide onean» doala bere alderdia. Izan ere, uste du boto-emaileek sozialistengan konfiantza jarriko dutela, PSE «segurtasunaren eta egonkortasunaren» bermea delakoan. Mendiak azaldu du gizartea «eraldatzea» dela «desberdintasunak amaitzeko» helburua. Gustura agertu da legealdi honetan PSEk egindako lanaz: «Guri esker, legealdia ez da guztiz galdu. Egonkortasuna lortzea ahalbidetu dugu, eta herrialde honetako politika garrantzitsuenen bidea ezarri dugu».EAEko PPk ere «Urkulluren interesei» egotzi die deialdia.

UPDko Gorka Maineirok esan du «Espainiaren batasunaren alde» jarraituko dutela lanean agintaldi berrian ere. Equok adierazi du Urkulluren hauteskunde deialdiak soilik EAJren interesak hartu dituela aintzat. Berdin pentsatzen du Ezker Anitzak, eta «errespetu falta» iruditzen zaio herritarrei «eztabaida lapurtu» nahi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.