Erabakitzeko eskubidea. Herri galdeketak

Erabaki nahiak metatzen

Igandeko 28.704 botoekin, 2014tik 218.248 herritarrek azaldu dute estatus politikoaz erabakitzeko gogoa; balizko bost hautesletik batek. Donostian, 20.000 lagunen langa gainditu du parte hartzeak

Erabaki nahiak metatzen.
jon olano
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
189.455 botoen zakuari beste 28.704 gehitu behar zaizkio igande iluntzetik, eta, horrela, 218.248 herritar dira 2014az geroztik Euskal Herriko 209 herritan estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruzko herri galdeketetan parte hartu dutenak. Herenegun egin zituzten orain arteko azken bostak, Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan (Bizkaia), eta, horrela, bere ibilbideari jarritako erronketako bat bete zuen Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak: hiriburu batean galdeketa egin ahal izatea. Ikusteko dago kontsultek eginiko bidearen amaiera den, baina, orain arte, boto eskubidea izan duten bost herritarretik batek hartu du parte egitasmoetan.

Tamainagatik eta esanguragatik, Donostiakoak bereganatu zuen aparteko arreta. Bertan, 21.021 herritar joan ziren botoa ematera hirian jarritako 35 bozkalekuetakoren batera. «Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?» galderari baiezkoa erantzun zioten 20.637 lagunek.

Goizeko bederatzietan ekin zioten botoak biltzeari, eta eguerdirako 9.900 donostiarrak emana zuten iritzia —gainerako herriak batuta, 13.000—. Tartean ziren politikari ugari: Eneko Goia alkateak eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, esaterako, Antiguako Sert plazan eman zuten botoa. Angel Oiarbide GEDeko bozeramaileak eman zuen eguerdiko parte hartze kopurua, Bulebarrean, bertan zituela galdeketak ikuskatu zituzten begiraleak eta Berme Batzordea.

Begiraleen artean, Kataluniako ordezkari ugari: ERCko Joan Tarda eta Gabriel Rufian, Junts Per Catalunyako Aurora Madaula eta Eduard Pujol, CUPeko Aina Delgado, Omnium Culturaleko bozeramaile Marcel Mauri, ANCko Elisenda Paluzie... Maurik «egun garrantzitsutzat» jo zuen igandekoa, herritarrek aukera izan zutenez gero erabakitzeko «zein etorkizun kolektibo nahi duen jendeak». Era berean, «behetik gorako herritarren mobilizazioa» izatea balioetsi zuen. Beste begiraleetako batek, Julieta Gaztañaga antropologo argentinarrak, «itxaropentsu» ikusi zituen botoa ematera joandako herritarrak nahiz mahaietan lanean ibilitako boluntarioak, eta «ikasteko» eguna zela erantsi zuen: «Oso esperientzia eraikitzailea da».

Neurri batean, Gipuzkoako hiriburuko auzoen biztanleria dentsitatea eta soziologia azaleratu zituen galdeketak. Izan ere, ilara luzeak ikusi ziren, esaterako, Egian eta Antiguan. Arratsaldean, ordea, apenas zebilen jenderik Erdialdeko, Egiako, Loiolako eta Amara Berriko kaleetan, eta pentsa zitekeen boto kopurua ez zela handituko goizeko neurri berean. Ez zen horrela gertatu, lagun gehiago joan baitzen arratsaldean botoa ematera, 21.021era iristeraino: balizko hautesleen %13—bost bozketetan, %12,45 herritarrek hartu zuten parte—. Antiguan, Grosen eta Amara Berrin bildu zuten boto gehien. Donostian nahiz gainerako herri denetan, emakumeak izan ziren botoa ematen aurrenekoak.

Kritikak Goiari

EAJk eta EH Bilduk dei egin zuten parte hartzera. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak galdeketen balorazio «oso positiboa» egin zuen atzo, Euskadi Irratian: «Ariketak berak balio handia dauka, ariketa horretan hezten ari diren belaunaldi berriek ikusiko dutelako herritarrei galdetzeko modu oso demokratikoak daudela».

Bozketen emaitzak gutxietsi zituzten, ordea, Ahal Dugu-k, PSEk eta PPk. Agerraldi batean, Andeka Larrea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkariak esan zuen bere alderdiak ez duela bat egiten Gure Esku Dago-ren «estrategiarekin», baina «errespetua» adierazi zien kontsultei eta «demokrazian sakontzea eragiten duen edozein ariketari». Uste du euskal gizartea ez dagoela «Kataluniako prozesuaren antzeko zerbaitetara gerturatzeko sintonian, parte hartze apalak erakusten duenez».

Ernesto Gasco Donostiako alkateorde eta PSE-EEko alkategaiak Goiari egin zizkion kritikak, «berme eskaseko» kontsulta batean parte hartzeagatik: «Herritarrek lezio bat eman zuten, eta argi erakutsi zuten beren kezken artean ez daudela zatiketa eragiten duten kontsultak». Are, esan zuen galdeketa «hain patetikoa» izan zela, non Kataluniatik begirale etorritakoak «haluzinatuta» joan baitziren «hemengo hoztasunarekin». PPko legebiltzarkide Anton Danborenearen iritziz, berriz, herenegungo galdeketen emaitzek «EAJ-EH Bildu akordioaren porrota» islatzen dute: «Porrot hori kalean baldin badago, ulertezina da EAJk erreferendum horiek babesten jarraitzea eta Eusko Legebiltzarrak legezkotasunari izkin egitea gai horietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.