Euskal Herria nazioa dela aldarrikatuko du EH Bilduk Aberri Egunean

Martxoaren 31n 12:00etan aterako da manifestazioa Baiona etorbideko Golem aretoetatik Antoniuti parkeraino. 13:00etatik aurrera, egitarau zabala antolatu dute

(ID_13695835) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2024-03-12, Iruñea. EH Bilduk agerraldia eskaini du Aberri Eguneko egitaraua aurkezteko
EH Bilduk Iruñeko Gazteluko plazan egingo du agerraldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2024ko martxoaren 12a
14:30
Entzun

Beste behin ere, Nafarroako hiriburua aukeratu du EH Bilduk Aberri Eguna ospatzeko, eta bertako Gazteluko plazatik egin dute parte hartzeko deia gaur Pernando Barrenak eta Oihana Etxebarrietak. Plazako kioskoan, koalizioko zenbait kidek parte hartu dute agerraldian, Nafarroako banderak, ikurrinak eta Euskal Herriko armarria zituztela.

Armarriari erreferentzia eginez hasi du hitzaldia datorren ekaineko Europako hauteskundeetan koalizioko zerrendaburu izango den Barrenak. Hain zuzen ere, iragan astean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Atarrabiako herriko frontoiko armarria ezabatu beharra zegoela, «neutraltasun politikoa» urratzen duela ebatzita. «Ez da gauza berria», kritikatu du. Barrenaren arabera, nazio aitortzaren aldarriaren aurkako azken epaia baino ez da, eta euskararen zein euskal kulturaren eraso gehiago izan dira azkenaldian.

Barrenak azpimarratu du iraganean ere «egoera zailak» bizi izan direla, baina aurrera egitea lortu dela. «Euskal Herria da gure proiektu politikoaren ardatza, eta hori ezingo dute ezabatu. Espainiako Estatuko epaitegiek esan dezakete Euskal Herria ez dela zazpi herrialdez osatutako herria. Espainiako eta Frantziako Estatuek ukatu ahal digute gure izaera nazionala eta gurea herri bat dela. Baina ezkerreko independentistok argi daukagu gurea herria dela», nabarmendu du.

Hala, Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatuko du aurtengo Aberri Egunean. «Beharrezkoa da gaur bertatik hasita Euskal Herria eta gure herriaren etorkizuna eraikitzeko lanean jartzea. Gu guztion ardura da, eta horretarako lanean jarri behar dugu», adierazi du Barrenak.

Iruñeko egitaraua

Martxoaren 31n ospatuko da aurten Aberri Eguna. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina hasteko lau egun falta direla eta alderdi guztien makineria guztiak aktibatuta egonik. Hala, EAJk eta EH Bilduk bakoitzak bere kabuz ospatuko du.

Iruñea «ilusioarekin eta grinarekin» bete nahi dute. Horretarako, urtero legez, manifestazioa Baiona etorbidetik irtengo da, Golem zinema aretoaren paretik. Handik Antoniutti parkerantz abiatuko dira, kilometro bateko ibilbidea eginez.

13:00etatik aurrera, Basotxoaren eremutik kalejira aterako da Alde Zaharrerantz: trikitilariak, Elektrotxaranga, gaiteroak, buruhandiak, txaranga... Udaletxe plaza azpian den Burguen plazan haurrentzako jolas eremua kokatuko dute, 16:00etatik aurrera. Halaber, kontzertuak antolatu dituzte Gazteluko plazan —Perlata, Xiberoots eta Trikidantz—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.