Euskalgintzak kezka eta haserrea adierazi du Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzo hartutako erabakiaren aurrean. Apirilaren 8an Frantziako Asanbleak onartutako hizkuntza gutxituen legeko bi artikulu baliogabetu eginditu, eta neurri hori «larria» dela gaitzetsi dute hala Ikastolen Elkarteak nola Euskalgintzaren Kontseiluak, orain arteko bidean atzera egitea eragin dezakeelako. Halaber, Euskaltzaindiak «erabateko desadostasuna» adierazi dio ebazpen horri, eta EAJren Ipar Buru Batzarrak irmo deitoratu du «euskara berpizteko itxaropena» zapuztu nahi izan duela.
Baliogabetutako artikuluetako bat murgiltze ereduari buruzkoa da. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez, «inflexio puntu» bat ezarri du Konstituzio Kontseiluak, eta «mahaian gainean kolpea eman nahi izan du». Haren irudiko, aurrerantzean Frantziako Gobernuari aukera emango zaio ebazpen hori «modurik hertsienean» aplika dezan: «Nola ezarriko du Frantziako Gobernuak erabakia? Zer egingo du Seaska, Calandreta, Diwan, La Bressola, ABCM-Zweisprachigkeit eta Scola Corsarekin? Larria da, oso larria».
Horregatik, Ikastolen Elkarteak ere nabarmendu du ondorioak larriak direla, «ikastolak, beste behin, ataka larrian jarri eta berriro etorkizun ziurgabe baten aurrean ipini» dituelako.
Konstituzioaren aldaketa
Hizkuntza gutxituen legetik baliogabetutako beste artikulua estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak erabiltzearen ingurukoa da. «Gure izenak gure hizkuntzetan idazteko debekuak gorrotoa besterik ez du erakusten», esan du Bilbaok.
Dena den, Ikastolen Elkarteakebazpenari aurre egiteko asmoa azaldu du. Frantziako Asanblean hizkuntza gutxituen legea babestu zuten diputatuei eskatu die«adostasun berarekin» frantsesa Frantziako hizkuntz bakartzat inposatzen duen konstituzioaren 2. artikulua kentzeko eta aldatzeko. Eskaera bera egin du Bilbaok. Azken asteotan, epaitegietatik beste hainbat erabaki heldu dira euskararen aurka, eta horien aurka protesta egitera batzeko dei egin du, gaurko, 11:00etan, Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Euskaltzaindiak erabakiaren kontrako jarrera azaldu du. Konstituzioko 2. artikuluan aipatzen denez, «Errepublikako hizkuntza frantsesa da», eta argudio hori erabili da murgiltze ereduaren aurka jotzeko. Euskaltzaindiaren arabera, «betidanik, Konstituzioaren artikulu hori erabili izan da eskualdeetako hizkuntzen aldeko aitzinamenduak oztopatzeko, hizkuntza horiek bigarren mailako hizkuntzatzat harraraziz».
Peio Etxeleku EAJren Ipar Buru Batzarreko presidenteak prentsa ohar batean adierazi duenez, «murgiltze-irakaskuntzaren aurka joatea hizkuntza horietan hiztun berriak prestatzeko tresna nagusiaren aurka joatea da». Haren irudiko, frantziar estatuan izan den aniztasunaren aurkako tradizio luze baten adibide da oraingo erabakia, eta «onartezina» deritzo egoera horri: «Konstituzioren 2. artikulua legezko oztopo bilakatu da hizkuntza bat baizik nahi ez duten eragile politikoen zerbitzurako».
Euskara. Murgiltze eredua Ipar Euskal Herrian
«Erabaki larria» dela gaitzetsi dute Kontseiluak eta Ikastolen Elkarteak
EAJk salatu du «euskara berpizteko itxaropena» zapuztu duela. Euskaltzaindiak erabateko desadostasuna adierazi dio ebazpenari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu