Koronabirusa

«Erabaki estrategikoak» eskatu dizkie Kontseiluak erakundeei

COVID-19aren krisiak sortutako kalteei aurre egiteko «larrialdiko neurriak» biltzen ditu 'Geroa Euskaratik' adierazpenak. «Lehenbailehen» hartu behar direla iruditzen zaio

Kontseiluak eta bere bazkideek agerraldia egin zuten, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bere bazkideekin batera adostutako Geroa Euskaratik dinamikaren adierazpena plazaratu zuen Kontseiluak, atzo, Donostian. «Euskara eta hizkuntz eskubideak» errespetatuko dituen gero «berdinzaleago bat» eraikitzen hasteko eta lortzeko «urgentziazko neurriak» biltzen ditu, eta Euskal Herriko erakunde publikoei helaraziko die. Kontseiluarentzat, COVID-19ak eragindako krisiak «zaurgarrienei eta gutxitutakoei» egin die kalterik handiena. «Euskal hiztun komunitateon eskubideak zapalduak izan dira ustezko berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, eta euskalgintzarekiko erakundeen babes falta are begi bistakoagoa izan da», kritikatu du Kontseiluak. Erakunde publikoei «erabaki estrategikoak» hartzeko eskatu die.

Bazkide horietako batzuk dira BERRIA, Elkar, Elhuyar, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, UEU, Euskaltzaleen Topagunea eta Bertsozale Elkartea, besteak beste.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarentzat, «eskakizun ekonomiko zehatzetatik haratago» doazen neurriak dira. «Bide berriak urratzen hasteko erabaki eraikitzaileak eta egingarriak dira». Erabaki horiek guztiak «lehenbailehen» hartu beharrekoak dira.«Hurrengo 100 egunak garrantzitsuak izango dira gobernuen aldetik egoera honi erantzun ahal izateko zer neurri hartuko diren ikusteko». Bide batez, «elkarlanerako» deia egin die gizarteko bestelako eragileei.

Hauek dira esparruz esparru egindako eta adierazpenean jasotako proposamenak:

HEZKUNTZA

Hurrengo ikasturteko eskolaratzean hizkuntza ardatz izan dadila, besteak beste hizkuntza beharrei erantzuteko errefortzuak indartuz, bitarteko materialak gehituz, eta euskaraz hitz egitea helburu duten programen bidez ikasleen arlo emozionala landuz.

HEZKUNTZA EZ-FORMALA

Aurrerantzean administrazioak haur, gazte eta nerabeentzat antolatutako eskolaz kanpoko jarduera guztiak euskaraz eskaintzea. Administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten hezkuntza ez-formaleko ekinbide guztietan hizkuntz irizpideak ezartzea, euskara lehenetsiz.

HELDUEN EUSKALDUNTZEA

Helduen euskalduntzea doan izatea ahalbidetzeko prozesuak azkartzea, ikasleek matrikula gastuak aurreratu behar ez izatea lehenetsita.

EUSKAL KULTUR SISTEMA

Euskarazko sortzaileen lana aitortzeko eta babesteko araudia lantzen hastea.

LAN MUNDUA

Ekonomia berraktibatzera bideratutako programa eta laguntza deialdi guztietan, baita administrazioak aurrerantzean argitaratuko dituen kontratu edo lizitazio guztietan ere, hizkuntz eskubideak bermatzera bideratutako klausula sozialak ezartzea eta horiek betetzea.

SUSTAPENA

Ekonomia berraktibatzeko programa eta laguntza deialdi guztietan onura publikotzat jotako jarduera guztiek —besteak beste, euskararen normalizaziora bideratutakoek— lehentasuna izatea laguntzak jasotzeko orduan.

HEDABIDEAK

Erakunde eta enpresa publikoen publizitate kanpainak areagotzea, publizitate instituzionala euskarazko hedabideetan ere eskainiz. Euskarazko ikus-entzunezko edukien sorrera nabarmenki areagotzeko eta ETB1 kalitatezko edukiz hornitzeko, haur eta gazteentzako edukiak, informazioa, fikzioa eta entretenitzeko edukiak sortzeko inbertsioa handitzea.

INGURUNE DIGITALA

Krisiak agerian jarritako behar teknologikoetatik abiatuz, burujabetza teknologikoan sakontzea, euskarak behar dituen teknologiak garatzeko proiektu berriak abian jarriz. Era berean, ingurune digitala euskarazko edukiz osatzea, eskaintza etengabe handitzeko baliabideak jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.