Erabaki eskubidearen aldeko «herri gogoa» adieraziko dute gaur Bilbon

Erreferendumaren alde mobilizatzera deitu dute Hamaika Gara-k eta Gure Esku-k, 17:30erako

Hamaika Gara-k maiatzaren 14an aurkeztu zuen gaurko mobilizazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak eta harekin batera Hamaika Gara plataforma osatzen duten 23 eragileek mobilizaziora deitu dute gaurko, Hamaika Gara erreferendumaren alde lelopean, erabakitzeko eskubidearen aldeko «herri gogoa» adierazteko. Deialdia Bilboko Areatzaren, Erripa kaiaren eta udaletxeko eta Arriagako zubien artean izango da, 17:30etik aurrera.

Gure Esku-k nabarmendu duenez, estatus politikoari buruzko erreferenduma «aktualitateko gaia» da: «Azken hilabeteotan herritarron kezka nagusiak osasun krisia eta krisi sozial eta ekonomikoa izan badira ere, begi bistakoa da burujabetza behar dugula, erabakitzeko ahalmena behar dugula krisia hobeto kudeatzeko eta krisitik nola irtengo garen erabakitzeko. Begirada altxatzen hasteko garaia da, unean uneko urgentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin».

Dinamikaren iritziz, «Europan eta Frantziako eta Espainiako estatuetan, erreferendum bidez erabakitzea izango da lurralde auziei konponbide demokratikoa emateko tresna». Eztabaida «pil-pilean» nabari dute, baita Euskal Herrian ere, udazkenean Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politiko berriari buruzko eztabaida berraktibatzeko asmoa iragarri dutelako hainbat ordezkari politikok azken asteotan: «Bada garaia herritarrok ere adieraz dezagun zein den gure nahia: erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko aukera historikoa daukagu, eta ez gaude hori baino gutxiago onartzeko prest».

Ibaia agertoki

Mobilizazioa 17:30ean hasiko bada ere, 17:00etan agertzeko eskatu dute, sarrera-irteeretan jendea ez pilatzeko. Burujabetzaren aldeko aldarriak eramateko deia ere egin dute: «Norberak eraman dezala bere kartela, eta, nahi izanez gero, eskura ditzala Hamaikagara.eus/uztailak-3/ webguneko atal berezituan dauden ereduak».

Bi agertoki prestatu dituzte gaurko: uretan bata eta lehorrean bestea. Bilboko itsasadarrean ibiliko den itsasontzi batetik Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituñoren emanaldiak eskainiko dituzte, eta Areatzako agertokian egingo dute diskurtso politikoa. Horrez gain, mobilizazioan parte hartzeko asmoa duten herritarrei «konpromiso txartela» eskuratzea proposatu diete, osasun neurriak egokitu eta mobilizazioaren gastuei «modu kolektiboan» aurre egiteko asmoz. Bost euro balio dute txartelek, eta Hamaika Gara-ren dendan eskura daitezke.

Mobilizazioa 17:30ean hasiko bada ere, 16:30etik aurrera eragileek hitza hartuko dute, Hamaika Gara osatzen dutenek eta baita beste batzuek ere.

BERRIAk asteazkenean argitaratu zuen Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileari eginiko elkarrizketa, eta, bertan, azaldu zuen herritarrak «aktibatzea tokatzen» dela, «gutxienekoak» argi azaltzeko: «Prozesua herritarron parte hartzean oinarritu behar da, eta erabakitzeko eskubidea oinarri gisa jaso behar du». Era berean, Alvarezek adierazi zuen «aukerak zabaltzen» ari direla erabakitzeko eskubidea legeztatzeko, eta adibide gisa jarri zituen Kataluniako eta Espainiako gobernuen artean aktibatzekoa den elkarrizketa mahaia eta Autodeterminazioaren aldeko Caucusak Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian egin nahi duen ekarpena, argitasun klausula bati lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.