Koldo Saratxaga. Enpresaria

«Erabaki eskubidearen aldeko energia bat sortu da gizartean»

Gure Esku Dago mugimendua han eta hemen ari da erabakitzeko eskubideari buruzko hitzaldiak-eta antolatzen, askotariko jendea jarrita hizlari. Enpresa edo kooperatiba arloko kideen artetik, Koldo Saratxagak azkenaldian lau hitzaldi eskaini ditu.

BERRIA.
enekoitz esnaola
2014ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 29tik maiatzaren 12ra artean Gure Esku Dago mugimenduko lau hitzaldi eman ditu Koldo Saratxaga enpresariak (Sopuerta, Bizkaia, 1947): Galdakaon —argazkian—, Arrigorriagan, Zaratamon eta Sopelan; Bizkaian denak. Hitzaldietako ideia nagusia: euskal gizarteari «esnatzeko» eskatzea; kasu honetan, erabaki eskubidearen alde modu aktibo batean aritzeko eskaera eginez.

Irizar kooperatiban koordinatzaile nagusi hamalau urtez aritu zen Saratxaga, eta mundu mailako sona lortu zuen; emaitza ekonomiko aldetik ez ezik, antolaketa moduagatik ere bai. Pertsonari eta kolektiboari ematen dio garrantzia. Erabakitzeko eskubidea lantzean ere bai, BERRIAri kontatu dionez. «Herritarrek gauza askotan politikarien aurretik egon behar lukete, baina oraindik haien atzean daude; gizarte zibilak ez du pauso hori eman». Gizarteak mobilizatu, parte hartu behar duela iruditzen zaio, beraz, Saratxagari. «Teorizatuta» dauka hori, eta praktikara eramaten saiatu da bere lanbidean eta ikastolen mugimenduan. «Erabaki eskubidearen gai honekin ere uste dut herritarrok aukera on bat daukagula klase politikoaren aurretik aritzeko. Gertatzen da gizarte zibilean parte hartzeko bideak ez daudela irekita». Azpimarratu duenez, «gizartearengatik» daude itxita bide horiek bereziki. «Herritarrek aldian behin botoa ematen dute, eta gero politikariei uzten diete gauzak erabakitzen». Saratxagak uste duenez, garai batean, ikastolekin eta auzolanaren kulturarekin, gizartea «askoz aktiboagoa» zen. Orain, hedabideengan, multinazionalengan eta politikariengan dago kontua. Gainera, uste du klase politikoa ez dela ari gauzak ondo egiten, eta gizarteak kritiko izan behar duela horrekin. «Baina horrek soilik ez du balio; ezinbestekoa da parte hartzea».

Ekainaren 8ko giza katean Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) egongo da hura, familiarekin. «Galdakaon bizi garenoi han egotea egokitu zaigu. Egun eder bat pasatuko dugu». Baina ikusten dio arrisku bat ekimen handi horri —gutxienez, 50.000 lagun behar dira 123 kilometroko katea osatzeko—: hurrengo egunean mugimendua geldotzea.

Geldirik egongo al gara edomugitu egingo gara? izan da haren lau hitzaldietako goiburua. «Bakoitzak, ahal duen bezala eta bere inguruan, pausoak eman ditzala ekainaren 9tik aurrera ere. Erabaki eskubidearen aldeko energia bat sortu da gizartean,indar bat». Traineru baten antza hartzen dio mugimenduari: «Arraunlari guztiek batera arraun egiten dutenean, energia kolektibo bat dago hor». Giza katea «pauso txiki bat» dela dio Saratxagak. «Egunean 24 orduz herri honentzat gizarte izan behar dugu, herria egiteko. Uzta jasotzeko, asko dugu ereiteko».

Duela lau urte, Ner Group enpresa eta kooperatiben elkartea sortu zuen Saratxagak —gaur egun 22 erakunde daude han—, Irizarreko lan estilo berarekin aritzeko asmoz. Gure Esku Dago-ren lan eredua ere gustukoa du; «bikaina» dela esaten du. «Garrantzitsua da sarean lan egitea etadenek pausoak ematea, gizartean ideiak txertatzen joateko, lanbroa bezala. Alde horretatik, Gure Esku Dago-ren antolaketa modua aurrerapen bat da. Gainera, dinamikak bete-betean asmatu zuen izenarekin, gure esku,gizartearen esku baitago hau aurrera ateratzea».

Antsietaterik gabe eta lasai aritzeko eskatzen du. Hitzaldiak ematea, harremanak lantzea, ekitaldi ludikoak egitea, kalean egotea galdegiten du, «jendea pixkanaka sentsibilizatzeko» helburuz. «Sortu den indar hau ezin da galtzen utzi, elikatzen joan behar dugu. Lehiatu, lehiatu eta lehiatu beharra dagoela sartu digute buruan, besteak baino diru gehiago, botere handiagoa edota boto gehiago izan behar dugula, baina lehiatu ez, baizik eta partekatu da egin behar dena».

Erabaki eskubidea bezalako «printzipio demokratikoa» partekatu bai, baina zer erabakitzeko?, galdetzen du hark. Gure Esku Dago-k dio erabaki eskubidea ez dela «helburu politikoa, prepolitikoa baino». Saratxagak uste du «tresna bat» dela, «ez helmuga edo helburu bat, inoiz zerbait erabakitzeko tresna bat baizik».

Inposizioa

Hala ere, uste du Euskal Herria oraindik ez dagoela proiektu politikoak hautatzeko fasean. Horregatik deritzo egokia orain erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeari eta printzipio demokratiko hori barneratzeari. Barne kohesioa landuz. Gainera, kanpoko oztopoak ez dira gutxi, iritzi dionez. «Gizarte hau heldua da bere etorkizuna erabakitzeko. Baina badirudi batzuentzat ez garela libreak, Espainiako Estatuaren debekua hor baitugu. Hainbeste aldiz demokrazia eta giza eskubideak aipatzen dira, arraroa egiten da entzute hutsa. Inposatutako legeekin gaude hamarkadatan eta hamarkadatan». Kataluniako eredua goretsi egiten du, eta estaturik gabeko nazioen «trenera igo» behar dela desio du.

Bitartean, ordea, pedagogia egitera. Gustura ibili da Gure Esku Dago-k antolatutako hitzaldiak ematen, baina, oraingoz, geratu egingo da. Jende asko joan dela dio —Galdakaon 130 lagun zeuden—, eta hiru orduko saioak egin dituztela. «Gaur egun, ez da ohikoa hori. Jendeak badu ilusioa. Gipuzkoatik ere deitu izan didate, Bizkaiko beste lekuren batetik ere bai, baina ez dut hitzaldi gehiagorik emango. Bestela, sartuko nintzakete erritmo batean...». Hizlarien taldea handiagoa izatea gustatuko litzaioke, halere. «Jendeak baditu ideiak, baina jendaurrean azaltzea kostatu egiten zaigu herri honetan; kultura horren gabezia daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.