Erabakitzeko eskubidea. Kataluniari buruzko eztabaida Espainiako Kongresuan. Javier Perez Royo. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna

«Erabaki eskubidea negoziatzera gonbidatu du Konstituzionalak»

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniari buruzko azken sententzian gauza nabarmen bat idatzi duela dio Perez Royok: burujabetza estatuak du, ez erkidegoek. Baina katedradunak uste du epaiak erabaki eskubideaz «zirrikitu bat» zabaldu duela.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioa zehatz-mehatz ezagutzen duen horietakoa da Javier Perez Royo (Sevilla, Espainia, 1944). Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da Sevillako Unibertsitatean eta jurista prestigiotsua. Euskal Herriaz ere badaki pixka bat; esate batera, Sorturen estatutuak egitean aholkuak eman zizkion Iñigo Iruin abokatuari. «Politika bizi» egiten duen katedradun bat da, aitortzen duenez. Eskola ematera sartu aurretik hartu dio BERRIAri telefonoa.

Zer ondorio atera daiteke Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuaren burujabetza adierazpena baliogabetzeko ateratako sententziatik?

Nahiz eta Kataluniako adierazpena ez izan izaera juridikokoa, baizik eta politikokoa, Konstituzionalak aztertu eta sententzia idatzi du. Jakina zen irizpide bat idatzi du: burujabetza eta autonomia bereizi egin behar dira; Espainiako Estatuari dagokio burujabetza, eta autonomia, hango erkidegoei. Ondorioz, Kataluniako Parlamentuaren burujabetza adierazpena ez da inola ere Konstituzioan sartzen. Baina, era berean, auzitegiak esaten du politikako kontuak ordezkari politikoen artean hitz egin behar direla.

Nori mintzo zaie hain justu?

Nolabait, esaten ari da Espainiako Kongresuak eta Kataluniakoak hitz egin eta erabaki behar dutela Kataluniak zer uztartze izan dezakeen estatuan. Beraz, Konstituzionalak dioena interpreta daiteke; kasurako, iradokitzen du has dezatela Konstituzioaren erreforma prozesurako negoziazioa.

«Erabaki eskubideaz interpretazio konstituzional bat» egin daitekeela idatzi du auzitegi berak.

Horrekin, «erabaki eskubidea negozia daiteke» esaten ari da Konstituzionala, «eta negozia ezazue zuek, politikariok, hori auzi politiko bat baita, ez juridikoa». Nire ustez, auzitegiak ordezkari politikoak negoziatzera gonbidatu ditu. PPren gobernuak ate hori erabat itxia du, baina Konstituzionalak zirrikitu bat zabaldu du Kataluniako sententzia honekin.

Gisa berean, auzitegiak dio «erabaki eskubidea asmo politiko bat» dela. Edo eskubide bat da?

Nik uste arrazoia duela hor Konstituzionalak, eskubide bat ere baden arren. Nolabait, Kataluniako eta Espainiako parlamentuei esaten die negozia dezatela. Ados jartzen baldin badira, ea zeinek aurkezten duen inkonstituzionaltasun helegitea...; horretarako ahalmena Espainiako gobernuburuak, estatuko arartekoak, gutxienez 50 diputatuko multzo batek eta 50 senatarikoak, eta erkidegoetako gobernuek eta parlamentuek daukate.

Konstituzionalak 2008an EAEko Galdeketa Legea baliogabetu zuenean, sententzian «erabaki eskubidea»ez zuen aipatu ere egin. Orain, Kataluniari buruzkoan, bai. Zergatik berritasun hori?

Konstituzionalak epai bat ateratzen duenean, arrazoi eta azalpen batzuk eman behar ditu. Orain, erabaki eskubidea aipatu egin du, ikusi duelako kontzeptu hori hiztegi politikoan eta juridikoan sartu egin dela. 2008an, artean ez zegoen halakorik.

Auzitegiak ontzat jotzen al du erabaki eskubidea?

Ez du kontrako ezer esan. Esan du erabaki eskubidea ontzat hartu behar dela ordenamendu juridikoaren barruan gauzatzen bada.

Esaldi batean autodeterminazioa ere aipatzen du oraingo sententziak, eta kontra ageri da. Zergatik egiten du desberdintasun hori?

Erabaki eskubidea ez dago Espainiako Konstituzioan, autodeterminazio eskubidea ere ez. Nazioartean bada autodeterminazio eskubidea, baina kolonia diren herrien kasuetarako baino ez da erabilgarri. Baina Quebec, Eskozia, Katalunia edo Euskadi ez dira koloniak, baizik eta demokratikoki eratutako estatuetako parte. Espainiako Estatuan bertako herritarrek badituzte eskubide politiko batzuk, baina estatuko beste herritarrek baino gehiago ez. Alde horretatik, berdintasun egoera batean daude herritar guztiak. Estatuan gutako edonork du erabakitzeko eskubidea, eta hauteskunde desberdinetan gauzatu egiten dugu. Hori da demokrazia. Baina estatu osoari dagokion auzietan esparru bat eta partekatua daukagu guztiok: estatua bera.

Kataluniako Parlamentuaren asmoa Galdeketa Legea egitea da. Gaur ordezkaritza bat Kongresura doa galdeketaren eskumena igortzeko eskatzera.

Garbi dago erreferendum bat ezin dezakeela antolatu, Konstituzioaren arabera erkidegoek debekatua baitute. Kataluniako Parlamentuak galdeketari «kontsulta» deitzen badio baina, azken batean, erreferendum bat bada egin nahi duena, hori Konstituzionalaren aurrean inpugnatu egingo dute.

Bete beharrekoa ez den galdeketa bat egin al daiteke erkidego batean, eta gero, emaitza errespetatuta, Kongresuak erabakia hartu? Edo kontsulta estatu osoan egin behar da beti?

Gaur egun Espainiako Estatuaren batasuna ezbaian jarriko lukeen galdeketa bat erkidego batean ezin da egin. Nire iritzia da egiteko aukerak egon beharko lukeela. Adibidez, irailean Eskozian egingo dute [independentzia galdeketa bete beharrekoa]; Espainian ere egiteko moduak egon beharko luke. Izan ere, astakeria demokratiko bat da iritzia eman nahi duten herritarrei debekua jartzea. Baina badakigu Espainiak Kataluniako azaroko galdeketarekin zer egingo duen: debekua jarri.

Legezko prozedura betetzeaz mintzo da Konstituzionala. Legezko pausoak bete zituzten EAEn 2008an Galdeketaren Legearekin —2004an estatutu berriarekin bezala— eta orain Katalunian, euren esparruan. Baina, gero, Konstituzionalak baliogabetu egin zituen.

Pentsatzen dut ekinbide haiek sustatu eta bozkatu zituztenei Espainiako Konstituzioa horma bat dela irudituko zaiela.

Euskal Herriko aurreko bake prozesuan, Loiolako 2006ko elkarrizketetan, EAJko, Batasuneko eta PSEko ordezkaritzek zioten «Espainiako Estatuko instituzioek errespetatu» egin beharko luketela «euskal herritarrek modu libre eta demokratiko batean erabakitakoa».

Bai, baina hura borondate huts bat baino ez zen, juridikoki ez zuen inolako baliorik. Gainera, PP ez zegoen Loiolako elkarrizketetan, eta, akordio hura gauzatu izan balitz, Alderdi Popularrak Konstituzionalean helegitea aurkeztuko zukeen. Eta irabazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.