Erabaki eskubidea izateko nahia nagusi da, baina apaltzen ari da

jon olano
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Telesforo Monzon laborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak 2020an abiatu zuten Naziometroa, helburu batzuk zehaztuta: independentzia nahia neurtzea, horretarako arrazoi nagusiak zehaztea, euskal estatu baten inguruko jarrerak neurtzea eta jarrera horien atzean dauden motibazioak ezagutzea. Bosgarren neurketako datuek aurkia eta ifrentzua dute: erabakitzeko eskubidea izan behar dutela uste dutenek hiru aldiz gehiago dira kontra daudenak baino, baina iritzi horrek lurralde denetan egin du behera; are, Naziometroa abiatu zenetik eskuratutako datu apalenak dira; hamarretik sei daude alde.

Ildo berean, galdetuta ea Espainiako eta Frantziako gobernuek onartu edo debekatu egin beharko luketen etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzearen aldeko erreferendum bat, azken Naziometroan erreferenduma onartzearen aldeko iritzia orain arteko baxuena da (%56).

Horrez gain, Espainiako eta Frantziako lurralde antolaketarako formula gogokoenei dagokienez, lehentasunak aldatu dira. Orain arte antolaketa eredu gogokoena zera izan da, erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen dien estatua; %32tik %26ra jaitsi da azken bi neurketetan. Aurreko neurketetan bigarren aukera moduan ikusi zen eredua, berriz, lehen postura igaro da: eskumen gehiago duten erkidegoez osatutako estatu bat —%26tik %29ra—.

Azkenik, bosgarren inkestak ere frogatu du ez dela gauza bera independentziaz edo euskal estatuaz galdetzea. Zehazki, independentziaren aurkakoak gehiago dira (%42,2) aldekoak baino (%22,9), baina joera bat nabari da: aurkakotasun hori lau puntu murriztu da hiru urtean, eta batez ere zer erantzun ez dakitenen kopuruak egin du gora. Euskal estatuaz galdetuta, berriz, %35,1 daude alde, eta %27,5 kontra. Kasu horretan ere, aldekoak nahiz kontrakoak apalduz doaz, eta pisua hartzen ari dira zer jarrera hartu ez dakitenak: %20,7 dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.