Hezkuntza

Erabaki dute 4,3 milioi euro gehiago jartzea Nafarroako 0-3 ziklorako

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Izquierda-Ezkerrak izenpetu dute akordioa. Hezitzaileen lan baldintzak eta geletako ratioak hobetu asmo dituzte.

Nafarroako haur eskolen aldeko protesta bat, artxiboko irudian. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 21a
17:03
Entzun

Nafarroan, 0-3 zikloko lan gatazka soka luzea edukitzen ari da. Konponbidea eman nahian, Nafarroako alderdi politiko gehienek itun bat sinatu dute gaur: PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Izquierda-Ezkerrak bat egin dute. Dokumentuan jaso dutenez, Nafarroako 2023ko aurrekontuen aurreproiektuan 4,3 milioi euroko diru saila egongo da udalen eta Nafarroako Gobernuaren haur eskoletako langileen soldatak berdintzeko eta hezkuntza laguntzarako ehun jardunaldi osatzeko adina langile hartzeko. Sinatzaileek nabarmendu dutenez, hauxe izango da helburua: eskaintza publikoa, integrala, doakoa eta unibertsala bermatzea.

Nafarroako Parlamentuko taldeek konpromiso «irmoa» dutela ziurtatu dute; alabaina, hezkuntza laguntza «progresiboki» indartu asmo dute, «Europako ratioetara» iristeraino. Gainera, baliabide horiek haur eskola txikietara ere bideratuko dituzte, ohar bidez azaldu dutenez. Dena den, akordioak ez die eragingo tokiko entitateei, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan onartua dutenaz harago.

Nafarroako 0-3 plataformak erantzun egin dio proposamenari. Eider Garde bozeramaileak azaldu duenez, momentuz ez dute akordio horretaz hitz egin plataformaren barruan, baina esan du pentsatzen duela printzipioz «albiste onak» direla. Dena den, hitzemandako hobekuntzak egutegi batean ipintzearen falta sumatzen dute: «Iruditzen zaigu gehiago zehaztu daitekeela». Erantsi duenez, akordioak aurrera egin dezan, beharrezkoa izango da 2023ko aurrekontuak onartzea; hortaz, beste modu batera egitea nahi dute: egokiagoa iruditzen zaie legez arautzea.

LAB sindikatuak ere eman du iritzia. Positiboa iruditzen zaie akordioa sinatzea: «Zikloa duintzeko beste urrats bat da». Eta borrokan segituko dutela ziurtatu dute: «Nafarroarako sektore hitzarmen propio baten alde lan egiten jarraituko dugu».

Haur eskoletako langileek denbora daramate lan baldintzak hobetzeko eskatzen. Iazko ikasturtean, grebara jo zuten azkenean, eta maiatzean eta ekainean planto egin zuten 60 egunez. Nafarroako 103 zentroetatik 77tako langileak batu ziren 0-3 plataformak deitutako protestara, eta 59 haur eskolatan zerbitzua bertan behera utzi zuten. Geroztik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok egin izan die proposamenen bat, baina hezitzaileek ez dute begi onez ikusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.