hauteskundeak

Equo Berdeak Elkarrekin Podemos-IUrekin batera aurkeztuko da maiatzeko bozetara

Ahal Dugu-k, Ezker Anitza-IUk, Aliantza Berdeak eta Equok akordio bat itxi dute udal eta foru hauteskundeetan batera aurkezteko.

Oscar Fernandez, Equoko kidea eta Elkarrekin koalizioaren eleduna Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
2023ko martxoaren 22a
20:22
Entzun

Equo-Berdeak alderdiak bat egin du Ahal Dugu-k, Ezker Anitza-IUk eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioarekin, eta batera aurkeztuko dira maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara. Jakinarazi dutenez, aldeen «eskuzabaltasunean eta lankidetzan» oinarritu dute akordioa, azken urteetan bakoitzak bere bidea egin ostean. «Ezker progresista eta ekologistaren» espazioa «zabaltzeko» eta «berritzeko» asmoa adierazi dute.

Lau alderdiek adierazi dute zerbitzu publikoak, justizia soziala, feminismoa eta ingurumena izango direla koalizioaren ardatzak, eta gehitu dute bat egin izanak «bidezko gizarte bateranzko bidean» urratsak egitea ahalbidetuko duela: «Euskal ezkerraren proiektu bateratua da errealitatea herritarren alde eraldatzeko eta ongizate estatua berreskuratzeko gai den alternatiba».

Alderdietako ordezkariek erabakia babestu dute. «Hurrengo hauteskundeetan, azkenean, paper bakar bat egongo da gure espazioan», adierazi du sare sozialetan Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuak. Izan ere, Ahal Dugu barne hartzen duten koalizioez gain, 2019ko Espainiako Gorteetarako bozetan Mas Pais ere aurkeztu zen, eta 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Equo bera. Maiatzean, baina, Equo koalizio berdinean aurkeztuko da, eta Mas Pais-Euskadi Eraikik ez du zerrendarik aurkeztuko; bai babestuko ditu, ordea, «espazio politiko» bereko beste zerrenda batzuk, adierazitakoaren arabera.

Azken udal eta foru bozetara batera aurkeztu ziren arren, gerora Equok Mas Pais alderdiarekin bat egin izanak alderdi ekologistaren eta Ahal Dugu-ren arteko harremana hautsi zuen. Equok Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Elkarrekin Podemos-IUrekin bat egitearen alde egin zuen, baina Podemosen zuzendaritzak ez zuen onartu erabakia. Equok Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zuen ordezkari nagusi zen Juantxo Lopez Uraldek ere alderdia utzi zuen. Espainiako Kongresuko bozetara Unidas Podemosen zerrendetan aurkeztu zen, eta Aliantza Berdea alderdia eratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.