Xabier Reyren senide eta lagunei euren «doluminik sentituena, elkartasuna eta maitasuna» adieraziz abiatzen du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak BERRIAra igorritako oharra. Azken hamar urteotan preso nafarra «tratamendu krudelenean» eduki dutela gogora ekarri, eta ustez «salbuespenezkoa eta aldi baterakoa» behar lukeen erregimena euskal presoei «modu iraunkor eta sistematikoan» ezartzen dietela nabarmentzen du ohar horretan kolektiboak.
«Xabierren heriotza gorrotozko eta gizabiderik gabeko espetxe politikaren ondorioa da», azpimarratu dute. Eta horren arduradunak salatu dituzte: «Lehena eta nagusia, urrunketa eta sakabanaketa politika ezarri zuen eta gaur oraindik mantentzen duen Estatu espainola; bigarrenik, bere garaian politika hau txalotu edo babestu zutenak; eta azkenik, espetxe politika hori desaktibatzeko euskal gizartearen gehiengoak adierazten duen urgentziari beharrezkoa den irmotasunez erantzuten ez diotenak».
Reyren heriotzagatik euren «samina» adierazteko, hiru eguneko dolua egingo dutela iragarri du EPPK-k, eta espetxe eta modulu bakoitzaren esku utzi ditu heriotza salatzeko burutu beharreko ekinbideak. Aldi berean, bihar Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute gizartea, «Xabierren heriotza politikoki salatzeko eta berarekiko errekonozimendua adierazteko».
EPPKren oharra, elkartasuna adierazi eta heriotza salatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu