Erreakzio ugari eragin zituen atzo arratsaldean Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ateratako agiriaren berriak. Guztiek nabarmendu zuten emandako pausoak garrantzitsuak direla. Gaurko ere espero dira erreakzio gehiago; Sortuk, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk, esaterako, agerraldiak iragarri dituzte.
JOSEBA PERMACH Sortuko kidea
«Sekulako ekarpena egin du EPPK-k, eta aldebakarrekoa»
Sortuk bere balorazioa gaur egingo du, baina presoen kolektiboaren agiria «sekulako ekarpena» dela esan du Joseba Permach alderdiko kideak, «aldebakarrekoa» izan dela nabarmenduta. Nazioarteko arduradun Maite Ubiriak, berriz, presoen kolektiboak «erantzukizun handia» erakutsi duela esan zuen, eta urtarrilaren 11n Bilbon presoen eskubideen alde egingo duten mobilizazioan parte hartzera deitu.
RODOLFO ARES PSE-EEko antolakuntza idazkaria
«Aurrerapen handia da orain arte izan duten jarrerarekiko»
«Aurrerapen handia» egin du presoen kolektiboak «orain arte izandako jarreraren aldean», PSE-EEko antolakuntza idazkari Rodolfo Aresen esanetan. «Bere ohiko erretorika eta balorazio onartezinak egin arren, garrantzitsuena da gizarteratzearen bidea banaka egiteko prest daudela adieraztea, legearen bidetik, eta eragindako mina onartzea».
IÑAKI OIARZABAL EAEko PPko idazkari nagusia
«Gobernu honekin lasterbiderik ez dago, zuzenbide estatua eta legea onartzea baino»
«Berandu» iritsi da EPPKren adierazpena, EAEko PPko idazkari nagusi Iñaki Oiarzabalen esanetan. Hala ere, «berritasun bat» ikusi dio: «Gobernu honekin ez dagoela lasterbiderik, zuzenbide estatua eta legea onartzea baino». EPPK horretaz ohartu dela dio Oiarzabalek, baina oraindik ez dela «nahikoa», «onartezina» delako berarentzat «ustezko gatazka politiko bati buruz» hitz egitea.
CARLOS GARCIA ADANERO Parlamentuko UPNren bozeramailea
«Ardi larruz jantzi nahi dute, baina ez dira damutzen»
Ez du «ezer berririk» ikusi UPNk EPPKren agirian. «Ardi larruz jantzi nahi dute, baina adierazpena osorik irakurrita ikusten da ez direla ezertaz damutzen», esan du Nafarroako parlamentuko bozeramaile Carlos Garcia Adanerok.
UXUE BARKOS Geroa Baiko kidea
«Berri bikaina da; estatua behartuta dago erantzutera»
Geroa Baiko Uxue Barkosek pozik hartu zuen berria, Twitterren idatzi zuenez: «Berri bikaina da; estatua behartuta dago erantzutera». Geroa Baik helarazitako oharrean adierazi zuenez, «bake justu eta iraunkorra eraikitzeko ezinbesteko oinarria» ezartzen du EPPK-k egindako ekarpenak. Hala, horrek Espainiako Gobernuan eta ETAn jartzen du erantzuteko ardura; azken horren kasuan, desarmatze prozesuari ekin diezaion.
REBEKA UBERA Aralarreko Antolaketa idazkaria
«Presoek egin bezala, guztioi dagokigu gure erantzukizuna gure egin eta pausoak ematea»
«Erantzukizunez» jokatzen ari dira presoak, eta hori erakutsi dute berriz ere, Aralarreko Antolaketa idazkari Rebeka Uberak esan duenez. Haiek egin bezala, eragile guztiei dagokie, Uberaren iritziz, erantzukizuna onartu eta pausoak ematea. «Agiri honen bidez, berretsi egiten da EPPK-k aspaldian hartutako bidea, eta herri honek bizi duen bake prozesuarekin daukan konpromisoa». Begi onez ikusi du Uberak presoek beren gain hartzea erantzukizuna, «bere legezko ondorio guztiekin», baina gogora ekarri du nazioarteko gatazka armatuetan amnistia izan ohi dela «bakearen froga eta elkarbizitzaren oinarria».
IKERNE BADIOLA EAko komunikazio idazkaria
«Urrats kualitatiboa da»
«Urrats kualitatiboa eta errealista» iruditu zaio EAko Ikerne Badiolari presoen kolektiboak emandakoa, eta nabarmendu du gizarteak bultzatutako foroetatik eskatutakoari erantzun diola. «Adierazpenak baieztatzen du eragile guztiak ari direla bake prozesua indartzeko urratsak egiten, Mariano Rajoyren gobernua izan ezik». Horregatik, «borondate politikoa» agertzeko eta «mugitzeko» eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta ez dezala galtzen utzi «bakea lortzeko aukera hau».
UDALBILTZA
«Adierazpen garrantzitsua da, aurrerapauso bat delako»
Garrantzia eman dio Udalbiltzak EPPKren oharrari, eta aurrerapausoa dela esan du. EPPK-k biktima asko eta askotarikoak daudela eta «neurrigabeko sufrimendua» izan dela aitortu izana txalotu du Udalbiltzak. Giza eskubideak defenditu eta bizikidetzarako neurriak hartzeko premia azpimarratu du Udalbiltzak: «Bake eraikitzailearen premia daukagu».
LOKARRI
«Iragarpena modu baikorrean baino ezin da baloratu»
Hainbat sektorek EPPK-k gehiago egin dezakeela esan dezaketen arren, testua irakurrita EPPK-k «aurrerapen handiak» egin dituela eta kolektiboaren «jarrera baikorra» dela onartu behar da Lokarriren irudiko. Kolektibokoen elkarrizketarako jarrera, egindako minaren aitorpena, lege bitartekoak erabiltzeko prestasuna eta bide politiko eta demokratikoen aldeko jarrera nabarmendu ditu Lokarrik.
MERCEDES GALLIZO Espainiako Espetxe zuzendari ohia
«Urrats txiki handi bat da»
Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe zuzendari ohiak irakurketa positiboa egin du EPPK-k iragarritako urratsen inguruan. «Pauso txiki baina handia... ETAko presoen kolektiboak Espainiako espetxe araudia onartu eta eragindako mina aitortu du», idatzi zuen Twitter sare sozialean. 2004tik 2011ra artean izan zen Gallizo Espainiako Espetxe zuzendari, PSOE agintean zen garaian.
ROSA RODERO ETAk hildako Josu Goikoetxearen alarguna
«Aurrera egiten laguntzen du»
Rosa Roderoren iritzian, baikorra da EPPKren iragarpena eta «aurrera egiten laguntzen du». Joseba Goikoetxea ETAk hil zuen ertzainaren alarguna da Rodero. «Bakoitzak dagokionean irten beharko du espetxetik. Kasuak banaka aztertu behar dira, guztiak ez baitira berdinak».
COVITE
«Disimulu ariketa bat da»
«Egindako mina onartu bitartean urteetako hilketak justifikatu ditu» EPPK-k, Covite biktima elkartearen ustez. «Inolako berrikuntzarik» ez dio aitortu iragarpenari, eta «disimulu ariketa» dela dio.
EPPKren agiria. Erreakzioak
EPPKren iragarpenaren garrantzia nabarmendu dute eragile gehienek
Presoek «aurrerapen handia» egin dutela uste du PSE-EEk, eta «gatazka politikoa» aipatzea «onartezina» dela esan du PPkSortuk, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak gaur egingo dituzte agiria baloratzeko agerraldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu