Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) jakinarazi du "borrokaldi berria" hasi duela gaur, eta urte osoan zeharreko garapena izango duela ekimen horrek. "Lubakiotatik, espetxe politika ankerrari aurre egiteko garatuko dugu dinamika berria. Euskal Herriaren kontrako zapalkuntza orokorra indargabetu dezatela aldarrikatzera gatoz, errepresioaren antzutasuna azpimarratzera, espetxe politikaren antzutasuna, biziarteko zigorraren antzutasuna", dio EPPK-k BERRIAra bidalitako oharrean. "Estatus Politikoaren errespetua aldarrikatuko dugu".
Gaurtik aurrera komunikazio astea egingo dute. Segidan, itxialdiak eta gose grebak. "Ondoren eta, norabide berean, martxotik aurrera txandakako borrokari hasiera emango diogu".
"Eskaera zehatzak" egin ditu EPPK-k: "Bere unean ezarritako zigorrak gaindituta dituzten kideen berehalako kaleratzea, kondizionalaren epeetan diratekeen kideen berehalako kaleratzea, gaixo larri diren kideen berehalako kaleratzea eta bakarrik aurkitzen diren kideak berehala beste kideekin elkartzea".
Haien ustez, "egoera politiko orokorra irauli behar duen prozesu demokratiko indartsua" abiatu beharra dago, eta euskal eragile politiko eta sozial nagusiei "norabide horretan indarra" egiteko dei egin diete.
Halaber, EPPK-k jakinarazi du kolektiboaren "diziplina eta babesetik at kokatu dutela euren burua" Iñaki Rekarte, Balentin Lasarte, Esteban Murillo, Jorge Urruñuela eta Andoni Muñoz euskal presoak. "Aurrerantzean, euren izenean soilik hitz egin eta jardungo dute".
euskal presoak
EPPK-k "borrokaldi berria" abiatu du, "Estatus Politikoaren errespetua aldarrikatzeko"
Gaur hasi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak dinamika berria, eta komunikazio astea, itxialdiak edota gose grebak egingo dituzte urte osoan zehar, "espetxe politika ankerrari aurre egiteko". Eskaera zehatzak egin dituzte: zigorra beteta duten presoak askatzeko, gaixorik daudenak ere libre uzteko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu