eusko legebiltzarra

EPko Ezker Anitzako bi legebiltzarkideek ez dituzte aurrekontuak babestuko

Iñigo Martinezek eta Jon Hernandezek uste dute ez dagoela akordiorako tarterik Jaurlaritzarekin. Haien arabera, ez dago arriskurik Elkarrekin Podemoseko taldea hausteko.

Jon Hernandez EPko legebiltzarkide eta Ezker Anitza-IUko kidea, iaz, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2019ko azaroaren 18a
12:32
Entzun

Elkarrekin Podemos koalizioko Ezker Anitza-IUko bi legebiltzarkideek, Iñigo Martinezek eta Jon Hernandezek, ez dituzte babestuko Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuak. Isabel Salud EAEko Ezker Anitza-IUko idazkari nagusiarekin batera prentsa agerraldi bat egin dute biek, Gasteizen, eta azaldu dute ez dutela jarraituko EP Jaurlaritzarekin egiten ari den negoziazioetan. EPk eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak joan den ostegunean egindako bileran ikusi zen ez dagoela akordiorako tarterik, Ezker Anitza-IUren iritzian. Saludek adierazi du Jaurlaritzak ez duela kontu «garrantzitsuei» buruz hitz egin nahi EPrekin; kasurako, erreforma fiskalaz eta enplegu politikaz.

Lander Martinez EPko bozeramaileak gaur emango du bi legebiltzarkide haien jarrerari buruzko iritzia. EPko kide Equok esan du koalizioa saiatu behar dela aurrekontuetako akordio bat erdiesten.

Ezker Anitza-IUk aurre egin nahi die «lan prekaritateari eta iruzurrari», zergetan «progresibitatea» bultzatu nahi du, eta erreforma fiskala «irauli». Saludek deitoratu du Jaurlaritzak ez duela urratsik egin gura funtzionarioek soldatetan azken urteetan galdutakoa berreskuratzeko.

Hernandezek adierazi du «zintzo» jokatu nahi izan dutela euren jarrera iragartzean, eta uste du Jaurlaritza beste urteetan baino garbiago agertu dela Ezker Anitza-IUrentzat ezinbestekoak diren gaiak baztertzean. Haren arabera, Martinezen eta bien jokabideak ez dio eragingo EPren martxari. «Ez dago arriskurik talde parlamentarioaren hausturarako. Gertatzen dena gertatuta, legealdia bukatuko du».  EPk 11 parlamentari ditu: Ahal Dugu-ko kideak zortzi dira; Ezker Anitza-IUkoak, bi; eta Equokoa, bat.

Hernandezek ez du argitu Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideek zuzenketak aurkeztuko dituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.