EPk eskua luzatu dio Jaurlaritzari, baldin aldaketak egiten baditu

Gorrotxategik «funtsezko aldaketak» eskatu ditu, akordiorik egitekotan. Geroa Baik lehen arreta eta argiaren prezioa ditu lehentasun

Miren Gorrotxategi EPko bozeramailea, joan den apirilean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Promesak, akordio proposamenak eta kritikak. Aitzineko egunetan bertze talde politiko batzuek egin bezala, txandaka-txandaka ari dira alderdi guziak urte politiko berrirako asmoen berri ematen. Elkarrekin Podemos-IUren, Geroa Bairen eta PPren txanda izan zen atzo, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskua luzatuta abiatu zuen Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramaileak urte berrirako iragarpena. Urkulluk berak gainerako taldeei egindako proposamenari erantzunez aritu zen Gorrotxategi. Izan ere, Jaurlaritzako lehendakariak eskaintza egin die oposizioko alderdi politikoei elkarrizketa «diskretu» bat aitzinera eramateko. Horretan parte hartzeko prest dago EP-IU, baina baldintza batekin: Jaurlaritzak «funtsezko aldaketak» egin ditzala. Hala, eskatu du gobernuan ez dauden alderdi politikoek «lorratza» utzi ahal izan dezatela Jaurlaritzak garatzen dituen politika publikoetan.

Gorrotxategik atzo Gasteizen egindako agerraldian jakinarazi zuenez, «negoziazio bide guztiak» irekita mantendu nahi ditu EP-IUk Jaurlaritzarekin, baina ohartarazi zuen ez dutela «sekula» izanen aurretiazko akordiorik: «Gai bakoitzari buruz hitz egin, negoziatu eta erabakiko dugu». Gorrotxategik uste du «erronka garrantzitsuak» dituztela EAEn, autonomia erkidegotik harago ere badoazenak, eta «elkarrizketaren» eta «elkar ulertzearen» bidez ekin nahiko liekete.

Geroa Baik zehaztua du zein diren haren ustez lehentasunezko gai horiek: osasun arloko lehen arreta eta argindarraren prezioa. Hala adierazi zuen atzo Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkosek Iruñean egindako agerraldian. Haren ustez, koronabirusak ezin du lehen arreta zapaldu: «Ez bagara gai bi abiadura horietan lan egiteko, garrantzitsua eta premiazkoa uztartuta, arrisku hori izanen dugu». Lau neurri proposatu ditu osasun arloko langile falta moldatzeko: Nafarroako Osasun legea egitea, lehen arretarako BAME barruko mediku egoiliarren azterketarako ohiz kanpoko deialdi bat sortzea, erizaintzako langileria indartzea eta Medikuntzako plaza kopuru mugatua berrikustea.

Barkosen ustez, bertzalde, argindarraren prezioaren gorakadaren arazoari ez zaio oraindik «modu eraginkorrean» aurre egin; haren iritziz, ordea, ekintza politikoa «blaitu» beharko luke. Nafarroako «energia eredu propioaren» alde egin du Geroa Baik, eta galdegin du energien fiskalitatea erregulatzeko, horretarako Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa eguneratuta.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko Laura Garridok Eusko Jaurlaritzak egindako pandemiaren kudeaketa salatu du, eta «autokritika» galdegin dio Urkulluri.

Euneiz, zalantzan

Jaurlaritzari eskua luzatu arren, EPk lehendabiziko kritika egin zien EAJri eta PSE-EEri atzo. Koalizioaren ustez, Gasteizen egin asmo duten Euneiz unibertsitate proiektuak ez du Espainiako legedia betetzen. Are, hori konplitzetik «urrun» dago, eta, beraz, osoko zuzenketa bat erregistratu diote. Jaurlaritzak joan den martxoan onartu zuen unibertsitate pribatua sortzeko lege proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.