Eperik gabe atzeratu dute eskola segregazioari heltzea

Legebiltzarreko osoko bilkurak atzera bota du herri ekinbide legegilea, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin. Hezkuntza Legean jarri dute arreta

Atzoko eztabaida. Irudian, Xabin Zubiri. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko talde guztiak bat datoz: hezkuntza sistema kohesionatzera jo behar da, eta eskola segregazioa saihestu behar da. Ordea, hori erdiesteko neurriak epe jakinik gabe atzeratzea erabaki zuten atzo, osoko bilkuran. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Zubiak Eraikiz plataformaren herri ekinbidea eztabaidatzearen alde bozkatu zuten. EAJk, PSE-EEk eta PPk, berriz, aurka egin zuten. Ekinaldian proposatutako ideietatik abiatuta araudi bat egin beharrean, bidean dagoen EAEko Hezkuntza Legean gaia jorratzearen alde egin zuten.

Osoko bilkuran, begi gehienak PSE-EEren aulkietan egon ziren jarrita. Alderdi sozialistak babesa eman zion herri ekinbide legegileari lehen unetik. Ordea, irail erdialdean, Eusko Jaurlaritza ekinbidea tramitatzearen kontra azaldu zen, eta, horrekin batera, PSE-EEk iritzia aldatu zuen. Iritzi aldaketa irudikatu zuen atzo, Zubiak Eraikiz-en proposamenaren aurka bozkatuz. Juan Antonio Pastorrek erabakia argudiatu zuen, eta esan zuen Hezkuntza Legea dela gaia behar bezala lantzeko lekua. Halaber, Eusko Jaurlaritzak abiarazi dituen neurri batzuk nabarmendu zituen. Ideia horiek berretsi eta nabarmendu zituen Jone Berriozabal EAJko legebiltzarkideak: «Kontrakoa esan bada ere, hezkuntza administrazioa ez dago geldi».

PPko legebiltzarkide Juana Bengoetxeak adierazi zuen eztabaidaren ardatza beste bat dela: finantzaketa.

Neurri «aringarriak»

Zubiak Eraikiz-eko kide Xabin Zubirik defendatu zuen herri ekinbidea osoko bilkuran. Legebiltzarkideen aurrean esan zuen egun inor gutxik ukatzen duela kohesio falta. Horri aurre egiteko proposamenen inguruan bi bide daudela gaineratu zuen. Batetik neurri «aringarriak» daude: «Txiroarentzako diru apur bat, irakasleren bat gehiago...». Bestetik, sareen artean dauden desorekak «apurtzera» jo behar da: «Egoera okerragoan dauden zentroetan eragiteaz gain, egoera pribilegiatuan daudenengan ere eragitea».

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak neurri azkarren beharra defendatu zuen legebiltzarrean. Hezkuntza sistemak «porrot» egin duela nabarmendu zuen: «Gizarte paraleloak sortzen ari gara; egoera dramatikoa da, eta, hau gainditzen ez badugu, larrutik ordainduko dugu». Iritzi bertsua agertu zuen Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek. «Hezkuntza eredua ez da bidezkoa, ez da barneratzailea, eta, bikaina bada, borroka egiten duten langileengatik da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.