Neurri sorta bat eta epe zehatzak proposatu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoa euskalduntzeko. Xede hori duen proposamena aurkeztu zuten atzo hiru eragileek, Bilbon. Administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretua lantzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta hari egindako ekarpena da aurkeztutakoa. Era berean, alderdiei ere bidaliko dietela jakinarazi dute.
Bilbaok adierazi zuen sektore publikoa euskalduntzeari «determinazio osoz eta atzerapenik gabe» heltzeko beharra dagoela, eta momentuaren garrantzia nabarmendu zuen. «Kontuan izan behar dugu datozen urteotan langile publikoen erdiek erretiroa hartuko dutela, eta belaunaldi aldaketa hori abagune aparta da administrazioa euskalduntzeko, langile guztiei erreparatuko dien trantsiziorako prozesu batekin».
Proposatutako bide orriaren funtsa «eskubideen bermea erdiestea» dela azpimarratu zuen, gainera, Bilbaok, eta ez inoren kontra egitea. Alde horretatik, ziurtatu zuen «euskararen ezagutza jasotzeko bide eta baliabideak» biltzen dituela proposamenak, euskararen ezagutzarik ez duten langile publikoentzat, baita «salbuespenak» ere, «adinagatik edo bestelako arrazoiengatik» bide hori egin ezin dutenentzat.
Bi epe jomugan
Hiru eragileek adostutako bide orriak bederatzi neurri jasotzen ditu, eta bi epe ezartzen: bost urtean herritarrekiko euskarazko harremana bermatuta egongo dela dio, eta hamabost urtean sektore publikoak euskaraz jardungo duela. Langileen hizkuntza gaitasunari dagokionez, lanpostuei hizkuntza gaitasuna esleitu beharko zaiela dio, «herritarrekin eta lankideekin duten harremanaren» araberakoa.
«Euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea» ere aurreikusten du proposamenak, arta eta lan jarduna bereizita. Lehenengoaren kasuan, «euskaraz jardungo duen zerbitzu katea» definitu beharra dagoela dio. «Lan jarduna euskaraz garatuko duten unitateak» sortzeko, berriz, langileek lan harremanak euskaraz garatu ahal izateko besteko gaitasuna bermatu beharko dela dio proposamenak.
Hizkuntza eskakizuna duten lanpostu publikoak derrigortasun indizearen arabera kalkulatzen dira egun. Sistema hori «gainditzea» proposatu dute Kontseiluak, ELAk eta LABek, beharrezko hizkuntza gaitasunik ez duten langileak sektore publikora sar ez daitezen. Halaber, derrigortasun data ez betetzearen «ondorioak eta salbuespenerako aukerak» ere jasota daude proposamenean.
Formazioa ere ezinbestekotzat jo dute hiru eragileek, eta, alde horretatik, «langileen formaziorako programa sendoa garatzea» proposatu dute, hezkuntzako formazioan ispilatuta.
Bestalde, lan poltsetan sartzeko irizpideen eta gutxieneko hizkuntza eskakizunen gaineko eztabaida epaitegietara iritsi den honetan, argia da Kontseiluaren, ELAren eta LABen posizioa: «Ezinbestekoa da lanpostuen deialdi berri guztietan B2 hizkuntza eskakizuna, gutxienez, ezarrita izatea, eta lanpostuaren funtzioari edo betekizunari lotutako proba bat, gutxienez, euskaraz izatea».
Administrazio publikoko langileen egonkortasunik eza ere aipatu dute, sektore publikoa euskalduntzeko oztopo gisa. Horregatik, mugikortasunak euskalduntze prozesuari kalterik ez egiteko irizpideak ezarri beharra eskatu dute.
Azkenik, «hizkuntzaren erabilera irizpideak arautu» beharra ere jaso dute, kontuan hartuta euskara gutxiagotutako hizkuntza bat dela, eta, beraz, «hizkuntza hegemonikoa boterez eta baliabidez nagusi» dela.
CCOO, «agrafoez»
CCOO sindikatuak ere aurkeztu dizkio zuzenketak dekretuari, baina beste hiru eragileek zehaztutakoaren kontrako norabidean. Ziurtagiri ofizialen bidez «hiztun pasiboak edo euskaldun agrafoak» —euskaraz hitz egin bai baina idazten edo irakurtzen ez dakitenak— kontuan hartzeko eskatu du, ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Egun indarrean dagoen dekretuak zehazten dituen derrigortasun proportzioak «errespetatzeko» eskatu du, gainera, sindikatuak, argudiatuta azken urteetanzenbait administrazio —«ez gutxi»— proportzio horietatik aldendu izan direla.
Gainera, EAJri eta PSE-EEri egotzi diote ELAren eta LABen «presio baztertzaileetara» makurtu izana, zeinak «Gernikako Estatutuak zehaztutako adostasun linguistikoetatik aldentzen» baitira, haren arabera.
Epemuga bat proposatu dute administrazio publikoa euskalduntzeko: 15 urte
Derrigortasun datak lanpostu guztietan aplikatzea eta gutxienekoa B2 maila izatea nahi dute Kontseiluak, ELAk eta LABek. Bederatzi ekarpen egin dizkiote Jaurlaritza lantzen ari den dekretuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu