Euskaraldian belarriprest modura parte hartuko du Pello Jauregik (Pasaia, Gipuzkoa, 1958). Dioenez, bere burua ez du prest ikusten toki guztietan lehen hitza euskaraz egiteko eta euskarari eusteko. Hala egingo du maiz, baina ez duenez beti egingo, belarriprest txaparekin ibiliko da. Hori aldarrikatu du: hobe dela belarriprest txaparekin ahobizien jokabideak hartzea, eta ez alderantziz. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko hainbat proiektutan aritu da ikertzaile gisa. Euskaraldian ere ari da.
Milaka lagun ari dira izena ematen; %80, ahobizi gisa. Espero zenuen? Abiapuntu egokia da?
Espero izatekoa da. Ahobizi figura arruntagoa da ulertzeko: askotan eskatu zaie euskaldunei euskaraz egiteko. Belarriprest berria da, eta kosta egingo da sozializatzea zer den eta zer garrantzi duen.
Jendearentzat bigarren mailakoa da belarriprest rola?
Batzuek hala ulertu dute. Konpromiso txikiagoa eskatzen duen heinean, ematen du gutxiago dela. Gure lana izango da alditik aldira horren garrantzia adieraztea.
Kantitatea izango da Euskaraldian. Kalitateaz baduzu kezka?
Aurrekoarekin lotuta dago hori. Nahiago nuke belarriprest txapa eramatea eta tarteka ahobizi gisa jokatzea, eta ez ahobizi txapa eraman baina batzuetan konpromisoari ez eustea. Arrisku hori badago: esatea «Ni euskalduna naiz, eta ahobizi txapa eramango dut», baina gero egoera batzuetan ez eustea. Hori egitea baino hobe da belarriprest txapa eramatea baina ahal denean ahobizi gisa jokatzea.
Euskaldun dentsitate txikiko lekuetan, erabiltzeko muga ikusita, zer zentzu du Euskaraldiak?
Identifikagarriak aukera ematen du jakiteko norekin egin dezakezun euskaraz. Abantaila ikaragarria da. Bestela, ez badakizu norekin egin dezakezun, joera naturala da dena erdaraz egitea, ez dutelakoan euskaraz jakingo. Baina ikusten badituzu txapa dutenak, badakizu nahi izanez gero euskaraz egin dezakezula. Pizgarria da.
Giroan nabari duzu ilusioa?
Bai, badago zerbait berriaren susmoa. Batzuetan, aitzakiak falta izaten dira euskaraz egiten hasteko. Niri familian gertatu zait: Euskaraldia, hasi baino lehen ere, aitzakia polita izaten ari da jende askorentzat ohitura batzuk aldatzeko. Jende asko irrikan dago.
Aldaketa pertsonala eskatzen du, baina kolektiboan eginda. Zer garrantzi du taldean egiteak?
Erabatekoa. Izaki sozialak gara, eta elkarri begira gaude. Batera egiten badira gauzak, kutsatu eta handitu egiten da. Hori da kolektiboa izatearen puntu nagusia: ohitura neuk aldatu behar dut, baina inguru sozialarekin egiteak izugarrizko laguntza ematen du.
Taldean aritzearekin lotuta, entitateetan eragitea ere aipatu da.
Orain pertsonek banaka emango dute izena, baina erakunde batean askok parte hartzen badute, sortuko da giro bat gauzak mugitzeko eta egiturazko erabakiak hartzeko. Hala ere, interesgarria da entitateek ere zein erabaki formal hartzen dituzten prozesu honi erraztasunak emateko. Hurrengo aldietan, seguru asko, egongo da banakoek izena ematea, baina entitateei eskatuko zaie egiturazko erabakiak hartzea. Biak batuta indartsuagoa izango da eskema.
Espero izatekoa da hurbileko esparruan izango dela zailena hizkuntza ohiturak aldatzea.
Euskaraldiak, masiboa eta orokorra izanik, ezin ditu teknika zehatzak aplikatu. Euskaraldiak zera eskatzen du: egin proba, eta ikusi. Konbentzitzea baino gehiago, probatzea eskatzen da, eta gero ateratzea ondorioak. Proba hori babes kolektiboarekin egingo da. Denetik gertatuko da. Batzuek esango dute: «Ez da hain zaila. Posible da». Beste batzuek: «Uf, oso zaila da». Batzuek ez dute lortuko, baina beste batzuek, bai. Ikustean beste batzuek lortu dutela, orduan kate bat hasten da.
11 egunean alda liteke ohitura?
Batzuetan, bai; beste batzuetan, ez. Pertzepzioa da faktore nagusietako bat. Ohitura zerbait erosoa da, natural egiten dena, pentsatzea eskatzen ez duena. Aldatzeak jokaera bat eskatzen du, lana emango duena, hain eroso sentiaraziko ez duena: ahalegin bat. Aldaketa egiterako pentsatzen badut oso zaila izango dela, ezinezkoa dela, pertzepzio horrekin ezin diot heldu egoera berriari. Ohitura aldaketa guztietan, probatzea da gakoa, baina denbora mugatuta. Nekagarri den jokaera bat eskatzen bada denbora luzez, handitu egiten da zama; errazagoa da denbora mugatuta probatzea. Eta batzuek esango dute: «Ez da uste bezain zaila».
Alegia, tarte mugatu bat hartu, atsedena egin, eta gero berriro?
Batzuetan beharrezkoa izango da berriro egitea. Horregatik planteatzen da Euskaraldia epe luzerako. Oraingoan pertzepzio asko aldatuko dira. Batzuek lortuko dute, eta besteek ez, baina lortuko dutenak eredu izango dira besteentzat. Eboluzio bat izango da.
Elkarrizketa elebidunen bidea ere aipatu du Euskaraldiak. Posible da hor asko egitea aurrera?
Bi kideek euskara ulertzen duten kasuetan planteatu ditugu. Teknikoki ez dago zailtasun nabarmenik. Gehiago da zailtasun psikologikoa: arraro, deseroso sentitzea. Besteak beste, horregatik du horrenbesteko garrantzia belarriprest rolak; nahiz eta besteak erdaraz erantzun, badakizu ulertzen duela eta jarrera irekia duela, nahi duela zuk euskaraz egitea. Lasai aritzen zara euskaraz, badakizu ez zarela ari egoera behartzen. Horrek masiboa izan beharko luke, euskaraz egin nahi dugunok toki gehienetan lasai egiteko.
Kaleko erabileran nabaritzeko aldaketa espero behar da, ala aldaketa pertsonala da gehiago?
Zaila da erantzutea. Epe motzean ez dakit garbi ikusiko den, baina epe ertain batean kalean ikusi beharko litzateke, prozesuak horretara eraman beharko gaitu. Ikusiko bagenu epe ertainean erabilera datuek ez dutela gora egiten, birpentsatu egin beharko genuke.
Horrek eragiten dizu bertigorik?
Bertigoa ez. Honek guztiak zentzua eskatzen du. Badago anbizio puntu bat: modu berriak esperimentatzen ari gara erabilera bultzatzeko. Badauzkagu zenbait datu eremu txikiagoetan; emaitzak interesgarriak dira. Baina ez da berdin era kolektiboan egitea. Ikusi behar da zer ematen duen. Batetik, anbizioa: forma berriak esperimentatu behar ditugu. Bestetik, zuhurtzia: ikusi behar da zer ematen duen. Epe ertainera begiratu behar da. Oso lasai nago alde horretatik. Ausarkeria litzateke zera pentsatzea: «Hau da formula magikoa, honek konpondu du». Nik ez daukat pentsamendu hori.
Baduzu kezka euskararen indarberritzea honen gain uzteko?
Oraingoz ez dut ikusten hori gertatzeko motiborik, baina izan daiteke arriskua. Sinplifikazio bat da: karta batean egitea apustu osoa. Ez da zentzuzkoa. Gauza asko behar dira. Hau ez da giltzarri bakarra: hor dago hizkuntza plangintza, hor dago hizkuntza politika. Euskaraldiak puntutxo bat eskaintzen du, baina bere dimentsioa eman behar zaio, ez gehiago.
Bihar: Euskaraldia euskaldun dentsitate txikiko eremuetan.
SERIEA. Euskaraldia prestatzen (IV). Pello Jauregi.
«Epe ertainean kale erabileran ikusi beharko litzateke»
Hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoak ikertzen aritua da Jauregi. Ohartarazi du garrantzitsua dela rolak ondo betetzea: haren ustez, hobea da 'belarriprest' txaparekin 'ahobizi' gisan jardutea tarteka, ez alderantziz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu