Hezkuntza

Epaitegira deitu dituzte Skolae programa landu zuten bost aditu

Guztira hamar lagunek deklaratu beharko dute hezkidetza programaren aurkako salaketagatik. Solana kontseilariak "sorgin ehiza" salatu du.

Skolaeren aurkako kartel bat, protesta baten harira. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 6a
07:01
Entzun

Eskoletan bidea egiten ari da Skolae Nafarroako hezkidetza programa, baina haren aurkako salaketak ere bidea egiten hasi dira epaitegietan. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak deklaratzera deitu ditu programan lanean ari diren hamar profesional: egitasmoa taxutu zuten bost aditu, eta irakasleak trebatzen ari diren beste bost. Lekuko gisara deklaratuko dute hilaren 14an. Gobernuak jakinarazi du epaitegira joango dela egun horretan, profesional horiei babesa adieraztera. Maria Solana Hezkuntza kontseilariak salatu du "sorgin ehiza" egiten ari direla.

Gobernuak hezkuntzaren arloan egindako apustu nagusietako bat da Skolae programa; "kultura berdinzalea" bultzatzea du helburu, eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziazio lana egitea. Eskuineko sektoreek, ordea, oso irmo jo dute egitasmoaren aurka: umeak "doktrinatu" nahi izatea leporatu diote gobernuari, eta kalean protestak antolatu dituzte. Gogoan izatekoa da Poliziaren babesean jarri zutela Solana kontseilaria; besteak beste, bulegora sartu, eta pintaketak egin zizkioten.

Epaitegietan abiatu zuten beste bide bat. Bi salaketa ipini dituzte Skolaeren aurka. Bat, Plataforma Nacional 18M izeneko taldeak —Juan Jose Cortes PPko diputatua da hango presidentea—; bestea, familia batzuek. Epaileak tramiterako onartu zituen bi salaketak, eta auzibidea martxan da. Testigantzak biltzen hasiko da epailea.

Arduradun politikorik ez

Lekukotasun eskarietan izan dira berritasunak. Salaketa jarri zuen plataformak ez du testigantzarik eskatu azkenean, eta familiek hamar lagun epaitegira joatea galdegin dute. Horietako bost Skolae proiektua taxutzen aritu ziren, eta beste bost tutore lanetan ari dira, programa ematen ari diren eskoletako irakasleak trebatzen.

Kontua da tutore lanetan ez direla bost horiek soilik ari: 33 trebatzaile daude Skolaen. Nolatan deitu ote dituzten bost, kontuan izatekoa da UPNk eta PPk zerrenda bat eskatu ziotela gobernuari parlamentuan: Skolaen lanean ari direnen datuak. Uste izatekoa da zerrenda hori oinarri hartuta hautaketa zehatz bat egin dutela salatzaileek. Tartean ez dago gobernuko arduradun politikorik.

Hilaren 14an epaitegi aurrean izango dira ordezkari politikoak. Proiektuan lanean ari diren profesionalak jomugan jarri izana salatu du Hezkuntza Departamentuak. Salaketa jarri duten familiak saiatu ziren Skolae proiektua eteten, auzibidea argitu arte geldiarazten, baina epaitegiek atzera bota zuten eskaria, argudiatuz "interes orokorra" lehenetsi behar dela era horretako kasuetan.

Eta zabaltzen ari da proiektua. Gaur-gaurkoz 116 eskolatan dute martxan jarria, eta 2.200 irakaslek jaso dute prestakuntza —jardunaldi bat egin dute Skolaeri buruz, eta bertan eman dituzte datuak—. Gobernu aldaketak programa kolokan jarriko ote duen, Solanak nabarmendu du Skolaeren aldekoa dela parlamentuko gehiengoa. "Oso zaila da gehiengo horren aurka jotzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.