Bakegintza. Foroa

Epaitegietako korapiloak desegiteko zailtasunak nabarmendu dituzte

Aitzinamenduak izan direla, baina oraindik badela zer egiteko berretsi dute Bakegintza Foroko bigarren saioan. Presoak bakerako «giltza» direla eta egoera «urgentea» dela azpimarratu dute

Max Brisson eta Frederique Espagnac parlamentariak eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea eta Jean Noel Etxeberri bakegilea. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Euskal presoen aurkako «salbuespen egoera» bukatu behar dela, lana eta erabakiak kolektiboak behar direla, eskubideak errespetatu behar direla, baldin eta «itzulbiderik gabe bake prozesua» nahi bada, eta egoera «urgentea» dela, presoen kolektiboa zahartzen eta akitzen ari delako, arriskuak emendatuz doazelako, Jean Noel Etxeberri Txetxbakegilearen hitzetan, hori aldarria. Parean, kasuan-kasuan tratatuko dela gaia. Bien artean, kanal bat, Frantziako Justizia Ministerioa eta Ipar Euskal Herriko parlamentari eta bakegileez osatua. Lanean ari dena. Funtsean, aurki biltzekoak dira.

Baina, bien artean bada ere, justizia bat. Epaiez, epaitegiez, epaileez, prokuradoreez, abokatuez, eta baita konbikzioz, ideiez, sentimenduz, politikaz osatua. Hots, korapilo ugari atzo azaltzen ahalegindu zirenak Bakegintza Foroaren bigarren egunaren karietara, Miarritzeko Bellevue egituran. ETAren armagabetzearen urteurrenaren karietara antolatu bigarren hitzordua zuten atzokoa. Presoak zituzten gaitzat, Frantziako Estatuan direnak.

Egoeraren konplexutasuna honela laburbildu zuen Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidente eta Baionako auzapezak: «Batzuetan, oztopo administratiboak oztopo politikoak baino zailagoak dira gainditzeko». Zailtasun horiek xeheki azaldu zituen Xantiana Cachenaut euskal presoen abokatuak. Izan ere, zenbait aitzinamendu izan, badira, bereziki DPS estatusa kendu dietela presoen herenari eta bederatzi hurbildu dituztela —azkenengo biak aste honetan—. Nahiz eta hor ere oraindik ez den dena bideratua. Hasiz emazte presoen egoeratik. Izan ere, gaur egun hamabi emazte dira preso Frantziako presondegietan. Hauek hurbiltzeko ere, adibidez, Lannemezan eta Mont-de-Marsango presondegietara (Okzitania), baliabiderik ez da. «Mementoko ez da soluziorik. Maleruski, hor pausatzen den galdera orokorra da, emazte presondegien gaia da hor galdekatua. Biziki guti baitira Frantzian. Hor da neurtzen, presondegien eremuan populazio hori nola tratatzen den». Baina «guztiak» ari direla arazoa gainditzeko lanean gaineratu zuen Funosasek. «Guztiak» horretan sartzen ditu Justizia Ministeriokoak, baita presoen kolektibokoak ere.

Baina hurbiltzeen gaiaz bestalde, korapilo nagusietako bat zigorren betetze eremuan dagoela esplikatu zuen Cachenautek. «Alta, aitzinamendu handiak egiteko giltzak eremu horretan aurkitzen dira», nabarmendu zuen abokatuak. Argazki orokorrak baikorra dirudi, alta.

Azken urte honetan, 21 preso askatu dituzte. Baina denek zigorra bururaino bete dute. Ez da izan zigor egokitzapenik. Gehienak ondotik Espainiako Estatuko autoritate judizialen esku utzi dituztela.

Eta argazkiaren bilakaera hurbiletik begiratuz geroz, hauxe da egoera: 2017ko apirilaren 5ean 74 preso ziren —59 gizon eta 15 emazte—, Frantziako Estatuko 24 presondegitan. Gaur egun, 53 preso daude —41 gizon eta 12 emazte—, 20 presondegitan. Eta horra zergatik den zigor egokitzapenetan giltza nagusia. 53 preso horien artean, bost dira «bakarrik» beren epaiketaren zain. «Gainerako 48ak kondenatuak dira». 19 dira baldintzapeko askatasuna eska dezaketenak. Eta urte bukaeran hiru gehiago. Eta eskaerak egiten dituzte. Eskaerak egiteko aurkezten diren txostenak nehork ez dituela kritikatzen gaineratu du Cachenautek, alderantziz. Baita ministerio publikoak ere aitortzen diela lana. Baina, beti bada hor, baina bat agertzen dena. Azkenaldian. 2016an bozkatu terrorismoaren aurkako lege berriari lotua. Delitua berriz egiteko arriskuak hartu behar direla dio legeak. Horra arazo bat. Eta beste bat, legeak aipatzen duen froga garai bat, baldin eta baldintzapeko askatasun hori, adibidez, zaintza elektroniko modura betetzen den. Kontua da froga garai hori Frantziako Estatuan bete behar dela. Baina preso anitzek Frantziako Estatuan gelditzeko debekua dutela.

Baina baina horrek badu bere soluzioa ere, «sinplea», Cachenauten iritziz: «Lehen ministroaren dekretu bat aski litzateke». Paradoxikoki, 2011 aitzin, Aieteko hitzarmena aitzin, baldintzapeko askatasun gehiago lortzen zuten, orain baino gehiago. 2015tik baldintzapeko askatasun bakarra da onartu, eritasunagatik. Eta horra beste paradoxa bat. ETArekin distantziak hartzea galdetzen zaiela presoei, presoek berek borroka armatuaren bukaerarekin ados direla diotela, baita desarmatzearekin ere; hori, preseski, ETAren diskurtsoa dela leporatzen diete. Beraz, beti ETAtik hurbil segitzen dutela: «Egoera kafkar batzuen aitzinean gaude. Hortik ateratzeko atea aurkitzea zaila da», Cachenautek beti. Ion Paroten baldintzapeko askatasunaren eskaera ukatu izana horren adibide jarri du abokatuak. «Motiboak adierazgarriak dira. Beldurgarriak», Cachenautek. Funtsean, Ion Parot ere izan zuen aipagai Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak.

«Ilusiozko beldurra»

«67 urteko gizon bat askatzea ukatzea? 28 urte preso dela, 13 urte aska dezaketelarik? Ekintzak berresteko arriskua dagoela erranez, bere damuak ez lituzkeelakoan aski argi adierazten, eta hori jasangaitza litzatekeela biktimentzat?», galdetu zuen Tubianak. Ekintza berresteko arriskua «ilusiozko beldur bat astintzea» dela leporatu zuen Tubianak. Biktimen interesa ez aski kontuan hartzearen argumentua, berriz, «biktimen sufrimenduaren gibelean gordetzea da eta sufrimendu hori esplotatzea».

Horren parean, guztiek bat egin zuten gizarte zibilak segitu behar duela lanean, aldarrikatzen, mezua baita Pariseraino eramaten. Azkenean, magistratuak erakutsi jarrera «hertsi horiek jasangaitzak bilaka daitezen», Cachenautek dioenez. Orain arte, aldaketa bakarra hauteman dutela gaineratu zuen abokatuak. Eta baduela bere garrantzia: «Gertakari politikoa termino juridikoetara ekarriko du». Eta horrek egin zuen posible Mikel Irastorzaren baldintzapeko askatasuna.

Erabaki anitz zigorren betetzeen ardura duen epaileen esku direla eta, haiei mintzatu behar zaiela, hori berretsi zuen Philippe Texier ohorezko magistratua, NBEko adituak. Baina horrez gain, Justizia Ministerioak ere ukan dezake bere rola: «Irudika dezagun Justizia ministroaren zirkular bat galdetzen duena prokuradore guztiei elementu politiko hau kontuan har dezaten. Hau da, borroka armatuaren behin betiko ukapena. Beharbada beste emaitza batzuk lortuko genituzke».

Aipatu zuen, halaber, egiaren batzorde baten sortzeko premia. Bakea «eraikitzen dela», berretsi zuen, Harold Good apezaren hitzak bere eginez. Ipar Irlandako bake prozesutik ekarri esperientziatik mintzatu zen Good. Presoak ahal bezain goiz askatu behar direla zioen Goodek. «Baketzea posible al da, baldin eta etxetik urrun dauden presoek ez badute itxaropenik? Presoen seme-alabek behar dituzte segurtasun batzuk. Presoak bakearen giltzak dira. Presoak ez badira prozesuaren barne sartzen eta ez badira engaiatzen, ezinezkoa da hitzarmena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.