Gasteizko Lehen Instantziako Seigarren Epaitegiak atzera bota du Eusko Alkartasunak iazko otsailean egindako kongresuan hartutako erabakien kontrako salaketa. EAko ildo kritikoak eraman zuen afera epaitegira, argudiatuta afiliatuen parte hartzeko eskubidea urratu egin zela. Orain, baina, Gasteizko epaitegiak ontzat jo ditu ebazpen haiek, eta epaiketaren kostuak ordainarazi dizkie salatzaileei. Halere, epaia ez da irmoa, eta hogei egun dituzte helegite bat aurkezteko.
Iazko otsailaren 19an eta 20an egin zuen EAk alderdiaren XIII. Biltzar Nazionala; besteak beste, alderdiaren estatutuak aldatu zituzten, eta proposamen politikoa onartu zuten. Era berean, Eba Blanco hautatu zuten alderdiko idazkari nagusi kargurako. Auzi judiziala tarteko, erabaki horiek berresteko ezohiko XIV. Biltzar Nazionala ere egin zuen alderdiak, baina, orain, epaitegiak ebatzi du legez egin zirela.
Epaiak otsaileko kongresuaren inguruko auziari soilik erantzuten dio, eta 2019ko primarioen inguruan martxan den prozesu judizialari; Auzitegi Gorenak ebatziko du haien inguruan, EAk aurkeztutako helegiteak tramitera onartu ostean. Halere, gaurko ebazpenak ontzat jotzen du otsailean onartutako estatutu aldaketa. Haietan jada ez dira primarioak ageri idazkari nagusia hautatzeko formula gisa.
Bozketa telematikoa
Kritikoen salaketak batzarra egiteko moduaren kontrakoak izan ziren. Bozketak telematikoki egin izana salatu zuten, argudiatuta ez zela afiliatuen parte hartzeko eskubidea bermatu eta ez zegoela ezarrita erabakiak modu horretan egiteko araudirik. Epaitegiaren arabera, ordea, araudirik ez egotea ez da eragozpena halako tresna bat erabiltzeko, modu egokian egiten bada: «Nahiko informaziorekin eta bilkuran parte hartzen dutenen bermeak eta eskubidea errespetatuta».
Era berean, kritikoek azaldu zuten zuzendaritzak ez ziela adierazi zenbat ziren kuota bat ordaindu ez eta botoa emateko eskubidea zuten afiliatuak. Epaimahaiak, ordea, ebatzi du ez dagoela alderdiaren estatutu edo araudietan halako eskaera bat egitea justifikatzen duen punturik.
EAk ohar batean adierazi duenez, hartutako erabakien legezkotasuna eta EAren zuzendaritzaren «legitimitatea» indartzen ditu epaiak. Blancok salatu du ildo kritikoko zenbait kidek «gezurrak» esan dituztela alderdiko zuzendaritzaren kontrako «jazarpen» estrategia justifikatzeko. Hala, espero du epaia «inflexio puntu bat» izatea, eta kritikoei eskatu die ebazpena eta alderdiko «organo legitimoen» akordioak «demokratikoki onartzeko».