Euskal presoak

Epaitegiak Izaskun Lesaka aske uztea onartu du, baina prokuradoreak bertan behera utzi du

Bakegileek eta Bake Bideak «terrorismoaren» aurkako prokuradorearen jarrera salatu dute. Jakinarazi dute Kondenak Aplikatzeko Parisko Epaitegiak Izaskun Lesaka presoa aske gelditzeko eskaera onartu zuela asteartean, baina prokuradoreak helegitea jarri zuela eta, beraz, bertan behera utzi dutela baldintzapeko askatasuna.

Bakegileen protesta otsailaren 18an, Baionako suprefeturan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2022ko martxoaren 4a
10:15
Entzun

Bakegileek eta Bake Bideak «gogorki» arbuiatu dute «terrorismoaren» aurkako Frantziako prokuradorearen jokabidea, Izaskun Lesaka presoaren baldintzapeko askatasuna eten eta gero. Jakinarazi dutenez, asteartean, Kondenak Aplikatzeko Parisko Epaitegiak Lesakaren askatasun eskaera onartu zuen. Gaur egun, Reauko presondegian dago. Epaitegiak aintzat hartu zuen Euskal Herriko testuinguru politikoa aldatu izana, eta adierazi «bake prozesua zalantzan ezartzeak» ez duela «zentzurik».

Haatik, prokuradoreak helegitea jarri zuen, eta, beraz, baldintzapeko askatasun hori eten. «Beste behin ere argi eta garbi erakusten du zein den ministerio publikoaren jarrera politikoa», salatu dutenez.

Ikusi gehiago:Artolazabalek dio Jaurlaritza «legea betetzen» ari dela presoen gradu aldaketekin

Ez da lehen kasua. 2021ean Kondenak Aplikatzeko Parisko Epaitegiak onartu egin zuen Ekaitz Sirventek baldintzapean aske gelditzeko eginiko eskaera, eta 2021eko uztailaren 29an prokuradoreak dei egin zuen. Sirvent Mont-de-Marsanen dago preso. Horiek horrela, gogorarazi dute apirilaren 1ean eta 2an egingo dutela hurrengo ekinaldi desobedientea, Jon Parot, Jakes Esnal eta Unai Parotek 32 urteko kartzela zigorra betetzeko egunaren bezperan.

Horrez gain, bakegileek eta Bake Bideak gogoan izan dute preso korsikarren egoera ere. Azaldu dute Yvan Colonna presoaren aurkako erasoa saihestu zitekeela «haren eskubideak errespetatuak izan balira. DPS edo bereziki zainduriko presoen estatutua argudiatuz, hurbilekoengandik kartzelatua izateko eskubidea ukatua izan zaio behin baino gehiagotan». Garun heriotza du Colonnak, beste preso batek eraso egin eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.