EAko ildo kritikoko kideek jakinarazi dutenez, Gasteizko epaitegiak Eusko Alkartasunari agindu dio alderditik kanporatutako bost lagunak «eskubide osoko afiliatu» gisa onartzeko hamabost eguneko epean. Hala, duela bi aste Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzitakoa betetzeko agindu dio alderdiari.
Kritikoek gogoratu dute ebazpenean epaimahaiak «baldartzat» jo zuela bost kideen kaleratzea, eta salatu dute EAko zuzendaritzak primarioen balizko errepikapenaren auzia mahai gainean zegoela hartu zuela erabakia. Hala, Eba Blanco alderdiko idazkari nagusiaren, eta Lohitzune Txarola eta Iker Rahola alderdikideen kontra egin dute, argudiatuta «arerio politikoak kanporatzeko» helburua zutela.
EAk iazko otsailean lau urterako eten zien afiliazioa Maiorga Ramirez ildo kritikoko buruari eta Iratxe Lopez de Aberasturi, Miren Aranoa, Mikel Goenaga eta Esther Korres alderdikideei; azken horiek EAren Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iruñeko koordinatzaile ohiak dira. Nazio Batzorde Eragileak argudiatu zuen frogatuta geratu zela «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela». Gainera, epaia plazaratzearekin, EAko zuzendaritzak adierazi zuen epaimahaiak ez dituela zalantzan jarri ildo kritikoko kideei «diziplina espedienteetan egotzitako gertakari larriak», eta «forma akatsetara» mugatzen dela kaleratzeen kontra egiteko.