Epaimahaiak erruduntzat jo ditu Aintzane Pujanaren hilketako bi akusatuak

Zinpeko epaimahaiak bat egin du fisikaltzaren tesiarekin, aho batez. Hark espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu du gizonarentzat eta hamar urteko kartzela zigorra emakumearentzat.

Aintzane Pujanaren hilketaren epaiketa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Aintzane Pujanaren hilketaren epaiketa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2024ko urriaren 23a
19:30
Entzun

Aintzane Pujana 32 urteko emakume donostiarra zena legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izana leporatu dieten bi herritarren aurkako epaiketaren emaitza jakinarazi du zinpeko epaimahaiak: akusatu biak erruduntzat jo ditu. 11 gizon eta emakumek osatu dute epaimahaia, eta horien eginkizuna izan da erabakitzea akusatuei leporatu zaizkien delituak frogatu dituzten ala ez. Atzo eguerdian elkartu ziren, eta gaur arte iraun du deliberazioa hartzeko hausnarketak. Fiskalaren tesiarekin bat egin du epaimahaiak, eta erruduntzat jo ditu bi akusatuak. Aho batez hartu dute erabakia epaimahaiko sei gizonek eta bost emakumeek, eta gaur iluntzean jakinarazi dute erabaki hori.

2021eko urtarrilaren hasieran jazo zen gertaera beltza, akusatuek 24 eta 23 urte zituztenean. Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira bi akusatuak; urtarrilaren 12an atxilotu zituzten, eta Azpeitiko instrukzio epaitegiak prebentziozko espetxeratzea ebatzi zuen bientzako, hilabete hartako 15ean. Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Urola ibaiaren ertzean garbiketa egiten ari ziren langile batzuek topatu zuten. Hala ere, biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Polizia biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu zen orduz geroztik. Gorpuari autopsia egin zioten Donostian, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan. 

Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuen epaiketa hasi zenean, aurtengo irailaren 26an, Pujana hiltzeagatik; bost urteko kartzela zigorra, emakumea legez kanpo atxikitzeagatik; eta hiru urte eta sei hilabetekoa, hura sexualki esplotatzeagatik. Lehenbiziko aldia izan da Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen duena. Eta epaimahaiak bide eman dio zigor hori gauzatu dezan epaileak, gizonari dagokionez.

Hilketaren bi errudun

Izan ere, epaiketa amaiera aldera, Pujana legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea gizonari soilik egotzi dio fiskaltzak, eta hilketaren egilekide gisa aurkeztu ditu biak. Horrek zigor eskaeran eragin du, emaztekiari dagokionez; hark ospitale psikiatriko batean egon beharko duela eskatu du, gehienez ere hogei urtez, eta, hori bete ostean, hamar urteko kartzela zigorra betetzea eskatu du. Aldi horri orain kartzelan eman dituen urteak eta ospitalean emanen dituenak kenduko zaizkiola ere zehaztu du fiskaltzak. Epaimahaiak deliberatu du epailearen azken epaian hamar urteko kartzela zigorra gauzatu dezan. «Hilketa krudela izan zen, bistan da», esan dute. Eta erantsi dute ez dela frogatu emakumea «beldur gaindiezinagatik aritu zela».

Horiek horrela, epaimahaiak hilketaren erruduntzat jo ditu biak, nahiz eta bietako batek gauzatu zuen heriotza. Emakumearen defentsak behin betiko ondorioetan gogoratu zuen «nahasmendu larria» duela, eta «okerrera» egin duela droga kontsumitzeagatik. Fiskalak eskatutako zigorrarekin bat egin zuen. Beste akusatuaren defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen harentzat. Epaiketaren azken saioan, akusatu horrek epaimahairi hitz egin zion, eta eskatu gertatutakoari «logika» aurkitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.