Epaileek ebatzi dute Nafarroako Gobernuak ezin duela familien gain utzi eskolaldi motaren gaineko erabakia

Eskolaldia aldatzeko foru aginduko hiru artikulu baliogabetu ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, Steilasen helegite bat onartuta. Epaiaren arabera, hiru artikulu horiek «beto eskubidea» aitortzen zieten gurasoei.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 23a
16:30
Entzun

Eskolaldi jarraitua ala zatitua. Eztabaida hori pil-pilean izan da azken hilabeteetan Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak zentro publikoetako eskolaldi mota aldatzeko atea ireki zuenetik. Orain, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hartu du hitza, Steilas sindikatuaren helegite bat onartuta, eta ebatzi du Hezkuntza Departamentuak erabilitako foru aginduak «talka» egiten duela LOE Espainiako Hezkuntza Lege Organikoarekin.

Zehazki, 106/2023 foru aginduko 12.7, 13 eta 14.1 artikuluak baliogabetu ditu auzitegiak, uste baitu artikulu horiek «beto eskubidea» aitortzen zietela familiei, ikastetxeetako eskolaldi mota hautatzeko prozesuan. Are: magistratuek azaldu dutenez, baliogabetutako foru aginduak ez die inolako erabakitze gaitasunik ematen irakasleei eta Eskola Kontseiluko gainerako kideei, baldin eta aldez aurretik familien aldeko botoak ez badira iristen boto paper guztien 3/5era.

Ebazpenean azaldu dute baliogabetutako 12.7 artikulua «beto familiar moduko bat» dela, eta zeharo baldintzatzen dituela bai prozeduraren jarraipena, bai Eskola Kontseiluaren azken erabakia.

Orain, bi aukera ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak: foru agindua moldatu, epaileek emandako irizpideen arabera, edo kasazio helegite bat aurkeztu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.