Izan futbola, saskibaloia edo eskubaloia. Orain artean, Gipuzkoan, 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin nahi bazuten, ezinbestean izena eman behar zuten eskola kirolean ere. Alabaina, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Gipuzkoako Foru Aldundiaren exijentzia hori. Araua 1990eko hamarkadatik egon da indarrean, eta kluben eta gurasoen protestak eragin izan ditu sarri askotan. Aldundiak iragarri du ebazpenari helegitea jarriko diola.
Pasaiako familia batek jarri zuen helegitearen ondorioa da epaia. Familia horretako 9 eta 11 urteko alabek saskibaloi klub batean aritzea nahi zuten; ez, ordea, eskola kirolean. Auzitegiak arrazoia eman die, eta baliogabe utzi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren bi aginduren zenbait puntu, hain zuzen ere, eskola adinean dauden umeen eskola kirola eta jarduera fisikoak arautzen dituzten puntuak. Baliogabe utzi du, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamenduko Kirol zuzendariaren 2023ko abuztuaren 10eko ebazpena ere; 2023-2024ko ikasturteko eskola kirola arautzen da ebazpen horretan. Horrenbestez, auzitegiak onartu egin du bi umeek eskubidea dutela kirol hastapeneko nahi duten unitatean —kluba edo prestakuntza eskola— izena emateko, horretarako ezinbestean beren eskolako multikirol programan parte hartu gabe.
Ikusi gehiago
Familiak helegitean arrazoitu du Bizkaian eta Araban ez dagoela horrelako derrigortasunik; lurralde horietan, lehentasuna ematen diote multikirol ereduari, baina ez da inolaz ere derrigorrezkoa. Gainera, familiak ziurtatu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren legedia autonomia estatutuaren eta EAEko Kirolaren Legearen kontrakoa da; izan ere, azken horretan zehaztuta dago kirolaren eremuan autonomia erkidegoak duela «eskumen esklusiboa». Lege horretan jasota dago 6 eta 12 urte bitarteko umeei «bermatu» egin behar zaiela jarduera fisikoa eta kirol asko biltzen dituen jarduera egin ahal izatea; EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ñabartu du, ordea, araudiak bermatu egiten duela eskaintza, ez «inposatu».
Epaileak, hartutako erabakia arrazoitzeko, zera ere esan du: klub batean egoteko multikirol programan ezinbestean parte hartu behar izatea «zuzenbidearen aurkakoa» dela eta «adingabeen eskubide indibidualen kontra» dagoela, «baldintzatu egiten dituelako beraien kirol ikasketetarako jarduerak». Gipuzkoako Foru Aldundiak ere izan du hitza prozesuan: haien esanetan, ez diete adin txikikoei entzunak izateko eskubidea urratu; aitzitik, haiek kirolaren bidez «hezkuntza garapen integrala» izatea babestu dute. Auzitegiak onartu egin du aldundiaren argudioetako bat, eta aitortu du kirol jakin batean azkarregi espezializatzeak baduela arriskurik; hala ere, epaileek nabarmendu dute ezin direla alde batera utzi umeek kirolaren inguruan egiten dituzten hautuak eta dauzkaten lehentasunak. Gaur egun, Gipuzkoako eskola kirola kirol gutxituak babestera bideratuta dago, eta umeei aukera ematen die zenbait kirol probatzeko.
Epaileak esan du multikirol programan ezinbestean parte hartu behar izatea «adingabeen eskubide indibidualen kontra» dagoela, «baldintzatu egiten dituelako beraien kirol ikasketetarako jarduerak»
Ebazpenaren berri izan bezain pronto iritsi da Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzuna. Iragarri dute ebazpenari helegitea jarriko diotela, eta, beraz, lehengoari eutsiko diote oraingoz: «Errekurtso horrek eten egin du epaiaren aplikazioa, harik eta auzitegi eskudunak kasazio errekurtsoa ebatzi arte».
Goizane Alvarez Kirol diputatuak irmoki defendatu du egungo eredua: «Multikirola defendatuko dugu aurrerantzean ere, orain arte egin dugun bezala; izan ere, oraindik ere oso argi daukagu Gipuzkoako kirol hastapenaren ereduak onura handiak dakartzala adingabeen garapenerako eta pertsonen prestakuntzarako». Izan ere, Alvarezen esanetan, kirolean denek izan behar dute lekua: «Beti ahaleginduko gara hastapen goiztiarrik egon ez dadin, haurrentzat oso kaltegarria baita, eta ereduak ez dezan inor kanporatu kirol batean trebetasunik ez duelako». Izan ere, hauxe da egungo ereduaren xedea: bakoitzaren trebetasunak gorabehera, gustuko duen kirola egin ahal izatea; lagunak egitea; gaitasunak lortzea; mugituz jolastea; zoriontsu haztea; eta bizitza aktiboa izatea. «Oker gabiltza gehiegizko sedentarismoaren aurka egiteko kirol eredu jakin bat proposatzen badugu; izan ere, eredu horrek joera elitistak ditu eta talentua dutenentzat erreserbatuta dago».
«Beti ahaleginduko gara hastapen goiztiarrik egon ez dadin, haurrentzat oso kaltegarria baita, eta ereduak ez dezan inor kanporatu kirol batean trebetasunik ez duelako»
GOIZANE ALVAREZ Gipuzkoako Kirol diputatua
Dena dela, Alvarezek azaldu du orain hausnartzeko epe bat zabaldu dela: «Familien edo adingabeen eskubideren bat urratzen dela uste bada, aintzat hartuko da, betiere Gipuzkoako errealitatea kontuan hartuta».
Arartekoak ere bai
Gisako ebazpen bat eman zuen EAEko arartekoak 2016an; baztertu egin zuen horrelakoetan eskola kirola derrigorrezkoa izatea. Errenteriako familia batek aurkeztutako kexaren harira eman zuen iritzia; familia horren 8 urteko umeak futbola eta judo egiten zuen, baina derrigorrez parte hartu behar zuen eskola kirolean ere.
Orduan, Ahal Dugu-ren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten azter zezala indarrean zegoen eredua, «hain inposatzailea» izan ez zedin. Garai hartako Kultura eta Kirol diputatua, Denis Itxaso, prest agertu zen batzorde bat sortzeko, eta eredua malgutu edo ez aztertzeko. Alabaina, orain arte ez dute derrigortasuna bertan behera utzi.