Epailearen aurrean deklaratu zuten atzo Txarli Prieto PSEko legebiltzarkide eta Arabako idazkari nagusi ohiak eta Victor Garcia Hidalgo PSE-EEko Antolakuntza idazkari eta Espainiako Poliziaren zuzendari ohiak. Ustez iruzur egiteagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik hartu zien deklarazioa Antonio Garciak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Zigor salako epaileak. Prietorena den enpresa batek 2010. eta 2011. urteetan hainbat egoitza sozialistatan egindako obretan ustez izandako irregulartasunak ikertzen ari da epailea, eta inputatu gisa deklaratu zuten bi politikariek.
Lau ordu baino gehiago egon ziren epailearen aurrean azalpenak ematen, Javier Beramendi defentsa abokatuak lagunduta. Goizeko hamarretatik aurrera, banan-banan hartu zien deklarazioa epaileak, EAEko Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzan. Maria Angel Montes fiskala ere izan zen aretoan deklarazioak iraun zuen bitartean. Epaitegitik irtetean, baina, ez zieten adierazpenik egin komunikabideei.
Diru laguntza publikoak
Joan den asteazkenean kaleratutako autoan, bi politikari sozialistak inputatu eta deklaratzera deitu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak. PSEk Rivabellosan, Amurrion, Bastidan, Laudion eta Agurainen (Araba) dituen egoitzen segurtasuna handitzeko lanak Prietoren Escoiba enpresari adjudikatzean irregulartasunak egon ote ziren ikertu nahi du epaileak. Izan ere, era anonimoan heldutako salaketa batean oinarrituta, diligentziak abiatu zituen Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak duela hilabete batzuk. Salaketa horren arabera, PSEren egoitzetako obrak egiteko Espainiako Barne Ministerioaren finantzaketa jaso zuen Prietoren enpresak, baina lan horiek ez ziren sekula egin. 50.000 euro inguru jaso zituen Escoibak egoitzen segurtasun lanak egiteko, salaketaren arabera.
Irekitako prozesuan kaltetu gisa aurkezteko aukera eman zion epaileak PSEri, baina alderdiak uko egin dio auzian parte izateari. Inputazioen gainean balorazio ofizialik ez dute egin sozialistek, baina joan den astean alderdiko iturriek Efe albiste agentziari adierazi zioten ez dutela auzian esku hartuko, alderdiari ez diolako «zuzenean eragiten». Halere, ahozko epaiketa irekiz gero, Prietok eta Garcia Hidalgok euren karguak utzi beharko dituztela zehaztu zuten. Aferaren berri jakin zenean, PSEren babesa jaso zuten publikoki bi politikariek.
Epailearen aurrean deklaratu dute Prietok eta Garcia Hidalgok
Politikari sozialistek lau orduz deklaratu dute inputatu gisa EAEko Auzitegi Nagusian, ustez iruzur egiteagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik.PSE-EE ez da prozesuan kaltetu gisa aurkeztuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu