euskal presoak

Epaileak kartzelara bidali du Itxaso Zaldua

ETAren 2001eko hilketa batean parte hartzea egotzi dio Pedrazek. Zalduak ukatu egin du atentatuan parte hartu izana. Euskal preso ohia atzo atxilotu zuten, Hernanin.

Beasaingo CAFeko langileen elkarretaratzea, gaur. BERRIA
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 22a
15:27
Entzun

Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe espetxera bidali du Itxaso Zaldua euskal preso ohia, ETAren 2001eko hilketa batean parte hartu zuela egotzita. Gutxienik, atentatuaren laguntzaile gisa jo du, Efe berri agentziak iturri juridikoak aipatuz zabaldu duenez. Epaileak oinarri hartu du atentatuaren lekuko batek argazki batean Zaldua identifikatu izana, eta Guardia Zibilaren txosten bat ere aintzat hartu du. Auto judizialean dio Mikel Karrerak eta Zalduak ETAren Basajaun komandoa osatzen zutela orduan. Zalduak ukatu egin du eraso hartan parte hartu izana. 

Espainiako Poliziaren egoitza nagusian, Madrilen, goizeko hamarrak aldera deklaratu du: Poliziak gauza bera leporatu dio, eta atxilotuak gauza bera erantzun du. Pedraz epailearen aurrean, 13:00 aldean deklaratu du, Madrilen. Bietan harekin izan da Aiert Larrarte defentsa abokatua. Zaldua espetxera bidali ondoren kendu dio epaileak sekretua sumarioari. 

Zaldua atzo goizean atxilotu zuten, Hernanin (Gipuzkoa), CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) lantokira lanera zihoala, Manuel Gimenez Abad senatari eta Aragoiko (Espainia) PPko presidentearen hilketarekin zerikusia duelakoan. ETAk hil zuen Gimenez Abad, Zaragozan, 2001eko maiatzaren 6an, eta, erakundeari Frantzian ustez aurkitutako dokumentazioan, Zaldua atxilotzeko zantzuak aurkitu dituzte, Efe agentziak atzo zioenez.

2005ean ere atxilotu zuten, Lannemezanen (Okzitania), ETAko kidea izatea egotzita, eta hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2017ko abuztuan geratu zen aske, Frantziako zigorra bete eta Espainiaratua izan ostean.

Sare herritar plataformak deituta, atzo manifestazio bat izan zen Hernanin. CAFeko langile batzordearen eskariz, Beasaingo lantokiko hainbat beharginek ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte gaur.

Sorturen «kezka eta haserrea»

Sortuk adierazi du epaileak Zaldua espetxeratzeko aginduak «kezka eta haserrea» eragin dizkiola. «Kasu honetan ere, estatu sakonak erakutsi digu ez duela gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik. Beste modu batean esanda, eskuin mutur polizial, judizial eta mediatikoak euskal independentismoaren kontra abian jarritako beste maniobra baten aurrean gaude; noiz eta orain, euskal jendartean espetxe politika aldatzeko inoizko adostasunik zabalena dagoenean eta independentismoak hautetsontzietan etenik gabe gorantz jarraitzen duenean». Bake, bizikidetza eta askatasun jokaleku berri bat aldarrikatu ditu Sortuk, eta Espainiako Estatuari eskatu dio egiteko bide politiko eta demokratiko hutsen alde. «Arduraz jokatzeko garaia da».

Zalduaren espetxeratzea salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deia egiten du Sortuk, eta hura lehenbailehen askatzeko exijitu du.

Azken arnasa arte filmean partaide izan zen Zaldua. Kurkuluxetan elkarteak elkartasuna adierazi die hari eta haren senideei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.