«Ez da harritzekoa». Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariaren arabera, ezin da ezer onik espero epaitegietatik. Herenegun arratsean, Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi zuen ez duela tramiterako onartu iaz Irungo Udalak aurkeztutako kasazio helegitea. «Espainiako Konstituzioan bertan ezartzen da gaztelania jakitekobetebeharra, baina ez euskara jakitekoa. Bide horretatik ez goaz inora», gogora ekarri zuen Gaubekak atzo. Ildo beretik, Paul Bilbao Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak egoera orokorrari erreparatu zion, eta nabarmendu zuen epaitegiak «esku hartzen» ari direla hizkuntza politikan eta araubideetan.
CCOOk aurkeztutako salaketa bati bide emanez, iazko maiatzean, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Irungo hamabi udaltzain postutarako euskaraz jakitea eskatzea «diskriminatzailea» zela euskara ez zekiten hautagaientzat. Irungo Udalak errekurtsoa jarri, eta ostiralean heldu zen Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko auzietako lehen aretoaren erabakia: ez du tramiterako onartu ere egin, argudiatuta aurkeztutako idatziak ez duela kasazio helegite bati eskatu beharreko irizpide nahikorik.
«Tarte txikia»
Nahiz eta Gorenak forma akats bati egotzi kasazio helegitea tramiterako ez onartzeko erabakia, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak uste du «tarte txikia» uzten duela.
Halaber, «harrituta» agertu da euskara eskakizunen inguruko epai judizialek hartu duten dinamikarekin, eta aurrera begira etor daitezkeen erabakien harira. Haren irudiko, salaketa aurkezten dutenengan jarri beharko litzateke arreta. Irungo Udaltzaingoaren euskara eskakizunaren aurka CCOO sindikatuak jo zuen, eta udaltzainen lan poltsaren aurka UGTk —asteon heldu da horri buruz beste epai bat—. «Hemen atzean badira sindikatu batzuk, eragile batzuk, alderdi batzuk euskarazko eskakizunen aurka bakarrik egiteko», nabarmendu zuen Gaubekak. Gaineratu zuen jokabide hori Nafarroan «oso ohikoa» izan dela, eta orain EAEra zabaldu dela joera hori.
Horregatik, beharrezkotzat jo du gogoeta egitea eta mahai baten inguruan biltzea aztertzeko herritarren eskubideen «alde edo kontra» dauden eragileak. Izan ere, Gaubekaren arabera, epaitegietarako bidea euskara tartean dagoenean soilik hartzea, euskararen kontrako jarrera baten adierazle izateaz gain, herritarren berdintasunaren kontra egotea ere bada.
Haren irudiko, epaitegietako bidea hartzen dutenek uste dute herritarrek zerbitzua gazteleraz jasotzeak «garrantzi handiagoa» duela euskaraz jasotzeak baino. Argi du gaur egun «segurtasun osoz» aritu daitezkeela herritarrak gaztelaniaz; ez, aldiz, euskaraz. «Herritarren kexak ditugu, udaltzainetara deitzean ez zegoela inor euskaraz artatzeko gai zenik eta zerbait nahi izanez gero gaztelaniaz egin beharko zutela esanez. XXI. mendean, oso larria iruditzen zaigu hori», esan zuen.
Behatokiaren analisiarekin bat egin du Paul Bilbao Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak,eta beste ideia bat gaineratu du. «Botere judiziala hizkuntz politikan esku hartzen ari da, eta ez dagokio hori egitea». Testuinguru horretan kokatu ditu azken erabaki judizialak. Kontseilua ez du harritzen jokaera horrek, eta «oldarraldi baten»erakusgarri direla uste du. «Hizkuntz araubidearen berrirakurketa bat egiten ari dira epai bidez, eta irakurketa horrek are gehiago murriztuko ditu gure eskubideak».
Aste berean bi erabaki
Harrigarriki, denboran bat egin du antzeko beste epai batekin. Izan ere, egun batzuk lehenago, Gasteizko Administrazio Auzitegiak ebatzi zuen udaltzainen lan poltsan euskarazko B2 maila eskatzea «diskriminatzailea» izan daitekeela. Kasu horretan, UGTk jarri zuen salaketa. Epaiaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkezteko asmoa iragarri zuen.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunak asteartean irmo gaitzetsi zuen beste epai horrek ez zuela aintzat hartu 40 urtez administrazioan egin den bidea. Zupiriaren esanetan, udaltzainen hizkuntza gaitasunarekin hainbat herritan izandako arazoak izan zituzten oinarri euskararen ezagutza eskatzeko: «Lan poltsetako hautagaiek ez zuten mailarik, eta horregatik erabaki genuen B2 maila eskatzea». Erantsi zuen gero eta herritar gehiagok galdegiten dutela euskarazko arreta jasotzea, eta gero eta udal gehiagok ere galdegiten dutela udaltzainek euskara jakin dezaten.
Epaileak hizkuntza politikan «esku hartzen» ari direla gaitzetsi du Kontseiluak
Paul Bilbaok ohar egin du hizkuntza eskubideetan atzera egiteko arriskuaz. Behatokiko Agurne Gaubekak esan du epaitegietatik ez dela ezer onik helduko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu