Berriro ere haserrea piztu da Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntza gradua euskaraz ikasten ari direnen artean. Gradu amaierako lana gaztelaniaz edo ingelesez aurkezteko eskatu diete epaimahaiko kideek, euretako batzuk ez direlako euskaldunak. Lau dira egoera horretan dauden ikasleak. Leire Ugarte da euretako bat. «Ingelesez aurkezten diren lanetarako epaimahai berezi bat egoten da, eta kide guztiek ingelesa menderatu behar izan dute. Hori eskatzen dugu euskaraz eginiko lanentzat ere». Azaldu du urteroko kontua dela euskaraz ikasten dutenentzat.
Jadanik euren gradu amaierako lana aurkeztua dute, eta arazorik gabe: bakoitzak bere hizkuntzan. Baina orain euskarazko eta gaztelaniazko ikasleen artean aurkeztu diren lanen artean onenak iruditu zaizkienak hautatu dituzte, horietatik ohorezko matrikula zeini eman erabakitzeko. Hor sortu da gatazka. Aukeratu dituzten lanak ebaluatu zituzten epaimahaietako presidenteek osatu dute epaimahai berria, ohorezko matrikula nortzuek merezi duten erabakiko duena. «Lau euskaldunak dira, baina beste biek ez dute ulertzen». Hautatutako ikasleek mezu elektroniko bat jaso zuten, aurkezpenaren deialdiarekin. Azken paragrafoan esaten zieten ez zela derrigorrezkoa gaztelaniaz edo ingelesez egitea, baina epaimahaiak eskertuko liekeela. «Ez genion aparteko garrantzirik eman», aitortu du Ugartek. Baina astelehenean bigarren mezu bat jaso zuten, soilik lana euskaraz aurkeztu zuten laurek: «Aurkezpeneko diapositibak gaztelaniaz edo ingelesez jartzeko eskatzen ziguten, epaimahaiko kide batzuek ez dutelako euskara ulertzen». Lana euskaraz aurkeztu duten lau ikasleek mezu bat zabaldu zuten astelehenean bertan sare sozialetan, gertatutakoa salatzeko: «Horrelako zapalkuntza jasan beharra lotsagarria, negargarria iruditzen zaigu».
Baldintza ezberdinak
Fakultateko dekanoak barkamena eskatu die, Euskara eta Eleaniztasun dekanordeak idatzitako gutun baten bidez. «Egindako okerra aitortu izana pauso» modura hartu dute ikasleek, baina ez ditu gogobete, ez dutelako lortu gura zutena: epaimahaiko kide guztiak elebidunak izatea eta aurkezpena arazorik gabe euskaraz egin ahal izatea. «Guk nahi duguna da gaztelaniaz aurkeztuko dutenen baldintza beretan egon ahal izatea. Euren lana gaztelaniaz aurkeztuko dutenen kasuan epaimahai osoak egingo du ebaluazioa. Guk euskaraz aurkeztuko dugu, eta, beraz, epaimahaikideetako bik ezingo dute gure lana ebaluatu, ez dutelako ulertuko. Ez gara maila berean egongo».
Epaileak ez du ezer ulertuko
Gradu amaierako lanetan ohorezko matrikula nortzuek merezi duten erabakiko duen epaimahaiak aurkezpena gaztelaniaz egiteko eskatu die EHUko Medikuntza ikasleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu