De Miguel ustelkeria auziaren buruak, Alfredo de Miguelek, gero eta gertuago du espetxea. Izan ere, Arabako Probintzia Auzitegiak ez dizkio onartu aurkeztuak zituen alegazioak, eta agindu du zigorra irmoa denean bete eta espetxean sartu beharko duela. Arabako EAJko bigarren buruzagi ohiari hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina gehienez bederatzi urtean egongo da kartzelan. Dena dela, oraindik auzitegiaren erabakia ez da behin betikoa, eta hiru eguneko epea eman diote erregu helegitea ipintzeko.
Iñaki San Juanen kasuan, baina, kontrakoa erabaki du. Lau urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra zeukan, baina EAJren Leioako (Bizkaia) zinegotzi izandakoak ez du espetxean sartu beharrik edukiko; horren ordez, komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu 347 egunean, edo 6.940 euroko isuna ordaindu beharko du. Gainera, ezingo du beste deliturik egin bost urtean.
De Miguelek Espainiako Zigor Kodeko 80. artikulua aplikatzeko eskatua zuen, espetxe zigorrak bertan behera uzteari buruzkoa. Epaileak ebatzi du argi dagoela zenbait arrazoirengatik ezin diotela eskaera onartu: delituetako batengatik —legez kontrako elkartzea— bi urte baino gehiagoko zigorra jarri diotelako, kasuak «alarma sozial handia» sortu duelako, «bera zelako tramaren burua», eta haren egoera pertsonalean ez dagoelako kartzelan ez sartzea justifikatzen duen «aparteko arrazoirik».
De Miguelek indultu partzial bat eskatuta dauka, baina bereiz tramitatzen ari dira. Gaurko autoan auzitegiak aurreratu du eskari horrek «arrakasta eskasa» izango duela.
Gainerako kondenatuak
De Miguel auziko beste kondenatuei dagokienez, auzitegiak erabakita dauka Ainhoa Bilbaok, Iratxe Gaztelu-Urrutiak, Iñaki Etxaburuk, Josu Arrutik eta Sergio Fernandezek ez dutela espetxea zapalduko. Oraingoz, Javier Sanchez soilik sartu da espetxean, eta erabakitzeke dauka Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano —Arabako EAJko kide ohiak— espetxeratuko dituzten ala ez. Lehenengoak bost urteko zigorra dauka jarrita; besteak, zazpi urte eta erdikoa.
Epaileak ez ditu onartu De Miguelen alegazioak, eta kartzelan sartzeko agindu du
Erabakia oraindik ez da behin betikoa, eta aukera du erregu helegitea ipintzeko. Iñaki San Juanek ez du kartzelan sartu beharko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu