Astelehen goizaldean, Iruñeko kartzelako emakumeen moduluan ziren presoetako bat hil zen. Nafarroako Salhaketa erakundeak eman zuen heriotzaren berri, atzo, emakumezkoa zendu eta hiru egunera. Salhaketak emandako informazioaren arabera, zeldakideak eman zien abisu espetxeko arduradunei; hark esan zien bizikidea hila zela. Astelehenean bertan, Poliziak atxilo eraman zuen hildakoarekin zelda berean bizi zen emakume preso hori, hilketa leporatuta. Ordea, epaileak iritzi dio atxilotuak ez duela ardurarik, eta ez dio kargurik egotzi. Emakumezkoa kartzelara itzuli da, beraz, lehendik ezarriak zituen zigorrengatik. Iruñeko Bigarren Instrukzio Epaitegiaren esku izan da auzia.
Salhaketak BERRIAri aitortu dionez, erakundeak astelehenetik zuen atxiloketaren berri. Ordea, sinetsiak dira arreta beste nonbait jarri beharra dagoela: beste preso bat hil da, eta horrek behar du arreta bereganatu, haien iritziz.
Zabaldutako informazioaren arabera, astelehen goizaldean hildako emakumea eta zeldakidea suizidioaren kontrako protokolo batengatik bizi ziren elkarrekin. Neurri horrek zera dakar: batak hartzen du bestea zaintzeko eta hari behatzeko ardura. Kasu honetan, Salhaketak zehaztu duenez, hildako emakumeak bestea zaindu beharra zuen, protokoloaren esanetan. Atxilotua izandakoa da suizidioaren prebentziorako baliabide premia duena.
Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak maiz jarri du zalantzan protokolo horren egokitasuna. Iritzi berekoak dira Salhaketa erakundeko kideak ere. Erakundeko eledun Libertad Francesen iritziz, «zentzugabea» da erantzukizunak horrela banatzea. «Nola da posible gaizki dagoen norbaiten zainketa beste preso baten esku uztea? Profesionalek hartu behar lukete ardura», adierazi du. Ez hori bakarrik: «Onartezina da kartzelan sartua edukitzea horrelako osasun egoeran dagoen norbait, suizidioa prebenitzeko protokolo baten premia izateraino gaizki dagoen norbait».