Salatu dute epaileak euskararen normalizazio prozesuaren «joko arau juridikoak» aldatzen ari direla

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta, protesta egin dute, auzitegiek erabaki dutelako «diskriminatzailea» dela euskara eskatzea Donostiako udaltzain lanpostutarako. Bat egin dute EAJk, EH Bilduk, ELAk, LABek eta Steilasek.

Donostia - Euskara, protesta
Donostiako udaletxearen aurrean egin duten kontzentrazioa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 12a
19:00
Entzun

«Euskararen normalizazio prozesuaren joko arau juridikoak aldatzen ari dira epaileak». Irmo mintzatu da gaur arratsaldean Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartea, Donostian egin duten protestan. Hain zuzen, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagerak deituta, elkarretaratzea egin dute, hizkuntza eskakizunen aurka kaleratutako azken epaia salatzeko. Bat egin dute EAJk, EH Bilduk, ELAk, LABek eta Steilasek.

Aste honetan, Donostiako Administrazioarekiko 3. Epaitegiak ebatzi du «diskriminatzailea» dela euskara maila jakin bat eskatzea Donostiako udaltzain izateko. Bageraren esanetan, ez da kasu bakan bat, «oldarraldi judizialaren» parte baizik: «Kezkaz bizi dugu behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta». Areago: «Euskararen normalizazio prozesua trabatzeko eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa da».

Euskaltzaleen elkartearen arabera, udaltzain elebakarrak edukita ezin berma liteke euskaldunen hizkuntza eskubiderik: «Udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatu ditzake».

Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak dira, kontrajarrita daude. Bageraren esanetan, premisa «faltsu» horrek lotzen ditu hizkuntza eskakizunen aurka epaileek azkenaldiak egin dituzten ebazpenak. Ez daude ados: «Elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira, hizkuntza eskubideak bizimoduko alor guztietan gauzatu daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne». Horrenbestez, uste dute administrazioa osorik elebiduna izatea dela herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko modu bakarra.

EAJ eta EH Bildu saiatu dira erakunde adierazpen bat onartzen aste honetan, baina PSEk eta PPk kontrako botoa eman dute, eta Elkarrekin abstenitu egin da; osteguneko bozeramaileen batzordean bota zuten atzera adierazpena. Paradoxikoki, ostegunean bertan, lurralde auzitegiak bai jo zuen ontzat beste udal lanpostu batzuetarako euskara eskakizuna.

Joan den azaroan, 70.000 herritar elkartu ziren Bilbon, euskara normalizatzeko neurrien aurkako «oldarraldi judiziala» gaitzesteko. Kontseiluak orduan jakinarazi zuen halako epaiak salatzeko protokolo bat aktibatuko zuela, eta horren barruan egin dute elkarretaratzea.

Laudion, helegiterik ez

Donostiakoa ez da hizkuntza eskakizunak zalantzan jarri dituen epai bakarra. Orain bi urte plazaratutako sententzia batean, Gasteizko auzitegi batek ebatzi zuen Laudioko Udaleko funtzionario bati, 45 urtetik gorakoa zenez, ezin zitzaiola eskatu euskara mailaren ziurtagiririk. Laudioko Udalak helegitea jarri zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duela helegite hori. Orain, Laudioko Udaleko gobernuak erabaki du helegiterik ez jartzea. Uste dute badaudela horretarako arrazoiak, baina ez dagoela baldintzarik. Gainera: «Euskararen aurkako jurisprudentzia sortzeko bidea erraztu dezakete». Horren aurrean, udalak ziurtatu du lanean jarraituko dutela herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.