Gasteizko Epaitegiak baliorik gabe utzi du, behin-behinean, Eba Blancoren izendapena, Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi izatekoa. Alderdiko sektore kritikoak auzitara jo zuen, salatzeko ez dutela sarbiderik izan alderdiko afiliatuen erroldara, eta, beraz, desabantailaz aritu direla hauteskunde primarioetan. Joan den astean egin zuten auzi saioa, eta Maria Teresa Trinidad Santos epaileak onartu du Blancoren izendapena behin-behinean etetea, auziaren muinera iritsi bitartean; alegia, ebatzi arte Maiorga Ramirez sektore kritikoko hautagaiaren parte hartze politikorako eskubidea urratu den edo ez. Ildo ofizialak hogei eguneko epea du Arabako Probintzia Auzitegian helegitea jartzeko.
Epaileak nabarmendu du EAko Nazio Batzarrak eta zuzendaritzako zenbait kidek ez dituztela bete EAko Berme Batzordeak emandako azken ebazpenak, eta litekeena dela parte hartze politikorako eskubidea urratu izana. Hala gertatu izanaren zantzuak antzemanda, epaileak azaldu du eskatutako kautelazko neurria onartzea dagokiola, urraketa horren eragina luzatu ez dadin.
Auziak, erroldaren sarbideari buruzkoa izateaz gain, primarioen emaitzari eragiten dio: Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatu izanari. Joan den asteko saioan, Blancoren izendapena behin-behinean etetearen aurka agertu zen fiskala. Ildo kritikoak eskatu zuen Blancoren izendapena bertan behera uzteko auziaren mamiari buruzko erabaki bat hartu arte. Lau kidek jo zuten auzitara: Ramirezek, Mikel Goenaga Gipuzkoako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzaileak eta Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak. Haien abokatuak azaldu zuen Berme Batzordearen ebazpenak «onartu» egin behar direla, eta ez dela horrela gertatu primarioen prozesuan. Ramirezek ez beste hirurek espedientea zabalik dute alderdi barruan.
Ramirez, pozik
Azken bi urteetan EAren norabideaz azaleratutako desadostasunak sakondu egin dira ekainaz geroztik, Pello Urizarrek idazkari nagusi karguan dimisioa eman zuenetik eta primarioen prozesua abiatu zutenetik. EAko Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak baliorik gabe utzi zuen Maiorga Ramirezen hautagaitza, herrialde bakoitzean bost abal lortzeko baldintza bete ez zuela-eta, baina alderdiko Berme Batzordeak ebatzi zuen haren hautagaitza «bidegabeki» utzi zutela baliorik gabe.
EAko zuzendaritzak jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela erabakiaren aurka, eta alderdiko «organoak eta afiliatuen eskubideak» babestuko dituela: «Urte eta erdiz saiatu gara alderdi barruan hitz egiten eta negoziatzen epaitegietara joan gabe, ulertzen baitugu ezberdintasun politikoak alderdi barruan ebazten direla». Halaber, adierazi du «lau afiliatuk ezgaitu» dutela «idazkaritza nagusi bat izendatzeko aukera».
Sektore kritikoak zabaldu duenez, Ramirez pozik agertu da epaileak kautelaz hartutako neurriarekin, eta uste du erabakiak «erraztu» egingo duela «EAren krisi demokratikori irtenbide azkar bat» ematea. Ebazpena eskuan, Ramirezek berretsi egin du azken egunetan eginiko proposamena: hauteskunde primarioen prozesua berriro zabaltzea, azaroaren 24rako bozketa egin dezaten: «Urrezko aukera baten aurrean gaude berehala hauteskunde prozesu garden bat martxan jartzeko, ilusioa piztuko diena afiliatu guztiei».
Epaileak eten egin du Eba Blancoren izendapena, behin-behinean
Ildo kritikoak eskatutako neurria onartu du, gaiaren funtsa aztertu arte. Helegitea jarriko du zuzendaritzak: «Afiliatuak babestuko ditugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu