KRISIA EA-N

Epaileak behin-behinean eten du Eba Blancoren izendapena

EAko idazkari nagusiaren izendapena baliorik gabe utzi du, kautelazko neurri gisa, gaiaren muinaz erabaki bitartean. Zuzendaritzak helegite bat jarriko du.

Eba Blanco, urriaren 29an Gasteizen egin zuen agerraldian. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2019ko azaroaren 11
09:15
Entzun

Gasteizko Epaitegiak baliorik gabe utzi du, behin-behinean, Eba Blancoren izendapena, Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi izatekoa. Alderdiko sektore kritikoak auzitara jo zuen, salatzeko ez dutela sarbiderik izan alderdiko erroldara, eta, beraz, desabantailaz aritu direla hauteskunde primarioetan. Joan den astean egin zuten auzi saioa, eta epaileak onartu du Blancoren izendapena behin-behinean etetea, auziaren muinera iritsi bitartean; alegia, ebatzi arte Maiorga Ramirez sektore kritikoko hautagaiaren parte hartze politikorako eskubidea urratu den edo ez.

Zehazki, epaileak nabarmendu du EAko Nazio Batzarrak eta zuzendaritzako zenbait kidek ez dituztela bete EAko Berme Batzordeak emandako azken ebazpenak, eta, beraz, litekeena dela parte hartze politikorako eskubidea urratu izana. Hala gertatu izanaren zantzuak antzemanda, epaileak azaldu du eskatutako kautelazko neurria onartzea dagokiola, urraketa horren eragina luzatu ez dadin.

Auziak, erroldaren sarbideari buruzkoa izateaz gain, primarioen emaitzari eragiten dio: Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatu izanari. Joan den asteko saioan, Blancoren izendapena behin-behinean etetearen aurka agertu zen fiskala. Ildo kritikoak eskatu zuen Blancoren izendapena bertan behera uzteko auziaren mamiari buruzko erabaki bat hartu arte.

Zehazki, lau kidek jo zuten auzitara: Maiorga Ramirez ildo kritikoko hautagaiak, Mikel Goenaga Gipuzkoako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzaileak eta Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak. Haien abokatuak azaldu zuen alderdiko Berme Batzordearen ebazpenak "onartu" egin behar direla, eta ez dela horrela gertatu primarioen prozesuan. Ramirezek ez beste hirurek espedientea zabalik dute alderdi barruan.

Ramirez, pozik

Sektore kritikoko iturriek zabaldu dutenez, Ramirez pozik agertu da epaileak kautelaz hartutako neurriarekin, eta uste du erabakiak "erraztu" egingo duela "EAren krisi demokratikori irtenbide azkar bat" ematea. Ebazpena eskuan, Ramirezek berretsi egin du azken egunetan eginiko proposamena: hauteskunde primarioen prozesua berriro zabaltzea, azaroaren 24rako bozketa egin dezaten: "Urrezko aukera baten aurrean gaude berehala hauteskunde prozesu garden bat martxan jartzeko, ilusioa piztuko diena afiliatu guztiei".

EAko zuzendaritzak jakinarazi du helegite bat aurkeztuko duela erabakiaren aurka, eta alderdiko "organoak eta afiliatuen eskubideak" babestuko dituela: "Urte eta erdiz saiatu gara alderdi barruan hitz egiten eta negoziatzen epaitegietara joan gabe, ulertzen baitugu ezberdintasun politikoak alderdi barruan ebazten direla". Halaber, adierazi du "lau afiliatuk ezgaitu" dutela "idazkaritza nagusi bat izendatzeko aukera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.