Etxe kaleratzeak

Epaileak, «baliabiderik gabe»

Espainiako Hipotekak Betearazteko Legeak banketxeei eskubide guztiak onartzen dizkiela salatu dute epaile eta abokatu askok, eta horren aurka ezin dutela ezer egin.

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Legeak apenas ematen dizkigun tresnak eta baliabideak etxe kaleratzeei aurre egin ahal izateko». Edmundo Rodriguez Atxutegi epailearen hitzak dira. Gasteizko epaile horren antzera, magistratu asko azaldu dira etxe kaleratzeen aurka azken asteetan. Hipoteken inguruko legea aldatzeko eskatu dute, kaleratzeak saihestu ahal izateko. Aldaketak eta konponbideak askotarikoak izan daitezkeela uste du Rodriguezek, baina baten alde egin du. «Hipoteka ordaindu ezin duten langabeei ordainketa atzeratuko nieke lana topatu arte. Soilik etxeari lotutako zergak pagatzera behartuko nituzke: zaborrena, urarena, argindarrarena, komunitatearena... Neurri horrek atzerako eragina izan beharko luke, ezinbestean. Gainontzean, alferrik izango litzateke». Matias Miguel abokatuaren ustez, falta dena ez da lege aldaketa bat soilik, baizik eta banketxeek borondate handiagoaizatea arazoa konpontzeko. «Salbuespenak egon arren, oraingoz ez ditut borondate handiarekin ikusten jarreraz aldatzeko».

Aldaketa txiki batzuk egin diren arren, Espainiako Hipotekak Betearazteko Legea 1909koa da. «Lege hori zaharkituta geratu da, eta egungo egoerara egokitu beharko litzateke», nabarmendu du Rodriguezek. Ados dago horrekin Miguel. «Lege horrek eskubide guztiak aitortzen dizkie banketxeei, eta kaltetuei ez die aukerarik ematen zorraren inguruan negoziatzeko. Oso lege bortitza eta azkarra da». Rodriguezek azaldu du, gainera, ordaindu ezin dena beste zerbait bada legea askoz malguagoa dela. «Ulertezina da nik etxetresna elektriko bat ordaindu ezin badut zorra negoziatzeko aukera izatea eta hipotekarekin horretarako modurik ez izatea. Bi kasuetan prozedura berdina izan beharko litzateke».

Askok uste dute arazoa konponduko litzatekeela etxea emanda zorra kitatuko balitz. Neurri hori legez arautu beharko litzatekeela defendatzen dute. Lege aldaketa hori onartzea ondo ikusten dute Miguelek eta Rodriguezek ere, baina uste dute ezin dela etxe kaleratzeei aurre egiteko neurri bakarra izan. Arrazoia: legeak ez duela atzera egin, eta indarrean sartu aurretik sinatu diren hipotekentzat ez lukeela balioko. «Etorkizunean babes gehiago izateko balioko du, baina ez egun dugun arazoa konpontzeko», salatu du Miguelek.

Hori dela eta, hartu behar diren neurriek «eraginkorragoak» izan behar dutela uste du. Egokiena: zorra atzeratzea. «Banketxeek zorra kobratzeko eskubide osoa dute. Baina, egungo errealitatearen aurreran ezin dute beste alde batera begiratu. Diru publikoa jasotzen duten heinean, egoera zailean dauden herritarrei lagundu beharko liekete; edo, behintzat, jarrera malguagoa izan. Erreskatea behar duten bakarrak ez dira beraiek, baita egoera oso zailetan dauden herritarrek ere».

Negoziatzeko borondatea eskatu diete banketxeei. «Uste dut legez arautu beharko litzatekeela negoziazioa etxe kaleratzeetan. Derrigorrezkoa izan beharko litzateke kasu guztietan. Batez ere, zordunak kuota guztiak pagatu baditu orain arte. Zorra atzeratzea edo hipoteka berriz negoziatzea lortu beharko litzateke elkarrizketa horietan. Izan ere, gerta liteke hemendik hilabete batzuetara kaltetuak lana topatu eta pagatu ahal izatea», defendatu du Rodriguezek.

Neurriarekin bat etorri arren, arrisku bat ikusten dio horri Miguelek: atzeratutako interesak. «Ez du ezertarako balioko zorra atzeratzea, gero atzerapenagatik sekulako interesak jartzen bazaizkie. Kasu batzuetan, hasieran baino egoera larriagoan geratu daitezke».

Beste legebatzuk moldatzea ere proposatu du Rodriguezek. Horien artean, Hartzekodunen Legea aldatzea. «Pertsona fisikoei eta juridikoei tratu berdina aitortu beharko lieke lege horrek, eta, enpresa batekin gertatzen den moduan, dirurik ez dutela frogatzen duten herritarrei aukera eman zorrak ez pagatzeko». Bestalde, hainbat jabetza bahitzeko ezintasunari buruzko araudia aldatzeko ere eskatu du. «Oso mugatua da, eta ez dago batere ondo arautua. Gure ustez, orokortu egin beharko litzateke», esan du Rodriguezek

Banketxeei so

Banketxeei erreparatu nahi izan diete. Biek salatu dute egungo legearekin komeni zaien bezala joka dezaketela. «Zordunak, ordea, ezin du ezer egin egoera bideratzeko», azaldu du Miguelek. Ez lukeela horrela izan behar esan du Rodriguezek, eta nabarmendu du beste herrialde batzuetan egiten dena hartu beharko litzatekeela eredu moduan. Frantzia jarri du horren adibide. «Han,gaizki egiten dutenagatik erantzun behar dute banketxeek. Frogatzen bada zordunari onartu zitzaizkion kredituaren baldintzak bete ezinezkoak zirela, hipotekaren kontratua baliogabetu egiten da, eta berriro negoziatzen dira baldintzak. Zorraren zati bat barkatzera ere behartu dezakete. Hala, bankuak egindakoagatik ordaintzen du. Azken batean, galtzen ateratzen da».

Bestalde, ulertzen dute bankuak enkantean etxeaeskuratu nahi izatea. Baina ez hasierako prezioaren %60an. «Hori aldatu egin behar da, bidegabea da. Kopuru hori igo egin beharko litzateke, gutxienez %75era», esan du Miguelek.

Politikariei ere erreparatu diete. Miguelek salatu du neurriak berandu datozela. «Bi eta hiru urte daramatzagu arazo honekin, eta ez dute ezer egin. Dagoeneko asko dira etxea galdu dutenak. Zeren zain daude?Jada asko dira etxea galdu duten familiak».

Etxe kaleratzeen kasuan, bankuek egoki jarduteko kode bat du indarreanEspainiako Gobernuak.Baina ez du emaitzarik eman, Miguelen eta Rodriguezen arabera. Oso jende gutxik du horretaz aprobetxatzeko aukera. «Oso-oso baldintza kaxkarretan egon behar duzu», iritzi dio Rodriguezek. Irakurketa orokorrago bat egin duMiguelek: «Arazoa konpondu nahi badute, ez du zentzurik mugak eta trabak jartzeak. Hala izanda, normala da bankuek bat egitea. Jakitun dira oso jende gutxik erabili ahal izango duela aukera hori, eta beraien irudia ez kaltetzeko sinatu egiten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.